GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Txapelik irabazi gabe ere oso denboraldi onak egin daitezke»

p038_f01_148x280.jpg

Oinatz Bengoetxea

Asegarceko pilotaria

Profesionaletan debuta egin zueneko hamargarren urteurrena ospatzeko modurik onena hautatu du Oinatz Bengoetxeak (Leitza 1984-08-28) eta bere garaipen zerrendako hirugarren finala jokatuko du igandean, Lau eta Erdikoa, falta zitzaion bakarra. Egun handi horren atarian, bere kirol ibilbidearen gainean mintzatu da GARArekin Asegarceko aurrelari nafarra, beti bezain adeitsu.

Jon ORMAZABAL

Ogetako aldagelen kanpoan den marmolezko mahaian, entrenamendu bat hasi aurretik takoak jartzen dituen bitartean, hartu gaitu Oinatz Bengoetxeak.

Aurten bete dituzu hamar urte profesionaletan eta zer hoberik hori ospatzeko horrelako final bat jokatzea baino?

Hala da, berezia da. Urrian bete ziren hamar urte debutatu nuenetik eta neure buruari esan nion, «benga Oinatz ea finalera heltzerik duzun eta hamargarren urteurren hau behar bezala ospatu». Egia esan, oso pozik nago hori lortu izanagatik. Hirugarren finala izango da, aurrekoa buruz buru jokatu nuen, binaka jokatu nuen lehendabizikoa eta orain lau eta erdikoa izango da.

Eta denbora honetan egindakoarekin pozik? Zerbait gehiago edo zerbait gutxiago espero zenuen?

Debutatu nuenean ez nuen ezer espero. 18 urterekin egin nuen debuta, ume bat nintzen eta buruan nuen gauza bakarra ahalik eta mailarik onena ematea zen. Adin horrekin ez duzu txapeletan pentsatzen, urruti ikusten dira, badakizu ze maila dagoen.

Pixkanaka etorri dira gauzak, 20 urtera arte bigarren mailako txapelketak jokatu nituen eta ez nuen zorte handirik izan. Gero binakakoan Ruben Belokirekin debutatu nuen, 20 urterekin, eta hortik aurrera lehen mailan jokatu dut eta pixkanaka aurkari hobeen aurka jokatzen joan naiz. Dagoeneko urte asko daramatzat onenenekin jokatzen eta hori bakarrik gauza handia da niretzat.

Eta zertan aldatu da Oinatz urte hauetan?

Ez dakit. Argi dago aldatu egiten zarela, heldu egiten zara, pertsonalki aldatu egiten zara eta pilotari bezala ere garapen bat izaten duzu. Gogoratzen naiz debutatu nuenean botera asko jokatzen nuela, banekien airera jokatzea oso garrantzitsua zela, asko sartzen nintzen eta askotan huts egiten nuen. Baina halaxe ikasi nuen, huts asko eginez, eta gaur egun argi dago modalitate guztiak, batez ere buruz burukoa eta lau eta erdia, asko aldatu da jokatzeko modua eta moldatu naiz.

Estilo berri hori zure mesedetan edo kaltetan izan dela uste duzu?

Oraingo estiloa niretzat ona da. Aireko joko hori nahiko ondo maneiatzen dut eta pentsatzen dut estilo hau ere niretzat ona dela.

Hiru final, hiru modalitatetan; horietatik zeinetan moldatzen zara hobekien?

Egia esan, buruz buru binaka baino hobeto moldatzen naizela iruditzen zait. Binaka pazientzia handia izan behar da, partidak lasaiago hartu behar dira eta ni nahikoa urduria izan naiz beti. Pilotari askotan ematea gustatzen zait eta buruz buru hobeto moldatzen naiz. Kantxa osoan emaitza hobeak izan ditut, behin txapeldun izan nintzen eta finalerdi asko jokatu ditut eta lau eta erdian aurtengoak dira lehendabiziko finalerdia eta lehen finala. Uste dut lau eta erdia ere egokia dela niretzat, beti gustatu izan zait jokatzea baina buruz buru maila hobea eman izan dut.

Binaka berehala jokatu zenuen lehen finala eta gero sekula ez zara ondoegi aritu...

Binaka urte osoan zehar jokatzen dugu, eta egia da ez dudala txapelik irabazterik lortu. Behin finalean izan nintzen, baina baditut udako torneo kuadrilla bat eta pentsatzen dut ondo moldatzen naizela. Oso txapelketa luzea izaten da eta agian kostatzen zait, konstantzia hori falta izan zait binaka aurrera joateko, baina aurrelari bezala binaka ere gustura jokatzen dut.

Lau urte pasa dira azken finaletik; denbora askotxo dirudi, baina sekulako maila dago, ezta?

Nik ere hori pentsatzen dut. Argi dago maila ikaragarria dagoela eta pilotari asko daudela hor goran borrokan ibiltzen direnak. Argi daukat, aspalditik gainera, ongi jokatu eta prestatuta ere, oso zaila dela final batera heldu eta txapel bat borrokatzea eta horixe pasatu zait. Buruz buru, txapeldun geratu eta gero, urtero Aimarrek edo Irujok eliminatu naute. Uste dut urte guztietan hala izan dela. Bi izarrak eurak dira, azken urteetan aldea markatu dute eta hala erakutsi dute. Lau eta erdian beste pilotari asko daude oso ongi moldatu direnak. Dena dela, ni oso pozik nago egiten ari naizen kirol ibilbidearekin, batzuetan aurrera eta besteetan atzera.

Inoiz egon al da halako mailako hainbeste pilotari?

Maila ikaragarria dago, pilotari asko daude txapela baten atzetik, aukerak dituztenak, eta hori oso ona da. Niretzat ere pilotari on hauekin jokatzea eta beraiekin aritzea oso ona da.

Agian txapelei garrantzi handiegia ematen diegu, beste gauza asko ahaztuta?

Ba, agian bai. Noski, txapel bat irabaztea sekulakoa da, baina hankak lurrean izan behar dira eta oso zaila da. Pilotari oso onak daude eta nik uste denboraldi onak egin daitezkeela txapelik irabazi gabe.

Aurreko batean esan zenuen finala sari bat dela, ez dela txarra balitz bezala hartu behar. Horrenbesterainokoa izaten da presioa?

Norberak jartzen du bere presioa. Mediatikoki-eta oso partida garrantzitsuak dira. Final bat jende askok ikusten duen partida bat da, baina gauza guztiak modu askotara ikus daitezke. Nik, egia esan, egin dudan txapelketa polit honetan momentu txarrak asko izan ditut, sufritu egin behar izan dut eta aurrera egitea lortu dut. Pabloren aurkako finalerdia adibidez oso partida polita izan zen niretzat; oso lasai hartu nuen, ondo atera zen, eta finala ere horrela hartu behar dudala iruditzen zait, opari bat bezala. Dena eman behar dudan partida bat da, sari ikaragarria da, baina jakinda aurrean izango dudana sekula izan den pilotaririk onenetako bat izango dela. Halere, ni ilusioz eta itxaropentsu nago.

Zeintzuk izan dira une zail horiek?

Partida askotan momentu txarrak izan ditut, esaterako, Leitzan Xalaren aurka. Konpromiso askoko partida zen, Leitzan bertan, neure jendearekin. Sekula ez nuen Leitzan txapelketako partida bat jokatu, aspaldian bertan arituta gabea nintzen... oso berezia izan zen, neure buruari presio pixka bat sartu nion. Gero, Xalak partida oso ona egin zuen eta estutasun handitan jarri ninduen eta mentalki asko sufritu nuen partida bat izan zen. Sekula frontoi batean gehien sufritu dudan partida izan dela uste dut, irabaztea lortu nuen eta finalera iristeko oso garrantzitsua izan da.

Liberazio moduko bat izan zen hura irabaztea?

Bueno, Arretxeren aurkako hurrengoa ere ez zen oso lasaia izan. Iker oso ondo heldu zen, partida oso onak egin eta gero, konfiantza handiz, eta hura ere konpromisozko partida izan zen niretzat. Irabaziz gero, lehen aldiz finalerdietara eta, egia esan, lehen zatian bera oso fuerte hasi zen, 7-1 joan zen irabazten, une txar bat izan zen, baina asmatu nuen buelta ematen, gogor egon nintzen, eta gerorako konfiantza eman zidan.

Eta hedabideetan-eta zuri buruz esaten direnak jarraitzen dituzu?

Normalean ez. Prentsa oso gutxi jarraitzen dut, irratia ere apenas eta gainera nahikoa harro nago horretaz, azkenean eragin egiten dizu eta. Zure izena irratian eta telebistan entzuteak, zutaz ari direla jakiteak eragin egiten dizu eta uste dut kalte egiten dizula. Guzti horretaz oso aparte egoten naiz.

Baina gaur egun, horrenbeste komunikabide, Internet eta abarrekin, posible da aparte mantentzea?

Internet eta antzekoak ere ez ditut gehiegi jarraitzen, eta noski posible dela aparte mantentzea.

Bengoetxeatarrena tradizio handiko familia da pilota munduan. Oinatzek derrigor izan behar zuen pilotaria?

Sekula inork ez dit esan zuk pilotaria izan behar duzu; nire gauza bat izan da. Txikitatik afizio handia izan nuen. Familia pilotaria izan da, baina ez dut sekula presio txikiena ere sentitu, nire osabak-eta pilotariak eta izan direlako.

Baina aholku onik ez zitzaizun sekula faltako...

Ez noski, baina azkenean mutiko bati utzi egin behar zaio bere kasa ikasten; gauza onak eta txarrak egin behar ditu. Aholkuak-eta ondo etortzen dira, baina nik uste dut ona dela bakoitzak bere bidea izatea. Zaletasuna baldin badu, orduak sartuko ditu eta, ordu asko sartzen baldin baditu, aukera gehiago izango ditu aurrera egiteko.

Asier Garcia botileroa ere lehengusua duzu...

Oso pozik nago berarekin, ahalegin ikaragarria egiten du nirekin, entrenamendu guztietara etortzen da, asko gustatzen zaio berari ere pilota, afizionatuetan-eta aritutakoa da. Baina esan beharra dago botilero lana oso-oso gogorra dela. Niri bi edo hiru aldiz tokatu zait halako lanen bat egitea eta niretzat ez dut nahi. Bera oso gustura ibiltzen da, asko laguntzen dit eta txapelketa honetan ere hala izan da.

Kantxan baino gehiago sufritzen da aulkitxoan?

Nik uste dut baietz. Azken finean pilotaria da tantoak egin eta tantoak galtzen dituena, baina botileroarentzat ere presioa izugarria da, momentu horietan nirekin egotea eta bere hitzak ere oso garrantzitsuak izaten dira. Berak nahiko lasai hartzen du eta oso botilero ona dela iruditzen zait.

Eta finalari begira, Aimar Olaizolak gaindiezina dirudi, pentsatu duzue nondik eraso diezaiokezuen?

Bueno, aztertu bai, baina ez dakit, argi dago bera hutsunerik ez duen pilotaria dela. Oso-oso konpletoa da, erabateko pilotaria. Irabazteko aukerak? Pentsatzen dut baditudala, baina galtzekoak ere asko. Argi dago bera ikaragarrizko maila ematen ari dela modalitate guztietan eta bereziki lau eta erdian. Azken txapela gehienak berak irabazi ditu eta hori zerbaitegatik da, nik uste oso momentu onean dagoela.

Hamar urte dira lehen txapela irabazi zuela eta aurtengoa seigarrena izan dezake...

Horrek bakarrik asko esaten du. Bi belaunaldi izan dira hor tartean eta azken urteetan bera izan da txapeldun. Aurreko belaunaldikoekin hasi zen txapelak irabazten eta oraingoarekin ere asko erakusten eta irabazten ari da. Lau eta erdian pilotari ikaragarria da, sekula izan den onena agian.

«Pilota utzitakoan Himalaiako eta Peruko mendietara joan nahi nuke»

Lehiaketak sortzen duen presio guztitik ihes egiteko, mendia du Oinatz Bengoetxeak ihesbiderik nagusienetako bat. Pirinioak oso ondo ezagutzen ditu Leitzakoak, eta datorren igandean jokatuko duen finalak sortutako zurrunbilotik ihes egiteko, bertan pasatu du asteburua Asegarceko pilotariak, neska lagunaren eta beste zenbait lagunen konpainian. Denbora libre gehiago izango balu, argi dauka non pasako lukeen asti hori.

Mendiarekin beti izan duzu harreman oso berezia. Horrela izaten jarraitzen du?

Bai, ahal dudanean joaten naiz Pirinioetara. Alpeetara ere bidaiatxo batzuk egiten ditut ahal dudanean, astebete-edo jai izaten badugu, Salvak uzten didanean -Asegarceko kirol zuzendaria, Salva Bergara, aldamenean da elkarrizketa entzuten- joaten naiz pixka bat mendian ibiltzera, leku berriak ezagutzera.

Hala ere, aukeran, nahi baino gutxiagotan?

Niregatik balitz, urtero hilabete inguru hartuko nuke eta mendietara joango nintzateke. Nire ametsetako bat da pilota ibilbidea bukatzen dudanean munduko mendi politenak ikustera joatea, baina orain ezin dut. Horretarako denbora asko behar da; gutxienez hilabete behar izaten da mendi dotore horiek ikusteko eta orain hilabete bat ateratzea zaila da.

Eta nora joango zinatekeen erabakita daukazu?

Betidanik daukat Himalaia aldera joateko ametsa, hango mendiak ikustera eta inguru horiek ezagutzera, baita Perura ere, Andeetara. Peruko mendiak oso oso bereziak dira niretzat, ez naiz bertan sekula izan, baina Internetez-eta asko ezagutzen ditut. Oso mendi bereziak dira eta denbora dudanean saiatuko naiz amets horiek betetzen. Jon ORMAZABAL

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo