Pasaiako kanpo portuari buruzko inkesta eginen dute Ipar Euskal Herrian
GARA | HENDAIA
Pirinio Atlantikoetako prefet Lionel Beffrek Hendaiako auzapez Jean-Baptiste Sallaberryri jakinarazi dionez, «herri-onurari buruzko inkesta laster antolatua izan da espainiar agintariek emandako dokumentuetan oinarrituz». Hendaiako ACE elkarteak eta ingurumenaren aldeko CADE kolektiboak kontsultan parte hartzera dei egin dute.
Estatu espainoleko agintariek mugaz gaindiko ingurumeneko eraginaren txostena igorri berri dute, Pasaiako kanpo portuaren inguruko Zuzendaritza Plangintzari buruz galdeketa egin ahal izateko.
Herri-onurari buruzko inkesta horrek gizarteari ematen dion aukera profitatzearen garrantzia ere nabarmendu zuten kolektiboek. «Ikerketa hau superportuaren egitasmoak dakartzan ingurumen hondamendiak agerian uzteko baliatu behar da», azaldu zuten.
Prefetak ekimen administratibo horri buruzko informazioa Hendaiako auzapezari igorriko diola ere jakinarazi du.
Erantzunik ez
ACEk eta CADEk prefetari gutun bat igorri zioten Pasaiako portuari eta inkesta publikoari buruz informazioa eskatuz, baina prefetak ez dio elkarteen eskaerari erantzun.
Hala ere, auzapezari igorririko informaziotik abiatu dira azken berriak emateko eta eta deialdia gizartera zabaltzeko.