GARA > Idatzia > Euskal Herria

Murrizketarik gabe Nafarroa «amildegira» doala esan du Barcinak Abenduaren 3an

Azken urteotan gertatu den bezala, instituzioen zein herritarren ospakizunak izan dira Nafarroaren Egunean. Lehena murrizketak justifikatzeko erabili dute. Bigarrenak, aldiz, Nafarroako Erresuma ekarri du gogora.

p016_f02_6959.jpg

GARA | IRUÑEA

2012. urteko Nafarroaren Egunak -Xabierko Frantziskoren egunak, alegia- ez du ospakizun kutsurik izan ekitaldi instituzional garrantzitsuenean. Izan ere, Yolanda Barcina Gobernuko presidenteak etengabe ezartzen ari diren murrizketak justifikatzeko erabili du bere hitzaldia. Nafarroako Urrezko Domina ematearekin batera zera esan du: «Ia esparru guztietan ezarri behar dira murrizketak eta hori agintean dagoen edonoren nahiaren kontra doa. Horregatik mingarria izaten ari da, baina botika garratz hori hartu behar dugu, epe erdira egoera honetatik atera ahal izateko».

UPNko buruzagiaren ustetan, kontrakoa egitea «arduragabekaria itzela» izango litzateke eta Nafarroa «amildegira» eramango luke. Hori dela eta, «herritar guztiak arduraz jokatu behar dute», gaineratu du Barcinak.

Abenduaren 3an banatu ohi den Urrezko Domina Nafarroako Unibertsitate Publikoari eman diote aurten eta, hala, Julio Lafuente errektoreak hartu zuen hitza ekitaldi horretan. Hark ere murrizketak izan zituen hizpide, zeharka bada ere, Barcinaren aurrean unibertsitateak jasotzen duen euro bakoitzeko 1,7 euro aterarazten duela esan baitzuen.

Gainera, krisi garaian ere «berdintasuna babestu behar da -esan zuen Lafuentek-, eta ez bakarrik formalki, baliabideak lortzeko tenorean baizik. Gizarte demokratiko baten ezinbesteko baldintza da, gizakiak abiatutako zibilizazioaren bidean atzera egin nahi ez bada».

Mugarria Gazteluko plazan

Guztiz bestelakoa izan zen Gazteluko plazan egindako ospakizun herrikoia. Orreaga Fundazioak urtero antolatzen duen Nafarren Biltzarra jaia hasi aurretik, 1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak mugarria jarri zuen, Iruñeko Gaztelua zegoen tokia «betiko» seinalatua gera dadin. «Iruñeko Udalean eskaera formal bat aurkezteko asmoa daukagu», azaldu zuten.

Dagoeneko, hogei gaztelu baino gehiago ahanzturatik atera ditu ekimen honek. Iruñeko hau «1512an Gaztelako Armadak suntsitu zuen, Gaztelako Erresumaren Santiago gaztelua eraiki ahal izateko», gogoratu zuten. Plazaren beste aldean kokatu zuten hau, Fernando Katolikoaren aginduz.

Nafarren Biltzarraren edizio berri honek Euskalerria Irratia omendu zuen, euskararen alde 25 urte hauetan egin duen eta egiten jarraitzen duen lanagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo