Abenduaren 6a, ospatzeko ez baina independentzia aldarrikatzeko egun aproposa
Gaur, euskal kulturaren topaketarik garrantzitsuenak ateak zabalduko dituen egunean, Durango euskal independentziaren aldarrikapenaren agertoki izango da, besteak beste euskal kultura bere osoan garatzeko aukera izan dezan beharrezkoa den independentzia aldarrikatzeko. Errebindikazio hori ez da egun bateko kontua, jakina, eta modu askotara eta egunero egin daiteke; horregatik, gaur ere, kalean eta egun seinalatu batean, egingo dute lagun askok. Euskal Herria, haren kultura, nortasunaz gabetzen saiatzen den eta oro har bere etorkizuna erabakitzea galarazten dion konstituzio baten egunak ez dirudi egun txarra independentzia nahia agertzeko; aitzitik, egun aproposenetakoa da Hego Euskal Herriko biztanleek onartu ez zuten arren ezarri zieten konstituzioaren eguna. Egun aproposa, hainbat lekutan ospatzen den eguna Euskal Herrian salaketa eta aldarrikapen eguna dela argi uzteko. Independentziak eztabaida politikoan protagonismo handia hartu duenean, ohiko arrazoiak biderkatu direnean, proiektu anitza bilakatu denean, hamaika arrazoi daude. Eta arrazoi horien aurka ez dago arrazoi onargarririk bat ere, baldin euskal herritarren borondatearekin bat ez badator.