GARA > Idatzia > Euskal Herria

ANk epaituko dituen bi auzokideei elkartasuna adierazi diete Erromon

GARA | BILBO

Branka kultur elkarteko eta bertoko Jai Batzordearen presidenteei elkartasuna adierazi zieten atzo Itzubaltzetako ehun bat lagunek. Auzitegi Nazional espainolean epaituko dituzte biak jaietako liburuxkan euskal presoen bi argazki jartzeagatik. Fiskalak 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du haientzat.

Erromoko auzokideen bozeramaileek adierazi zutenez, bi presidenteen aurkako epaiketa datorren abenduaren 10ean hasiko da, Madrilen. 2011ko jai-liburuxkan Branka kultur elkarteak bere iragarkian preso dauden bi kideren argazkiak ipintzeagatik «terrorismoaren goratzea» egozten diete. Bakoitzarentzat 18 hilabeteko zigorra eskatu du fiskalak. Biek adierazi zuten auzia «zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argia» dela, eta epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitu zioten Auzitegi Nazionalari.

Josu Iturburu eta Jagoba Agirre auzipetuek dagoeneko mila auzokide ingururen eta makina bat eragile politiko, sozial eta kulturalen babesa jaso dute. Bi erromotar hauen egoera salatzeko, elkartasun dinamika ugari jarri dituzte martxan, bai Getxon, bai eta inguruko herrietan ere. Datorren iganderako, aipatutako eragile politiko, sozial eta sindikalek manifestazio isila deitu dute, Itzubaltzeta/Erromoko Santa Eugenia plazatik hasita, eguerdiko ordu batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo