Mikel Zubimendi Kazetaria
Aita Santua Twitterren
Twitter delakoa deabruak kargatzen duela irakurri nion lagun bati eta harekin akordatu naiz Aita Santua Twitterren egongo dela irakurri nuenetik. Irudikatu egin dut une batez egoera: agurea pantailaren aurrean, 140 karaktere latinez, Jainkoari eta Jainkoaren izenean tuitak bidaltzen... Galileo oraintsu onartu dute; Darwin, aldiz, hor betirako zokoratua; homosexualitatea bekatutzat daukate, eta apaizen pederastia irrist egite soiltzat. Eta orain, modernoetan modernoen. Faltsifikazio hutsa.
Baina Jainkoarekin tuiteatzea gauza serioa da. Hori pentsatu dut liburu bat irakurtzean. Biografiak eta memoriak maite ditut, genero atsegina da, eta txiripa batez Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarren memorien liburua esku artean paratu eta leitu egin dut. Badira pasarte batzuk, antologikoak benetan, non bera eta Jainkoa ageri diren parez pare. Ez Twitter ez Faceboook, argi handi bat eta, berarentzat propio, agerpen dibino bat.
ETAk bere aurka ekintza egin zuen eguna nolakoa izan zen kontatzen du. Bizirik ateratzea mirari bat izan zen beretzat. Horraino uler dezaket eta, jakina, errespetatu ere bai. Gau hura nolakoa izan zen aipatzen duenean, orduan bai, orduan bai flipea nirea. Zehaztasunez kontatzen duenez, argi bat etorri zen berarengana. Ez omen zuen aurpegirik, baina ahotsa bai. Bere izpiekin Aznarren ohea argitu eta Jainkoak, hitzez hitz, honela esan zion: «Aizu, Jose Mari, salbatu egin zaitut gizateria lideratzeko bizirik behar zaitudalako!». Akabo! Jaungoikoaren tuit motz moduko hori, eta Aznarrek sinistu. Eta bere lagun onenarekin, George amerikanoarekin, munduko «terroristen» kontra mundu gerra hasi zuten, Irakeko sarraskia, hain zuzen.
Pentsatzen jarrita, baina, prezio berean sinesgarriagoa zait Aznar Benedicto baino. Egongo dira milioika jende Benedicto lagun gisara bere kontuan agregatuko dutenak Twitter demontre horretan. Ziur. Eta ziur ere bai Benedictok laster interneten konfesatuko duela, aitorleku birtual batean, eta barkamen erak klabe informatikoetan banatuko dituela. Baina sinesgarria, Aita Santua Twitterren, ez da oso sinesgarria.
Twitterren askatuko garela, aurrerabidea tuiteatua izango dela edo ez dela izango diotenek badute sozio berri bat: Aita Santua. Eta hark kontu bat izan beharko luke argi: Jainkoa Twitterren sartu orduko, Twitter bera jainkotuta zutela gehiegitxok.