GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Serhiy Bublik alpinista

«Himalaiako mendi bat era alpinoan igotzen lehen ukrainarrak izan gara»

Andoni ARABAOLAZA

Itxura guztien arabera, azken urteotan Simnang Himal mendiak erabat harrapatuta eduki ditu alpinista ukrainarrak. Hainbat saiakera egin dira, baina zuek izan zarete azken emaitza borobildu duzuenak. Zer berezitasun ditu joan den urrian igo zenuten mendi horrek?

Aitortu behar dut ez dela egundoko pareta, baina, halere, baditu oso eite interesgarriak: oso ederra da, kokatuta dagoen eremua apenas ukitu den, zaila da hara iristea, igo gabe zegoen mendia zen... Inolako zalantzarik gabe aipatu dudan zerrenda horrek alpinismoaren zutabe garrantzitsuenak jasotzen ditu.

Azkenean, laugarren saioan lortu da. Aurreko espedizioek baieztatu zutenez, paretaren zailtasunak eta eguraldi traketsak ezinezkoak egin zituen gailur aukerak. Gure marra independentea da, eta aurreko saioen marrekin ez da gurutzatzen. Logikoa zein ederra da. Eta hori guztia gutxi izango balitz, oso osagai erakargarriak ditu: zailtasun teknikoa; izotz, elur eta mistoko tarteak; eguraldi nahasia...

Zuk aipatu duzun bezala, osagai oso alpinoak ditu zabaldu berri duzuen marra. Hori ikusita, jakina, eskalatu duzuen estiloaz mintzatu behar dugu. Erabateko garrantzia eman diozue estilo alpinoaren aldeko apustuari. Eskaladaren gidoia ikusita, beste estilo batean eskalatzea hanka- sartzea izango litzateke, ezta?

Hala da. Gu lehen ukrainarrak izan gara Himalaiako mendi bat estilo alpinoan igotzen. Eta, jakina, hori azpimarratu nahi dugu. Alabaina, estilo alpinoaren aldeko apustua kanpamendu nagusian geundenean eta pareta aztertu genuenean egin genuen.

Nire lehentasunen artean estilo hori zegoen. Betidanik estilo alpinoa Himalaian indarrean jartzea helburu izan dut. Eta mendi zein pareta horrek aukera eman dit.

Lhotseren hego pareta alpinoan igo nahi izan nuen, baina senak esan zidan ez zela momenturik egokiena. Jakina, gaur egungo joera nagusiek estilo alpinoa aldarrikatzen dute, eta horrek eragina izan du. Halaber, estilo ezberdin bat probatu nahi genuen. Adibidez, bakarkako estiloan eskalatu dut, baina alpinoan seimilako batean ez.

Ezusteko handiak eman al dizkizue Simnang Himalen pareta horrek?

Jakin badakizu, alpinismoan beti daudela ezustekoak. Pareta bat aztertzen duzunean, plangintza bat egiten duzu, baina behin eskalatzen ari zarenean ia dena aldatzen da.

Eskalatu berri dugun pareta hori gainditu ahal izateko, hiru eguneko jarduna aurreikusi genuen. Eta azkenean gailurra bost eguneko eskaladaren ondoren iritsi zen. Eskalatzen hasi bezain pronto, ohartu ginen aurreikuspen guztiak alde batera utziko genituela. Lehen 300 metroak, adibidez, teknikoki nahiko zailak ziren.

Hasierako aldapak 45°koak izango zirela iruditu zitzaigun eta aurreko egunetan botatako elurteak dena zuri-zuri utziko zuela. Baina paretak beste aurpegi bat erakutsi zigun; gainera, askoz ere, gogorragoa. Aldatsak 60°-90° artekoak ziren, eta elurretan ez, izotzean eskalatu behar izan genuen.

Bestalde, lehen bibaka nahiko erosoa izan zen; gau ona izan zen. Hurrengo bi gauak, aldiz, nahiko txarrak izan ziren. Eta, azkena, gogorra: dendarik gabe, 6.000 metroko garaierara...

Arestian aipatu duzu «Redpoint» bidea logikoa zein ederra dela. Zailtasun teknikoez aparte, esan daiteke segurua dela?

Inolako zalantzarik gabe, eguraldi onarekin marra hori segurua da. Baina jakin badakizu alpinismoan dena erlatiboa dela. Finean, mendi bat da, seimilako bat, eta segurtasuna ezin duzu inoiz kontrolatu.

Oro har, beraz, esan daiteke espedizioa borobila atera zaizuela eta apenas izan dituzuen arazoak.

Emaitza bikaina baino bikainagoa izan da. Hala ere, gure arazotxoak izan ditugu. Ez dakit beste espedizio batzuk nola egingo duten, baina guk, bederen, diru apur bat ateratzeko lan eskerga egin behar izan dugu.

Horretaz gain, tresneria garraiatzerakoan asko negoziatu behar izan dugu zama-eramaileekin. Beraiek oso prezio altuak ezarri nahi zizkiguten, baina, tira, dena konpondu zen. Hori bai, hainbat gauza kanpaleku nagusira eraman gabe geratu ziren.

Behin kanpaleku nagusian geundela, gure buruko minak beste arlo batzuetan zentratu ziren. Ez ziren ekonomikoak, kirol arlokoak baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo