GARA > Idatzia > Mundua

Alepoko hiritarrek kritika gogorra egin diote Siriako Armada Libreari

Alepoko biztanleek gogor kritikatu dute Siriako Armada Librearen jokamoldea. «Bandalismoa, hiritarrak beldurtzea eta estortsioa», egozten diote eta kontrolpean dituzten auzoetatik alde egiteko eskatu diote. Aukeran, talde armatu islamikoak nahiago dituztela adierazi dute.

GARA | ALEPO

Siriako Armada Librea Alepon zuen sostengua galtzen ari da, joan den uztailean hiriaren erdia bere kontrolpean izatea lortu ondoren. Gordelekuetatik atera dadila eta gerra-tokian borroka dezala exijitu zioten ehunka hiritarrek, ostiralero, mezaren ostean, egiten diren mobilizazioetan.

«Hiritarrak beldurtzea, estortsioa egitea eta ekintza bandalikoak» egitea leporatu zioten. «Alferrontzi horiek! Joan zaitezte gerra-tokira!», oihukatu zuten manifestariek. Aukeran, talde islamikoak, Liwaa al Tawhid eta Al Nosra -garrantzitsuenak- nahiago dituztela plazaratu zuten. Argudiatu zutenez, azken horiek diziplina handiagoa dute eta hobeto prestatuta daude.

Ez batak ez besteak ez dute hedabideekin eta herritarrekin harremanik. Alepotarrek begi onez ikusten dituzte arestian aipaturiko bi talde armatu islamikoak, hain zuzen ere, zuhurtziaz jokatzen dutelako eta agertzen duten borrokatzeko grina dela eta.

«Al Nosrako gerrillariak benetan sutsuak dira eta borrokan eskarmentu handia dute. Behin borrokaldia amaituta, desagertu egiten dira», nabarmendu zuen 37 urteko Mustafak. Profil baxu hori da herritarrek talde armatuengandik espero dutena.

«Al Nosra eta Ghouraba al Cham talde armatuetako borrokalariek min handia egiten diote Siriako Armadari. Baina, borrokatu eta gero joaten dira», helarazi zuen Bustane al Bacha arabiar irakasleak, bere emazte eta bost seme-alabekin talde islamisten esku dagoen auzo batean. «Ez dira herritarrengana gerturatzen. Gainera, batzuk hitz egiteko modu desberdina dute eta, batzuetan, ez dute guk esandakoa ulertzen», gaineratu zuen Alepoko hegoaldean bizi den hiritar batek. 2011ko martxoan Siriako altxamendua gertatu arte Al Nosra ez zen ezaguna. Geroztik, Sirian -Alepon, Damaskon eta Dei Ezzorren esaterako- egon diren atentatu suizida garrantzitsuenen ardura bere gain hartu du.

Bestalde, Al Nosraz gain, badaude beste talde jihadista batzuk Sirian, hala nola, Ghouraba al Cham -Turkiatik eta Sobietar Batasun ohitik etorritako jihadistek osatua gehienbat- eta Ahrar al Sham -Libanoko eta Irakeko borrokalariek osatua-.

Siriako Armada Librearen eta talde islamisten arteko desberdintasunak gerrillarien adinean eta armen kalitatean ere nabaritzen dira. Lehenak, gazteak, asko nerabeak, izan ohi dira eta ez dituzte arma modernoak, Adulah izeneko herritarraren hitzetan. «Al Nosrakoak helduak dira, arma modernoak dituzte, baita balen kontrako txalekoak ere. Era berean, diru iturri gehiago dituzte», gaineratu zuen.

bonbardaketak

Siriako Armadak Damaskoko inguruak airez eraso zituen atzo, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu zuenez. Erdigunean ere operazio militarrak izan zirela jakinarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo