GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

superprestigioa

Bonebeltxe eta Etxeberri izan dira final-laurdenak jokatzeko txartelak lortu dituzten lehenengoak

J.L.

Bonebeltxek eta Etxeberrik lortu zuten atzo Superprestigioko final-laurdenak jokatzeko txartela, eta biak, gainera, elkarren aurka jokatu beharko dute hilaren 17an Donibane Garazin.

Bonebeltxek ezustea eman zuen Harizmendi mendean hartuta. 31-40 irabazi zuen 68 minutuan pilotan aritu ostean. Norgehiagoka oso ona izan zen, bi pilotariek maila oso ona eman baitzuten. Hasieran Harizmendi aurretik jarri zen, baina gero Bonebeltxek berdintzea lortu zuen. Ondoren, berdinketa ugari izan ziren, baina azken hogei kintzetan aldea ateratzea lortu zuen garaipena lortu zuen pilotariak. Amaieran ezustea izan baldin bazen ere, ongi merezita lortu zuen garaipena.

Markagailuak honakoa honela joan zen: 3-0, 3-3, 5-5, 9-9, 13-14, 16-16, 17-17, 17-26, 18-30, 28-33, 28-37, 31-39 eta 31-40. Saketik 12 kintze egin zituen Bonebeltxek, eta horren erdia Harizmendik. Jokoan 24 tanto egin zituen irabazleak, eta 19 galtzaileak. Sei galdu zituen Bonebeltxek, eta bi gutxiago, berriz, Harizmendik.

Bigarren finalerdiak ez zuen zerikusirik izan lehenengoarekin, Etxeberrik 17 eta 40 irabazi baitzion Laurent Lanberti, 50 minutuan pilotan aritu ostean.

Neurketa honek ez zuen izan inolako emoziorik, hasieratik bukaerara nagusi izan baitzen garaipena lortu zuen pilotaria. Lanbert erabat gainditu zuen, eta honek ezin izan zion une batean ere aurkariari aurre egin.

Honakoak erakutsi zituen markagailuak: 0-3, 2-10, 6-15, 7-18, 11-25, 13-30, 15-36 eta 17-40. Saketik 7 tanto egin zituen Etxeberrik eta 2 Lanbertek. Jokoan 26 kintze egin zituen Etxeberrik, eta 9 Lanbertek. 6 eta 7 galdu zituzten, hurrenez hurren.

Final-zortzirenetako beste bi partidak datorren astelehenean jokatuko dira Donibane Garazin. Lehen partidan, Ducassou II.a eta Ximun Lanbert arituko dira aurrez aurre, eta bigarren neurketan, berriz, Ezkurra eta Diaz mexikarra. Bi irabazleak final-laurdenetan elkarren aurka neurtuko dira abenduaren 17an. Finalerdietara, berriz, zuzenean sailkatuta daude Agusti Waltari eta Lemuno. 25ean jokatuko dira finalerdiak, eta 30ean finala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo