GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Argia» astekariak webgune berria jarri du martxan, edukien sailkapen zorrotzarekin

Lander Arbelaitz da webguneko edukien kudeaketa arduraduna eta interneten, bideo batean, sistema berriaren nondik norakoak azaldu ostean, GARArekin hitz egin du horren inguruko xehetasunak emateko. Deigarriena informazio guztia forma eta gaiaren arabera sailkatu dutela da, baita bideo herrikoien atal berria sortu dutela ere.

p053_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

«Argia» astekariak webgunean eskaintzen duen informazioa osatzeko webgune berria jarri du martxan aste honetan. Lander Arbelaitz interneteko erredaktoreburuaren esanetan, oso harrera ona izaten ari da egun hauetan eta oso pozik dago daraman martxarekin.

«Webguneak 13 urte bete ditu eta hasieratik edukien arteko oreka bat bilatzen saiatu gara», azaldu zion Arbelaitzek GARAri. Izan ere, paperean argitaratzen den «Argia» astekaria bada ere, interneten egunkari digital moduan agertzen da, egunero gaurkotasunezko albisteak jartzen baitituzte. «Azken aldiz webgunea berritu genuenean eguneroko albisteentzako atal bat jarri genuen, baina orain ikusi dugu txiki gelditu zaigula». Horregatik, kazetaritza elementuak formatuaren arabera sailkatzeaz gain, edukiak kontuan hartuta ere banatu dituzte.

Gai bakoitzeko kanalak sortu dituzte, eta honela erabiltzaileari gai bat interesatzen bazaio, horri buruzko informazio guztia klik batean izango du. Jarioa jarraitzeko aukera ere badago RSS sistemaren bidez. «Sistema honek ondo funtzionatzeko ondo sailkatzeko irizpideak ezarri behar ditugu erredakzioan. Honela orain arteko informazioa ere sailkatu ahal izango dugu eta betirako ondo gorde», aipatu zuen adituak.

Hala ere, «Argia»k etorkizunerako duen erronka parte hartzea aregotzeko moduak bilatzea da. Momentuz, eduki guztietan iruzkinak egiteko aukera dute erabiltzaileek. Horrez gain, bideoak bidaltzen ere egin ditzakete euren ekarpenak. «Jo dezagun elkarte batek dokumental bat egiten duela, eta ez dela inon ateratzen baina interesgarria iruditzen zaigula. Bideo herrikoien atalean jarriko dugu, eta pixkanaka biltegi bat osatuko dugu».

Hazten ari den beste atal bat blogena da. Hasiera batean etxeko erredaktoreek idazteko erabiltzen zituzten eta ez zekiten aurrerago garatzeko aukera izango ote zuten. Baina aro berri onetan zenbait blogari berri sartu dituzte. Arbelaitzen esanetan, ez dute inor zehatza bilatu, eta inguruan zituzten pertsonengana jo dute laguntza eske. Blogari berriek, hala ere, izen ezagunak dituzte: Kike Amonarriz (euskara eta umorea), Irati Sarasua (ezohiko testigantzak), Ander Perez (komunikazioa), Gorka Azakarate (mendia), Joxerra Aizpurua (zientzia eta teknologia) eta Axier Lopez (ikus-entzunezkoak).

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo