GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Miren Amurizak zuzeneko txartela parekidea izango den finalerako

Miren amurizak eskuratu zuen atzo Bilboko finalerako azken txartel zuzena. Gernika-Lumon jokatu zen finalaurrekoetan azkena eta, Amurizaz gain, Iratxe Ibarra ere igo zen finaleko trenera. Abenduaren 15eko Bizkaiko finalak tasun oso berezi bat izango du; parekidea izango da.

p048_f02.jpg

Amagoia MUJIKA

Finalaurrekoetan azkena jokatu zen atzo Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan. Jendetsua izan zen, 850 lagun inguru batu ziren, eta saioak bazuen lasterketek bukaerako metroetan izaten duten tentsioa eta xarma. Pena izan zen hotzak behar baino protagonismo handiagoa hartu zuela. Bertsolariek hotza pasatu zuten eta bertsozaleek ere bai.

Puntutan aurreko bi finalaurrekoak baino beherago joan zen atzokoa eta zerrendan zain-zain zeuden bertsolariek eskertu egingo zuten. Atzoko saiotik Miren Amurizak eta Iratxe Ibarrak lortu zuten finalerako txartela. Eta atzo zer gertatuko zain zeuden Jone Uria eta Onintza Enbeita ere finalean izango dira azkenean. Lau gizonezko eta lau emakumezko arituko dira abenduaren 15ean Bilbon. Final parekidea, gauzak aldatzen ari diren seinale, zalantzarik gabe. Eta, atzo, Gernikako saioa amaituta, hitzetik hortzera entzun zen kontua.

Miren Amurizak pilatu zuen atzo puntu gehien, nahiz eta atze-atzetik segitu zion Iratxe Ibarrak. Hasieratik sumatu zen Miren Amurizak oso garbi zuela atzokoan zein zen helmuga eta zein bertara iristeko bidea. Bertsoz bertso marraztu zuen lehen tokiraino eraman zuen bidea.

Zortziko nagusia

Zortziko nagusian Joseba Artza eta Beñat Ugartetxea izan ziren lehenak. Hilabete barru guraso izan behar eta ohean zeudela, bizilagunen umearen negarrek esnatu zuten bikotea. «Bikote legez eman beharra dagoenez hainbat pausu/ guraso izan gaitezen benga animau ginen ni ta zu/ etorri hona tripa haundi hori arren emaidazu musu/ hain zuzen gure etorkizuna maitea entzuten hau duzu», hasi zen Artza. Arratsalde osoa umoretik josi zuen batez ere Joseba Artzak, eta kolpe ederrak eman zituen. Hauxe Ugartetxearen erantzuna: «Nahiz eta batzuk esan didaten izango zara esklabo/ jaiotza horri itxoiten egin zait denbora luzeago/ hamar bat ordu lo egitea nahiz ta nahi nuen lehenago/ gure etxean gertatu dadin jada itxaroten nago». Ugartetxea makulu parearekin igo zen oholtzara, ebakuntza batetik pasatu berria baita. Bere makuluek ere joko dezente eman zuten ariketa desberdinetan. Bitxikeriak bitxikeria, saio oso polita egin zuen Ugartetxeak. Hamarreko txikian, esaterako, benetan ale politak utzi zituen, Miren Amuriza bertsokide zuela. Urteetan aurrera doazela, desberdin ikusten dute bizitza Ugartetxeak eta Amurizak; bat atzera begira bizi da, bestea, aurrera begira. Hauxe, Ugartetxearen hirugarrena: «Ba nik aspaldi samar nuen desesperau/ urte batzuk baditut ez hiru edo lau/ ikuste ez den makilak gogor astintzen nau/ lorik egin ezinik astean zazpi gau/ heriotzak bakarrik konpon lezake hau». Azkenean, finalerako txartela ez zuen lortu, baina bai hurrengo Euskal Herrikoan aritzeko txartela. Bizkaiko lehen hamarrak arituko dira datorren urteko Euskal Herrikoan. Alegia, finalistez gain, Oihana Bartra eta Beñat Ugartetxea.

Amuriza, langile fin

Atzoko saiora bueltatuz, Miren Amurizak lan handia egin zuen ariketaz ariketa. Zortziko nagusian Ibon Ajuriarekin aritu zen. Aste honetan Gabonetako paga kobratuko dutela jakin duten bi funtzionarioren ahotik jardun zuten. «Harriduragaz ikusi neban egunkariko argazkia/ baikortasunez jantzi nahi dabe bizi dogun sarraskia/ extra txiki bat jaso ta eskerrak eman behar doguz ia/ jakin nahi neuke non sartu daben lehen kendutako guztia», hasi zen Amuriza. Eta, Ajuriak, erantzun: «Funtzionariok ja euki dogu abendurako ikara/ ta diru barik gura euskuen antza gobernutik laga/ ta soldataren ehuneko zazpi ta hortaz jabetu gara/ paga extra hori ez da opari bat gure eskubidea da».

Amurizak goitik jarraitu zuen ariketa guztietan eta kartzela ere ondo josi zuen. Hauxe zuten kartzelako gaia: Danbatekoaz atea itxi eta bazoaz. Ez dakizu bueltatuko zaren. Gehienek hautsi berri den bikote harreman bat irudikatu zuten. Miren Amurizaren bigarrena, hauxe: «Sartu orduko nabaritu dot mutila oso arraro/ ta esan deusta Mirentxu zeozer kontau beharrean nago/ zapatu gabaz ibili nintzen lagunekin tragoz trago/ neska bat gero ta hurrago/ etorri zan ta akabo/ parkatu Miren, parkatu Miren, nire buruan hau dago/ baina hoba hori pentsatu baleu hura egin baino lehenago».

Kartzelakoa desberdinen Peio Ormazabalek josi zuen. Benetan dotorea izan zen bere kartzelakoa. Hauxe, lehena: «Errepublikak lortu ei ditu horrenbeste marabilla/ lurraldeotan argi daukagu zutik mantendu dadila/ amari muxu eman diot ta isuri du malko pila/ esku batean motxila daukat eta bestean fusila/ etxetik irten eta eman dut danbateko bat isila/ beldurrez bezain gustura noa askatasunaren bila», abestu zuen miliziano baten ahotik.

Iratxe Ibarrak kartzelakoan konpondu zuen arratsaldea. Ariketa askotan falta izan zitzaion brilloa kartzelakoan lortu zuen. «Gurea uste neban izango genduala betirako/ azkenaldian halan da guzti izan da nahiko teatro/ bera nahiko lotsabako nigaz portatu dalako/ marra hementxe ipiniko dot ta egingo deutsat planto/ maleta hartu ta bapo/ agur esan deutzat alto/ Iratxe jada kokoteraino jarrita dagoelako», hasi zuen kartzelakoa.

Hurrengo hitzordu handia, abenduaren 15ean Bilbon.