Durangoko «lip dub»-aren «izaera politikoa» nabarmendu du Herrirak
M.P | BILBO
Larunbat honetan Durangon egingo den lip dub «erraldoi eta nazionalari» azken zertzeladak eman zizkion atzo Herrira mugimenduak.
Ibon Meñika bozeramaileak adierazi zuenez, lip dub-a «mobilizazio eredu berria da, alaia eta koloretsua, baina mobilizazioa azken finean, hau da, presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzea du helburu. Betiko helburua, erreminta ezberdin eta berriekin».
Meñikak adierazi zuenez, Durangoko alde zaharreko kaleetan 6.000 pertsona batzea litzateke helburu nagusia. Parte hartzaile horiek hiru mailatan banatuko dituzte larunbatean: «Kameraren aurrean esaldiak botako dituztenak, karakterizatuta agertuko diren guztiak, eta azkenik, eta garrantzitsuenak, Durangora gerturatzen diren norbanako guztiak».
Kirolaren, musikaren eta ikuskizunaren munduko izen nabarmen ugarik eman diote dagoeneko atxikimendua ekimenari.