alpinismoa Jarduera
Ezohiko errepikapena Grandes Jorasses mendian
Matt Helliker eta Jon Braceyk Grandes Jorasses mendiko hego aurpegiko «Plein Sud» marra (900 m, VI, WI4+/5R, M6+) igo dute; antza denez, 2010. urtean zabaldutako bide horren bigarren igoera izan da.
Andoni ARABAOLAZA
Aurreko kronika batean aipatu genizuen, udazkenaren hasierarekin batera, Alpeetako hainbat hormatzarretan mugimendua izan dela. Orriotara dakarkizuegun albistea, berriz, jarduera ona bada ere, ezohikoa da. Grandes Jorasses mendian egin da, baina ez bisita gehien jasotzen duen ipar horman. Oraingoan oso basatia den hego isurialdean egin da.
Protagonistak Matt Helliker eta Jon Bracey alpinista britainiarrak izan dira. Eta eskalatu duten bidea: «Plein Sud» (900 m, WI4/5R, M6+). Duela pare bat urte zabaldu zuen laukote italiar batek: Sergio De Leo, Michel Coranotte, Marcello Sanguinetti eta Maro Appinok. Bada, britainiarrek egin duten igoera ziur aski bigarrena izan da.
Aurreratu dugunez, Grandes Jorasses mendiko hego aurpegian jardun dute, eta, alpinistok jakin bazekiten bezala, isurialde horretan izaten diren baldintzak ez dira batere egokiak izaten. Protagonistok ere hori azpimarratu nahi izan dute: «Beste bide batzuekin alderatuta, `Plein Sud' marrak ez ditu baldintza egokiak izaten, eta, jakina, gailurra egiteko baldintza ezin hobeekin egin behar duzu topo. Guri, bederen, eskalada ederra egiteko aukera eman zigun eguraldiak. Bide batez, marra hau zabaldu zutenei eskerrak eman nahi dizkiegu oso paraje eder batean abentura osoa eskaintzeagatik».
Giro beroa
Zazpi orduko hurbiltze bide deserosoa egin ondoren, sokadak bidearen sarreran bibaka egitea erabaki zuen. Biharamunean, azaroan 16an, eskaladari ekin zioten: «Udazkena izateko, bero egin zuen; hots, tenperatura altua zen. Oso goiz hasi ginen eskalatzen; izan ere, ez genuen inolako gogorik denbora guztia eguzkitan igotzeko. Baldintzak ez ziren egokienak, baina, tira, jarraitu genuen. Izotzezko tximinia estuak, izotz delikatua, pareta tenteak, mistoko plakak... Horiexek dira marraren ezaugarri nagusiak».
Berez, bide hori `Tronchey' izeneko ertzetik hurbil amaitzen da; gutxi gorabehera 60 metro beherago: «Bidea zabaldu zuten italiarrek paraboltak jarri gabe eskalatu zuten. Gure asmoa ertz hori hartu eta gailurrarekin lotzea zen, baina segituan ohartu ginen italiarrek zergatik ez zuten tontorra zapaldu; hots, ertzetik luze batera zergatik geratu ziren. Pilatuta zeuden bloke solte ugari zeuden, eta arriskua oso handia zen».
Italiarrek bezala, Helliker eta Braceyk rapelatzeko erabakia hartu zuten: «Etsipen puntu batekin, arratsaldeko lehen orduan, 14.30ean, hasi ginen jaisten. Aitortu behar dugu blai eginda jaitsi ginela, edozein tokitatik ura erortzen zelako. Hiru ordu geroago paretaren sarrerara iritsi ginen. Gailurrik ez, baina oso eskalada gozagarria egiteko aukera izan genuen».
Matt Helliker eta Jon Braceyk Grandes Jorasses mendiko hego aurpegian dagoen «Plein Sud» marraren bigarren igoera sinatu dute
Alpinista britainiarrek tenperatura altuekin eskalatu dute, eta, marra zabaldu zuten italiarrek bezala, ez dute gailurra zapaltzerik izan