Iñaki Zabaleta, Arantza Gutierrez, Nikolas Xamardo, Itxaso Fernandez, Jose Ramon Etxebarria UPV-EHUko irakasleak
UPV-EHU berritzeko zazpi ardatz
UPV-EHU, erakunde modura, gizarteko arazo nagusietatik urrundu egin da eta ez du jokatu aktore eragile eta instituzional garrantzitsu modura
UPV-EHU unibertsitateak bere eredua eta jarduera berritu eta errotu beharra daukala uste dugu eta, horren harira, zazpi ardatz aurkeztu nahi ditugu, gogoetarako bide eman dezaten. Izan ere, lehendik zetorren unibertsitatea adindua dago eta Boloniako prozesua erreferentzia modura hartuta orain eraikitzen ari direna jadanik aldatu eta egokitu beharra dago hainbat alorretan.
Euskararen ardatza. UPV-EHU unibertsitateak euskararen aurrean bi plan behar ditu, bat barrura begira eta beste bat Euskal Herriko beste unibertsitateei begira. Barrura begirakoa izan badago, eta emaitza franko lortu ditu, baina oraindik sendoago jokatu behar da, euskara unibertsitateko hizkuntz propio eta egunerokoa bihurtzeko. Kanpora begira, beste unibertsitateekin (batez ere publikoekin) sinergia berriak garatu behar dira euskara indartu eta zabaltzen.
Unibertsitate-sistemaren ardatza. UPV-EHU unibertsitateak, Euskal Herriko beste unibertsitateekin batera (publikoekin nagusiki), proiektu eta jarduera asko landu beharko lituzke elkarlanean: euskara alor guztietara eramaten; jakintza (irakaskintza eta ikaskintza) trukatzen; dozentzia hobetzen; ikerkuntzan unibertsitate-arteko talde zientifikoak eta proiektuak garatzen; arte eta kulturaren sorreran elkarlana bultzatzen; kultur jarduerak unibertsitatez unibertsitate eramaten eta plazaratzen; eta unibertsitate desberdinetako ikasle, irakasle eta langileen arteko harremanak eta komunikazioa areagotzen, batez ere komunean dituzten gaietan.
Alabaina, UPV-EHU unibertsitateak, gure ustean, ez du ia harremanik landu eta garatu Euskal Herriko beste unibertsita- teekin, batez ere publikoekin. Eta Euskal Herria diogunean euskara bere duten zazpi probintzien herria esan nahi dugu, ez gaztelaniazko itzulpenean oinarritzen den hiruko erregioa.
Ikasle presoen ardatza. UPV-EHU unibertsitateak, oraingoz eta salbuespenak salbuespen, ez du ahal dezakeen guztia egiten ikasle-preso eta preso-ikasleek unibertsitate-ikasketak bertan duinki egin ahal ditzaten. Pertsona horien formakuntzarako oinarrizko eskubidea ez da errespetatzen. Horregatik, bi ikasle mota horien aurrean konpromiso sendoa hartu beharko luke; etengabeko lana egin; interpelazio zuzena bideratu dagokien erakundeei; eta ahalbide guztiak jarri ditu diskriminazio politiko hori deuseztatzeko.
Normalizazio politikoaren ardatza. Tamalez, Euskal Herrian gertatzen ari den normalizazio politikoaren prozesuan, UPV-EHU unibertsitateak, erakunde modura, ez du inolako protagonismorik izan, ez da aktore eta eragile instituzional bihurtu, eta bere agintariak ez dira agertu momentu eta toki garrantzitsuetan. Alor honetan irakasle, langile eta ikasleek egin eta egiten dituzten ekintza eta jarduerak, partikularrak dira. Horregatik, plangintza eta estrategia instituzional eta ofizial zehatza landu beharko litzateke normalizazio politikoaren bidean, UPV-EHU unibertsitatea eragile garrantzitsu bat izateko, bai hemen eta bai nazioarte mailan.
Emakumearen ardatza. UPV-EHU unibertsitateak bultzatu egin behar du emakumeen lan zientifikoaren ikusgarritasuna -bai historian izandako papera, baita gaur egungoa ere-. Halaber, emakumeen jabekuntzarako eremu berezia eskaini behar du. Hori dela eta, formen inguruko berdintasunaz gain, emakumeen eta gizonen promozioa parekotasun-baldintzetan izan dadin aurrerapauso sendoak eman behar ditu unibertsitateak, kuoten politiketatik haratago, emakumeek esparru erabakigarrietan parte har dezaten.
Krisi ekonomikoaren ardatza. Alor honetan UPV-EHU unibertsitateak anbiguetatez eta iluntasunez jokatu du, Gobernuari interpelaziorik egiteko gaitasunik gabe eta plan alternatiborik prestatu gabe. Murrizketa ekonomikoak, oso garrantzitsuak izanik, ez dira krisi honek ekarri dituen edo ekar ditzakeen ezbehar nagusiak. Izan ere, dozentzia eta ikerkuntzaren kalitatea gutxitzeko eta txikiagotzeko arrisku handia dago. Ondorioz, dozentzia eta ikerkuntzaren kalitatea eta garapena bermatu eta onura eta kalte ekonomikoen banaketa proportzionala hobetsi beharko litzateke.
Zazpigarren ardatza, berezko jarduera. Unibertsitatea merkantilista bihurtzen ari da Boloniaren ereduari jarraiki eta eredu honek zuzen jotzen ditu ikaslea, irakaslea, zerbitzu-langilea eta erakundea.
Ikaslea, Boloniak promes egiten zuen modura, ez da bere formakuntzaren protagonista, ikasketa-plangintza itogarri baten morroi eta zerbitzari baizik. Gure ustean, ikasleak, formakuntza integrala jasotzeko, hainbat jarduera landu beharko lituzke: ikasle (ohikoa), ikertzaile, irakasle, ebaluatzaile eta herritar arduratsua izatea. Gainera, ezin da onartu ekonomia dela kausa ikasleak gradu eta graduondoko ikasketak egin gabe gelditzea eta berriz ere klasismoa sortzea.
Irakasleak, dozentziari dagokionez, kudeatzaile eta teknikari bihurtzeko arriskua dauka, bere berezko unibertsitate-nortasuna galduz; alegia, jakintzaren sortzaile eta partekatzaile eta gizarteko auzi nagusietan ahots aditu eta konprometitua izatea.
Zerbitzu-langileak, gure iritziz, neurri batean baztertuta gelditu dira Boloniak ekarri duen unibertsitate eredu teknokrata, komertzial eta konpartimentalizatu honetan. Langile hauek garrantzi handiagoa hartu behar dute alor guztietan, beraien esku baitago neurri handi batean unibertsitatearen funtzionamendu zuzena.
Azkenik, UPV-EHU, erakunde modura, gizarteko arazo nagusietatik urrundu egin da eta ez du jokatu aktore eragile eta instituzional garrantzitsu modura. Horregatik, gure unibertsitate-proiektu errotu honetan, erakundeak parte zuzen eta ofiziala hartuko du Euskal Herriko gai eta auzi funtsezkoetan.