Ana Maria Arriola *
Ezin zaio uko egin nazioarteko elkartasunari
Adi egongo gara konpromiso falta horrek zer dakarren ikusteko eta erne egongo gara Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 2013rako egin dituzten aurreikuspen negatiboak zertan geratzen diren jakiteko
Azken lau urteotan elkartasun politikek eraso sistematikoa jasan dute. 90eko hamarkadatik hona, erakunde publikoek elkartasun politikak abiarazi dituzte gizarte zibilak sortutako mugimendu solidarioari erantzuteko, zeinak tokiko aurrekontuen, aurrekontu autonomikoen eta orokorren %0,7a aldarrikatu baitzuen garapen iraunkor globala babesteko. 2008tik hona, autonomia erkidegoek %65 inguru murriztu dituzte lankidetzarako funtsak eta atzeraldi horrek arriskuan jartzen ditu herrialde pobretuetan martxan zeuden hainbat proiektu, besteak beste osasun arlokoak, emakumeen jabekuntzakoak, hezkuntzakoak edo elikaduraren arlokoak. Eta arriskuan daude baita ere garapenerako hezkuntza ekimenak, hots, nazioarteko justiziarekin, giza eskubideen defentsarekin eta genero berdintasu- narekin konprometitutako hiritarrak lortzea helburua dutenak. Gainera, 2010etik hona, Estatuko gobernuak %60ko murrizketa erregistratu du nazioarteko lankidetza politiken aurrekontuan. Eta hori gutxi balitz, 2013rako aurreikuspenen arabera, egoerak okerrera egingo du, bai Estatuan eta bai autonomietan, azken horien kasuan beherantz egingo duelarik bosgarren urtez jarraian.
Testuinguru honetan, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakunde Autonomikoak Urteroko X. Topaketa ostatatu du azaroaren 23tik 25era. Ekitaldi horrek garapenerako GKEen 50etik gora ordezkari eta Estatu osoko 17 koordinakunde autonomiko elkartu ditu. Ekitaldi horretan harreman maila, kalitate eta eraginkortasun handiagoa eman nahi izan diogu Estatuko garapenerako GKEen koordinakunde autonomikoetan egiten dugun lanari. Bestalde, salatu dugu erakunde publiko gehienek murrizketak egin dituztela lankidetzaren arloan (eta ahalegina egin nahi dugu murrizketa horiekin bukatzeko) eta uko egin diogu zenbait indar politikoren ahaleginei, zeintzuen helburua baita gure inguruko pobrezia eta munduko beste herrialde batzuetakoa kontrajartzea.
Nazioarteko lankidetzaren arloko 81 euskal GKE biltzen dituen Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak ostatatu ditu aurtengo jardunaldiak, lehenago Katalunian, Kanarietan, Andaluzian, Galizian eta Madrilen antolatu izan direnak. Egia da Euskadin lankidetzako murrizketak ez direla hain larriak izan (beste erkidego batzuetan lankidetza politikak ia erabat desagertu baitira); beraz, argi dago euskal erakunde gehienek lankidetzaren aldeko apustuari eutsi diotela pobreziarekin eta desberdintasunarekin bukatzeko estrategia bezala. Baina ezin dugu ahaztu Alderdi Popularrak gobernatutako Arabako erakundeek egin dutena: Gasteizko Udalak, kalitatezko lankidetza politiketan urte askoan erreferente izan denak, %90 murriztu du partida hau 2012an eta Aldundiak ere nabarmen gutxitu du. Horrela berez, adi egongo gara konpromiso falta horrek zer dakarren ikusteko eta erne egongo gara Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 2013rako egin dituzten aurreikuspen negatiboak zertan geratzen diren jakiteko. Ezin dugu ahaztu historikoki euskal erakunde eta agente sozialek adostasun sozial eta politikoa lortu dutela lankidetzaren eta elkartasunaren alde; beraz, espero dugu aurrerantzean ere hala izango dela egoera ekonomiko zail hau gorabehera.
Estatuko koordinakunde autonomikook salatzen dugu erabat deuseztatuta daudela elkartasuneko eta nazioarteko lankidetzako politika publikoak. Adierazten dugu, giza eskubideak bete daitezen, gobernuko maila guztiek obligazio etiko eta politikoa dutela pobreziarekin bukatzeko. Gure ongizatea eta segurtasuna hertsiki eta zuzenean loturik daude gainerako herrialdeen etorkizunarekin, maila lokaleko ahaleginek oihartzuna dutelako eskala globalean eta alderantziz. Gure ustez, austeritate politika hau pobrezia gehiago sortzen ari da gure inguruan eta ikaragarri gaizkitzen ari da beste herrialde batzuetako milaka pertsonaren egoera, osasun, hezkuntza eta elikadura bezalako gaietan. Gainera, murrizketek 30 urtetik gorako atzeraldia dakarkiete gure gizarteko eskubideei, hala nola, lanari, osasunari, hezkuntzari eta etxebizitza duinari, eta bertan behera utzi dira pobretutako herrialdeetako pertsonek ere eskubide horiek izan zitzaten eginiko ahalegin eta lorpenak.
Horregatik guztiagatik, garapenerako GKEen 17 koordinakundeok gobernu autonomiko eta lokalei eskatzen diegu baztertu ditzatela murrizketak eta zor zaiena ordain diezaietela garapenerako GKEei eta beste eragile sozial batzuei. Ezin dugu ahaztu posible dela pobrezia desagerraraztea eta krisia ez dela aitzakia helburu hori baztertzeko. Eskubideak globalak izango dira, edo bestela ez dira eskubide izango.
*Ana Maria Arriola Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko lehendakaria, ekitaldian parte hartu duten hamazazpi koordinakunde autonomikoen izenean