GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bakea nahi duenak bakea prestatu beharko luke

Habanan FARCeko eta Kolonbiako Gobernuko ordezkariak negoziazio mahai batean eseri dira, herrialde hartan hamarkada luzez indarrean dagoen gatazkari irtenbide bat emateko. Bi aldeek badakite ez dela bide erraza izango, eta, egun bizi duten egoeraren gordintasuna islatzeko, elkarrizketak su-eten egoerarik gabe abiatzea erabaki zuten. Hala ere, gerrillak heldu den urtarrilaren 20 arteko su-etena iragarri du, bakea lortzeko duen borondatearen adierazle. Baina beste aldeak, Juan Manuel Santosen Exekutiboak, alegia, ez du ematen negoziazioei borondate berarekin heldu diela. Izan ere, atzo azaldu zutenez, iragan igandean FARCeko kanpamentu baten kontra eginiko bonbardaketan hogei lagun inguru hil zituen Kolonbiako Armadak, horien artean, taldeko buruzagi bat. Gainera, Armadako buruzagi batek iragarri zuen mota honetako erasoek bere horretan jarraituko dutela, eta kontent azaldu zen eragindako triskantzarekin.

Egia da elkarrizketak abiatzeko baldintzen artean ez zegoela aldeen armak isiltzea, baina egia da ere horrelako erasoek, konpondu ezinezko ondorioak eragiteaz aparte, ez dutela batere laguntzen mintzakideen arteko konfiantza sendotzen. Santosen Gobernuak, benetan bakea nahi badu, jakin beharko luke bakea nahi duenak bakerako prestatu behar duela, nahiz eta esaera zaharrak kontrakoa esan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo