GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

zerbait gehiago

Sebastian Sietz buru, Vans Triple Crown itzulian

Hiru txapel eta bi titulu garrantzitsu daude jokoan Triple Crown itzulian, tartean 2012ko titulu mundiala.

p046_f03_148x92.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Urtea amaitzear den honetan txapelketa garrantzitsuak ari dira egiten Hawaiin. Batetik, WCT itzuliko azken txapelketa egitekoak dira datozen egunotan Pipelinen, eta bertan 2012ko munduko titulua nork eramaten duen erabakiko da.

Bestetik, PRIME kategoriako txapelketak ere egiten ari dira, alegia goi mailan dauden 34 lehiakideetatik at, beste edozein surflarik parte har dezakeen maila goreneko txapelketak, eta hau guztia, hiru txapelketek osatzen duten itzuli bakar batean: Vans Triple Crown.

Triple Crown

Hiru txapelketek osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Hawaiiko Oahu uharteko iparraldean dago munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua, North Shore, eta bertan egiten da Triple Crown itzulia.

Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hau osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek PRIME kategoria dute, eta azkena, Pipeline Banzain egiten dena, WCT zirkuituko azken proba da.

Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, noski, garrantzi handia du. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handikoa den Tiple Crown koroa.

Hawaiin egin zuten mundu mailako lehen txapelketa Makahan egin zuten, 1954. urtean, Makaha International Surfing Championship. Garai hartan Waiki eta Makaha ziren Oahu irlako surf gune nagusiak. Azaroan edo abenduan, urtero egiten zuten txapelketa hau eta 1971. urtean munduko txapelketa egin zuten, baina ez zen ofiziala izan.

Taula motzak agertu zirenean olatu zailagoak hartzeko aukera zabaldu zen eta orduan hasi ziren surflariak Makahatik harago, irlaren iparraldeko olatu bortitzetan lehen saiakerak egiten. Oahu irlako iparraldea North Shore izenaz bataiatu eta mundu osoko surflarientzako erreferentzia nagusi bilakatu zen garaia izan zen hura. 1970ean, surflari ororen obsesioa tuboa zen eta Oahu irlaren iparraldean, tuboen paradisua topatu zuten, Pipeline Banzai.

1971n, Fred Hegmmingsek Hawaiian Masters txapelketa antolatu zuen Pipelinen. 1983. urtean, North Shoreko hiru olatu desberdin bilduko zituen zirkuitu bat egitea erabaki zuten, eta horrela sortu zen Triple Crown zirkuitua.

Sebastian Sietz buru

Joan den astean Haleiwako txapelketa egin zuten, Triple Crown itzuliko lehen txapelketa alegia, eta Sebastian Sietz, Kauai irlako surflariak irabazi zuen.

Surflari gazte honek sekulako emaitza lortu zuen; izan ere, txapelketa hau irabaztearekin batera datorren urteko WCT zirkuituan egoteko behar adina puntu bildu zituen. Beraz, munduko 34 lehiakide onenekin lehian izango da datorren urtean. Bestalde, Sietz, aurtengo Triple Crown itzulian lehen postuan jarri zen.

Aritz Aranburuk ere emaitza ona lortu zuen Haleiwan, final zortzirenetan izan baitzen. Baina ez berak, ezta Hodei Collazo zarauztarrak ere, ez zuten zorte handirik izan orain Sunseten egiten ari diren Triple Crown itzuliko bigarren proban; izan ere, lehen txandan kaleratuak izan ziren.

Momentu honetan, esan bezala, Sunseten dira munduko lehiakide onenak, eta honen ostean aurtengo txapelketa garrantzitsuena etorriko da, abenduaren 8an hasi eta 20a bitartean Pipelinen egingo dutena. Bertan bi titulu garrantzitsu izango dira jokoan, batetik 2012ko Triple Crown titulua, eta bestetik aurtengo munduko titulua.

Jensen berriz ere

Iaz bi txapelketako itzulia egin zuten (Italia eta Txina). Jensenek bigarren postua eskuratu zuen bi probetan, baina puntu gehien bildu zituenez, berak lortu zuen munduko titulua.

Moniz eta Williams

Nesken kasuan, lehen postua hawaiiar batek eskuratu du, Tony Moniz surflari mitikoaren alaba Kelia Monizek hain zuzen ere. Bere atzetik, australiar bat, Chelsea Williams

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo