Josebe Egia
Normalizazio uste arriskutsua
Euskaraz bizi nahi dut» sentimendua eta helburua, amets batez harago, nork bere barrenetik atera eta beste milaka lagunekin batera kalera ateratzeko deitu zuten joan den zapatuko manifestazioa, Donostian. Ez zegoen aitzakiarik; egun eguzkitsua, euri-tantarik gabea, haize zakarrik ez, abenduari dagokion hotza, hori bai, baina egun zoragarria Donostiako kaleetan euskararen alde harro ibiltzeko.
Eta ibili ginen. Jende euskalduna bildu ginen, haur, gazte eta heldu, agure ere bai, baina, egia esateko, nik gehiago espero nuen, alegia, euskaldun gehiago. Euskara maite eta berezko hizkuntza dugunok, edota berezko izan barik bere egin duen edo egin nahi duen jendea, askoz gehiago garelako, herri honetan bestelako hainbat eta hainbat ekimenetan sarri erakutsi dugun bezala. Bi urterik behin, adibidez, Korrikak argi uzten du lau katu baino gehiago garela; maite egin behar da euskara, bene-benetan babestu eta bultzatu, Korrika moduko erokeria zoragarri bat egitea eta ondo egitea lortzeko. Egunerokoan, Donostian bildutakoak baino askoz gehiago gara euskara erabiliz, ahal den guzti-guztietan, ahal den guzti-guztiekin, bizi garenok.
Agian horregatik, ez dagoelako antzinako zuzeneko eragozpen, debeku eta zigorrik, ez dagoelako euskaraz berba egin eta segituan zaplaztekoa emango dizunik, senti daiteke erabat normalizatua dagoela hizkuntza eskubidea. Baliteke horregatik pentsatzea batek baino gehiagok egun ez dela zentzuzkoa halako manifestaziorik deitzea, ez dela beharrezkoa «euskaraz bizi nahi dut» ozenki esaten ibiltzea.
Beti iruditzen zait euskarak eta berdintasunak, xede gisa, antzekotasun handi-handia dutela horretan: normalizazio sentsazioan. Emakumeok ama eta etxekoandre hutsak izateari utzi genionetik, lan-mundura jauzi egin eta bestelako esparruak irabazi genituenetik, duela ez horrenbeste pentsaezinak ziren bizimoduak egin ditzakegunetik, emakume eta gizonen arteko berdintasuna ziurtatuta duen jendartean bizi garela uste dugu. Ikusten dizkiogu zenbait arazo, indarkeria batik bat, edo erabat gainditu gabeko zenbait alderdi, abortuarena, kasu, baina kalera atera edota egunerokoan borrokatzeko moduko ezer larririk ez. Argi ikusten da hori emakumeon aldeko ekimenetan, azaroaren 25ero, adibidez, biltzen den jendea ez baita jendetza izaten, ez baita gizon gehiegi ikusten. Badirudi berdintasuna, euskara bezala, emakumeon erronka eta eskakizuna dela, jendartearen zati baten borroka.
Egia da kalera atera eta egun osoa manifestaziotan emateko arrazoiak sobera ditugula, milaka gauzaren alde eta kontra. Egia da garrantzi handiagoa duela manifestazio batean egoteak baino eguneroko jokabide eta jarrerak. Baina gaurkoan bezala, egun zehatzetan, bereziki adieraztea, jendartearen beste zatiari begira, ustezko normalizaziotik egiazkora iristeko badela egiteko asko eta horretan gaudela nahitaezkoa dugu. Batik bat, geure burua ez engainatzeko eta poliki eta ia sumatu barik ez diezaguten ken borrokatuz eta tinko eutsiz irabazitako guztia.