3D irudien zirrara, berritasunez beteriko Mendi Film jaialdian
Gasteizko punta-puntako jaialdi honek Bilborako bidea hartu behar izan zuen, PP buru duen Aldundiak diru-laguntza kendu ostean. Mendi Film Festival jaialdiak hilaren 14an emango dio hasiera aro berriari.
A.E. | DONOSTIA
Amazoniaren bihotzean egindako eskalada saio bat erakusten duen «Autana» film sarituak irekiko du hilaren 14an Kutxabank Mendi Film jaialdia. Aurki hasiko den bosgarren edizio honek berritasun ugari dakar, hiri eta egoitza berria estreinatzen baititu. Arabako Diputazioak urtero ematen zuen diru-laguntza kentzea erabaki zuenean -5.000 eurokoa azkena-, 2008. urtetik mendia ardatza duen zinema jorratzen duen jaialdi honek Bilbora lekualdatu behar izan zuen, beste babes batzuen bila. Erabakiak kritikak jaso zituen, Bildurena, besteak beste. Zinema emanaldi ikusgarriez aparte, bestelako ekintzak ere egiten dira, gainera, jaialdi honetan.
Bilbon hilaren 14tik 23ra bitartean burutuko da eta hamaika jarduera izango dira hiru agertokitan banatuta: BBK aretoan, Alondegian eta Euskalduna jauregian. Lehiaketan parte hartuko duten filmetako bederatzik sariak lortu dituzte jaialdia espezializatuetan, hala nola Italiako Trento Film Festivalen edo Kanadako Banff Mountain Film Festival World jaialdian.
Alastair Lee zinemagile britainiarraren «Autana» filmak irekiko du jaialdia Euskaldunan. Leo Houlding abenturako eskalatzaileak eta Alastair Lee zinegileak «neurri epikoak dituen ekoizpen distiratsua» aurkeztuko dute, antolatzaileen hitzetan. Leo (Erresuma Batua), Jason Pickles haren herrikidea eta Sean Leary iparramerikarra Amazoniaren bihotzeraino sartuko dira, Autana muinoaren ekialdeko hegala lehen aldiz igotzeko asmoz. Film bitxia, esperimentala, entretenigarria eta bisualki zirraragarria.
Lehenengo saio honetan beste bi film hauek eskainiko dira: Egoi Markaida zuzendariak Karakorumera egindako igoera baten inguruan landu eta lehiaketan parte hartuko duen «Bajo cero» filma -joan den martxoan Gasherbrum I-era egin zuten espedizioan galdu zituzten hiru lagunak oroituz- , eta adituek mendiko lehen dokumentaltzat jotzen duten XX. mende hasierako «Cervino» izenburukoa, egile ezezagun batek egindakoa. Azken hau Miguel Salvadorren zuzeneko musikarekin pantailaratuko da.
Jaialdian ere «Directa Lafaille» filmaren estreinaldia egingo da (hilaren 19an, BBK aretoan). Unai Castresanak eta Alvaro Novellonek aurtengo otsailean bide horretan hotzak eragindako muturreko baldintzetan eginiko jarduera erakusten du.
Eta 3D ikusgarrian ikusi ahal izango dira hilaren 20ko iluntzeko saioan eskainiko diren bi filmak. Batean, «Nit de Bruixes», izenekoan, Iker Pouk izen bereko bidean eginiko zailtasun goreneko bidea erakutsiko du (Pou anaiak eta zuzendaria emanaldian izango dira) eta bestean, berriz, «The Huber Brothers - Life on a Cliff Edge» Alemaniako ekoizpenean, Alexander eta Thomas Huber anaien sokalagun bihurtuko dira ikusleak «Ruta del Karma» izendatu zuten bidean, Loferer Alm horma zirraragarrian, Austriako Alpeetan, hain zuzen.