GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Gorde nazazu zaborpean

 

Irratian entzun dut Pasaiako Iberdrolaren zentral termikoaren itxierak, lanik gabe gera daitezkeenengatik, «kezka» eragin duela eskualdean. Ez da gutxiagorako, nork ekarriko du ogia mahaira! Orduan neure buruari galdetu diot, zinez lan guztiak ote diren defendagarriak. Zilegi ote da zentral termiko batean lan egitea? Planeta suntsitu al daiteke lanpostu baten (edo askoren) alde? Bizitzeko lan egin behar da, horretan ez dago zalantzarik. Eta lana ekoizpenarekin lotuta ageri zaigu geure mundu kapitalista honetan. Eta geure ekoizpenarentzako nahi genituzkeen bezeroekin. Bezero, hitz magikoa. Arazo guztien gakoa. Nik egin, zuk erosi. I love you, bezero kuttuna. Ven y cuéntalo. Letania baten doinuaz etortzen zaigun ekuazio makabroa. Baina geure heriotzaren martxarako notak dira, eta ez dut uste konturatzen garenik. «Bezeroak bilatu behar ditugu merkatu berrietan», esaten digute geure enpresaburu prestuek. Bestela, akabo. Eros ditzakete trenak, bizikletak, autobusak, edo, zergatik ez, armak. Eros dezatela edozer, geuk sortzen segitu behar dugu eta. Lan egin behar dugu. Jan. Bizi. Sortu. Zikindu. Kutsatu. Suntsitu. Krisia gugana iritsi zenez geroztik, ezkerrekoen zein eskuinekoen ahotan, produkzioa nola edo hala berriz ere martxan jartzeko aldarria entzun dugu. Bai? Zinez geure munduak eskatzen duen alternatiba gehiago ekoiztea al da? Ez ote da une egokia pittin bat gelditzeko? Urteetan ekoiztu, saldu eta erabili gabe bota ditugun gauza guztien inbentarioa egitea polita litzateke, horra lan poltsa eder bat sortzeko modua (urteetako lana!). Eta hura guztia zertarako sortu genuen aztertzea. Eta ezertarako eta alferrik sortzeari, behingoz, uztea. Ez baitago balio ez duten gauzak sortzea baino ariketa tontoagorik. Bereziki geure sehaska den mundua zaborrez betetzeko sortuak badira. Gu zaborpean akabatzeko.