GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

himalaia Seimilakoa

Simnang Himalen lehen igoera espedizio ukrainar batentzat

Serhiy Bublik eta Mykola Shymko alpinistek Simnang Himalen (6.251 m) bide berria zabaldu zuten: «Redpoint» (1.200 m, 7a, A3, M6, WI6). Ukrainarrok Manasluko eskualdean dagoen seimilakoa hego-ekialdeko hormatzarretik igo zuten; hori bai, estilo alpinoan.

p040_f01_199x136.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Lerrootako jardun alpinoak badu berezitasunik. Lehenik eta behin, igo gabe zegoen Himalaiako seimilako bat eskalatu delako. Eta, bigarrenik, protagonistok lehen ukrainarrak izan direlako Himalaiako mendi bat estilo alpinoan igotzen.

Bai, espedizio horretan gehien azpimarratu diren bi zutabeak izan dira. Simnang Himal (6.251 m) izan da igotako mendia. Eta protagonistak: Mykola Shymko eta Serhiy Bublik.

Lasai asko esan daiteke seimilako horrek Ukrainako alpinistekin lotura zuzena eta bakarra duela. Hain zuzen ere, duela hamaika urte, 2001ean, Manaslura abiatu zen ukrainar espedizio batek ikusi zuen. Eskualde hartan dago, baina ez zen batere ezaguna eta, horren ondorioz, P2 Peak izena jaso zuen.

Horrela bada, kosta egin da bere jatorrizko izena ezagutzea eta barneratzea: Simnang Himal. Eta kosta egin da ere bere gailurra erdiestea. 2001. urtean, adibidez, herrialde horretako lau alpinistek adierazi zuten tontorra zapaldu zutela, baina Bublikek eta Shymkok baieztatu dute ondoan dagoen beste gailur bat egin zutela.

Hiru urte geroago, 2004. urtean, seimilakoak beste saio bat jaso zuen, eta 2007. urtean ere beste bat. Alta, bietan ala bietan ez zen helburua sinatu.

Joan den urrian, berriz, alpinista ukrainarren ametsa egia bihurtu da. Bublik eta Shymkok osatutako sokadak kanpamendu nagusi aurreratua 4.800 metrora antolatu zuten. Urriaren 19an martxan jarri ziren, eta hego-ekialdeko pareta gainditu ostean, 23an, gailurrera iritsi ziren. Guztira, beraz, bost eguneko eskalada izan zen. Jaitsierak, bestalde, zortzi orduko jarduna eskatu zien.

Alpinistok gogor saiatu zirela ezin da ezbaian jarri, batez ere zailtasun teknikoei begiratzen badiegu. 1.250 metroko marra poltsikoratu zuten, «Redpoint» izena jarri diotena. Hormatzar tentea eta zaila. Eta, jakina, osagai guztiz alpinoak dituena: izotz bertikalari eta arrokan eroria dituen artesiei egin behar izan zieten aurre. Graduazioa honakoa proposatu dute: 7a era librean, A3 artifizialean, M6 mistoan eta WI6 izotzean.

Beste datu bat: 1.250 metroko marra horren zailtasunak iltze gutxi batzuk eta bost parabolt uztera behartu zituen.

Bublikek adierazi duenez, seimilako hori lortu ahal izateko lan eskerga egin behar izan du: «Simnang Himal mendia lehen aldiz 2004. urtean ikusi nuen. Beste mendi bat, Himal Chuli (7.893 m), aztertzera joan ginen. Himalaiara egin nuen nire lehen espedizioa zen. Simnang Himal ikusi eta eskura zegoela iruditu zitzaigun, baina oker genbiltzan. Hala ere, hego-ekialdeko paretan saiatuko ginela erabaki genuen».

Kanpaleku nagusira iritsi eta bost egunera aukeratutako helburuaren aurrean jarri ziren: «Paretaren sarrera 4.800 metrora dago. Couloir bat igo ondoren, lehen zailtasun teknikoei ekin genien; mistoko sekzioak ziren. Ez genuen espero, baina marra oso tentea zen. Aldatsak 60°-70°koak ziren, eta benetako lana egin behar izan genuen. Lehen egun horretan bibakarekin zortea izan genuen; izan ere, oso erosoa izan zen».

Bidearen ezaugarriak ikusita, hurrengo egunek antz handia izan zuten lehenengo jardunarekin. Eguraldi onak zailtasun teknikoak gainditzeko balio izan zien, baina haizeteak agertu eta eskalada korapilatzen joan zen.

«Baldintzak gogortu ziren, eta eskalada are zailagoa egiten ari zen. Hatzak izoztuta genituen, eta zailtasun teknikoak gero eta zailagoak ziren. Bestalde, bibakak antolatzeko komeriak izan genituen. Leku egokirik ez genuen lortu, eta, hala moduz, gauak igaro genituen. Bost eguneko eskalada egin ondoren, gailurra zapaldu genuen. Ondoren, zortzi orduko jaitsiera izan zen. 19.00etan paretaren sarreran ginen», dio Bublikek.

lehena

Serhiy Bublik eta Mykola Shymko ukrainarrek Simnang Himal mendiaren (6.251 m) lehen igoera sinatu zuten joan den urrian.

gogorra

Sokadak hego-ekialdeko pareta tentea zein zaila aukeratu zuen. Bost eguneko jardunean, zailtasun tekniko handiak gainditu behar izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo