GARA > Idatzia > Kultura

«Eliteko sukaldaritzak umorerako eta parodiak egiteko bidea ematen du»

p041_f01.jpg

Jon Alonso

Idazlea

Bost urteko etenaren ondoren, eliteko euskal sukaldaritzan girotutako eleberri beltz batekin itzuli da Jon Alonso. «Zintzoen saldoan» (Txalaparta) sukaldari famatu baten hilketarekin abiatzen da eta generoaren osagarri guztiak ditu: espetxetik behin eta berriz pasatu den narratzailea, pertsonaia etsi eta ziniko samarrak, zintzoen eta gaiztoen arteko muga zalantzazkoak, gaurko gizarteari buruzko begirada kritikoa edo gutxienez mespretxuzkoa eta umorea, umorea barra-barra eta gaindosietan.

Joxean AGIRRE | IRUÑEA

Berak behinola «tropeleko belaunaldia» deitu zion taldeko kide izan da eta da (Hasier Etxeberriaren «bost idazleen» eta urruzunotarren artean kokatzen den promoziokoa alegia), baina tropel ugari samar horretan beti ibili izan da buruan. Bide ezohikoen zale, generoen arteko hibridoak landu ditu, sasi-saioak edo sasi-nobelak nahiago bada, gauza esperimentalen bat ere bai hasieran eta literaturari buruzko bere saioek gure artean gutxik duten erudizioa erakutsi dute.

Bost urte eman ditu ezer argitaratu gabe, etxean idazten jarraitu badu ere. Uzteko zorian ere ibili dela dio eta, argitaratzeko animatu bada, irakurleei literatura errazago bat eskaintzeko asmoarekin egin du. Literatura «txikiagoa» edo errazagoa egitera pasatu dela pentsa dezake norbaitek, «Zintzoen saldoan» ez baita, nolabait esateko, literatura elitista, esperimentala, ezta «eskisitoa» ere. Baina ez da egon erabateko jauzirik, ez hausturarik, aurreko eleberrietan erabili zituen osagarri batzuk eraman baititu mugara, besterik ez.

Urteak isilik eman dituelako-edo, jendearekiko uzkurtasun bat nabari zaio, nagia edo alferkeria halako bat. Ez du liburuaren aurkezpenik egingo. «Ez daukat batere gogorik bihar goizean auzoko arrandegira joan eta emakume pare batek esan diezadan, `no sabíamos que eras escritor'. Gauza horiek ezin ditut eraman. Ez da posea. Beste batzuek oso ondo saltzen dute beren lana eta ondo iruditzen zait, baina niri ez zait ateratzen. Benetako idazleak arrandegira joaten dira, baina arrainak izenpetzera», dio. Bizpahiru elkarrizketa emanda libratu nahi luke. Hau da lehena.

Eleberria irakurrita, badirudi euskal sukaldaritzak parodiarako biderik ematen duela.

Harrigarria bada ere, literatura egiteko erabili gabeko arloa zen eliteko sukaldaritza, eta egia da umorea egiteko edo parodiak egiteko bideak ematen dituela, gauzak muturrera eramateko joera baitu. Ez dut izan, gainera, gaiaz dokumentatu beharrik, etengabe agertzen baitira komunikabideetan sukaldariak. Gauzak muturrera eramateko joera hori arte garaikidean ere izan da. Hor daukagu Malevich-en kasua eta zuria zuriaren gainean margotuz egindako lanak, esate baterako. Koloreen gaineko teorian sakontzen hasi zen eta absurdoan bukatu zuen. Antzeko zerbait gertatzen zaie sukaldari batzuei ere. Fenomenoa zabalagoa da. Niri futbola gustatzen zait, baina ez nago prest egunero dozena erdi bat orrialde futbolaz irakurtzeko. Eleberrian gehiegikeriak salatzen ditut, baina maitasuna eta mirespena ere agerian geratzen direla uste dut. Ni neu jatun ona naiz, nire bekatuetako bat sabelkeria da eta gustatzen zait jatetxeetara joatea eta, dituzten prezioengatik ez balitz, gehiagotan joango nintzateke. Etxean ere gustatzen zait sukaldeko lana eta ikasketak bukatu nituenean, itzultzaile lanean hasi aurretik bi urtez lan egin nuen jatetxe batean laguntzaile.

Umoreari dagokionez, une gorenak gehiago ere baditu nobelak, baina absurdoaren mugara iristen den eszena horietako bat esferifikazioena izan daiteke.

(Barre algara batzuk egin ditu). Vaciado oteiziano de esfera de caviar de morkil al aroma de castaña -Gaztain urrineko morokil-kabiarrezko esferaren hustuketa oteiziarra-. Hori da Pedrotegi sukaldaria akabatu zutenean esperimentazio fasean zuen platera, kartan sartzeko zorian alegia. Pasarte horretan kontatzen dut esferaren hustuketa hurrenez hurrenekoa izango zela, Oteizak berak diseinatutako ibilbideari jarraiki. Hustuketa I, II, III... joan behar zuten Vaciado oteizianora iritsi arte. Azken estadioan esfera guztiz hustuta atera nahi zuten mahaira; hau da, platera huts-hutsik.

Hori da umorea erabiltzen duen edozein idazlek irudikatuko lukeen eszena, baina zuk muturrera daramazu egoera eta Donostiako Orfeoiko zortzi ahots hautatu jartzen dituzu korrokadak, eztarriko marrantak, kontsonante sabaikariak, semema, morfema, lexema eta fonema igurzkariak interpretatzen.

Bai, hala da. Eta hori neurriak jartzen saiatzen naizela. Generoak berak markatzen ditu jokoaren arauak eta horien barruan mugitzen saiatzen naiz.

Nola definituko zenuke zure umorea?

Parodikoa dela esango nuke. Badut umore mota hori egiten hasten naizenean muturrerako joera eta editoreak pasarte batzuk leundu ere egin behar izan dizkit. Umore mota hori parodiaren eta fartsaren artean kokatzen dela esan daiteke. Zeren sintoma edo adierazle den? Defentsa bat da, seguru asko. Bada bizitzari buruzko distantzia ironikoaren kontu bat ere. Etsipenetik ere zerbait egon daiteke jarrera horretan, baina ez dut uste zinismorik dagoenik. Bestalde, erasoa ere izan nahi du, baina probokazioan geratzen da. Bitarteko hori gabe galduta sentitzen naizela uste dut. Umore mota hori leungarria da askotan. Beste literatura batzuetan, beste toki batzuetan esan nahi dut, gisa honetako umorea lasaiago erabiltzen da, inor mintzeko beldurrik gabe. Hemen kontu handiagoarekin ibili beharra daukagu. Barre egitea osasungarria dela uste dut eta norbaitek nobela hau irakurrita barre egin duela esaten badit, konforme geratuko naiz. Neurri handi batean hori da idaztean izan dudan helburua.

Narratzailea, protagonista nagusia, espetxetik bizpahiru aldiz pasatutakoa da, baina aldi berean oso tipo kultua. Kutxa gotorra irekitzeko orduan Mozart entzutea gustatzen zaio eta euskarari buruzko kezkak ere baditu. Bestalde, etakide izandakoa ere bada. Ez da oso ohikoa ETAko kide bat espetxetik atera eta Iruñeko katedralean lapurreta egitera sartzea?

Beste gauza asko asmatuak dira, baina pertsonaia honen ibilbidearen antzekoa zuen bat ezagutu nuen eta erabat sinesgarria egiten zait narratzailea. Nobela beltza euskaraz eta euskal giroan egiteko orduan poliziak eta ikerlari pribatuak ez dira erosoegi mugitzen. Nire narratzailea bezalako forajido bat aiseago moldatzen da. Euskal kulturaren eta politikaren mundutik datorren morroi bat da, gero, nolabait esateko, gaizkileen munduan sartzen dena. Narratzaile honek funtzionatuko balu, nobela honek bidea egingo balu, aukerak ikusten ditut narratzaile bera gizartearen beste arlo batzuetara eraman eta bizpahiru nobela gehiago egiteko. Editoreak jarri beharko dit muga.

Txiste on eta txar asko dago nobelan zehar, baina badago Athleticen aldeko iragarki bat ere. Lekeitioko plazan umeak jolasean ari dira, denak taldearen elastikoekin, ereserkia entzuten den bitartean; atso talde bat dago kioskoan eta apaiza dabil, sotana eta guzti, eliz atarian paseatzen. Halako batean, norbaitek baloiari oso fuerte jo eta atsoen gainera doala dirudi, baina haietako batek gonak altxatu eta «txilena» ikusgarri bat egiten du eta apaiza dabilen lekura botatzen du eta honek sekulako gelditua egingo du. Muniain da atsoa eta Iraizoz abadearen doblea. Gidoiak taldeari saltzeko modukoa dirudi.

Jakingo banu Athleticeko nori saldu, oraintxe joango nintzaioke. Tarteka etortzen zaizkigu horrelako ideiak. Ez dut uste ideia txarra denik, baina ideia on batek ezer gutxi balio duela erakusten du horrek.

Ez duzu aurkezpenik egin nahi izan eta elkarrizketak neurrian ematekotan zabiltza. Zer ezkutatzen da jarrera horren atzean?

Idazle baten egitekoa liburu onak idaztea dela uste duen horietakoa naiz. Celine putakume bat izango zen, baina bere liburua irakurri eta dardarka jartzen gaitu. Niri ondo iruditzen zait beste batzuk beren liburuen promozioan buru-belarri ibiltzea, baina ni neu erabat isilik geratuko nintzateke. Bestalde, Nafarroan euskararen kontuarekin gabiltzanok bazterrekoak gara oso. Beste gauza bat da Katalunia. Andreu Martin, esate baterako, gazteleraz hasi zen genero beltza idazten eta katalanera pasatu zen gero, eta arrakasta handiko idazlea da. Baina, esaten nuen bezala, nire kasua besterik da. Pretentsio handiagoa zuen literatura bat egiten aritu naiz eta oso eragin urria izan zuten liburu horiek. Bi aukera nituen: argitaratzeari utzi edo bide errazagoetara jo. Bigarren aukerari heldu diot eta nobelatxo bat egin dut; azken batean, nobelatxo bat baita, nahiz eta maila gutxieneko bat ematen saiatu naizen. Sukaldaritzarekin parekatu behar banu, saltsa berdea da nirea, ez da goi mailako ezer, betiko errezetak baliatu ditut, beti ere produktu onak erabiliz. Nire helburua ez da Michelin izarrak lortzea.

Zein dira generoaren barruan zure idazlerik kutunenak?

Kutunak asko ditut Raymond Chandler-en Marlowe edo Hammett-en Spade detektibeetatik hasita. Frantzian Mallet eta Nestor Burma detektibeak daude, Italian Camilleriren Moltalvano, Katalunian Montalban osoa jarraitu dut, Alemanian ere bada turkiar bat gustatzen zaidana, Mexikon Taibo II, suediarrek mundua jan dute azken urteotan....aukera izugarria dago. Neure buruari galdetu izan diot, generoak mundu guztian funtzionatzen badu, zergatik ez du funtzionatu behar gurean? Vazquez Montalban erreferente nagusitzat dut eta Sciascia da nire ereduetako bat, aspaldidanik. Gertatzen dena da sekulako informazioa baliatzen duela bere lanetan, kongresista izan zen garaikoa seguru asko, nik sekula izango ez dudan informazio maila du.

Zer harreman duzu zu baino gazteagoak diren nafar idazleekin?

Nik orain misantropo samar ikusten dut neure burua, baina urte askoan ibili naiz literaturaren inguruan sortzen ziren asmoak bultzatzen. Orain pare bat hilabete, hemengo liburutegiek argitaratzen duten aldizkari batean euskal idazleei egindako galdeketa baten berri ematen zuten, eta hamarretik zortzik nire libururen bat aipatzen zuten beren ibilbidean erreferente izandako liburuen artean eta poza eman zidan, denok dugulako banitate pixka bat eta beharrezkoa delako, gainera. Idazleok kolektiboari gehiago begiratu beharko genioke, bertsolariek begiratzen dioten bezala. Uste dut nik lan hori urtetan egin nuela. Dena den, ez dago Nafarroan idazle gazte gehiegirik eta kezkagarria da.

Zein da, izenburuari dagokion kontu bat aipatzeko, zintzoen eta gaiztoen arteko muga?

Elkarrizketa batean neskak galdetzen dio narratzaileari ea zer den Bildosola eta erantzuten dio Kasino Globalaren arduradun lokaletako bat dela. Horiek dira zintzoak, sekula ezeren errurik ez duen jendea. Gainerakoak gaizkile potentzialak gara. Beste era batera esateko, zintzoak kapitalaren morroiak dira.

Zein da euskararekin izan duzun harremana? Umetatik hitz egiten al duzu?

Iruñea erdian jaio nintzen eta nik hamar bat urte nituela hasi ginen denak etxean euskara ikasten, gurasoak nazionalistak zirelako. Pedro de Ultzurrun apaiza etortzen zen eta gero jakin nuen, Henandorenari irakurrita, Txirritari azken igurtzia edo azken olioak eman zizkion apaiza bera izan zela. Neure buruari oparitu diodan legenda da Txirritaren euskara ekarri zigula etxera 60ko hamarkadaren bukaeran. Alde horretatik, euskaldun berria naiz. Hogeita lau urterekin etxetik atera nintzenetik hainbat lekutan bizitakoa naiz, Alde Zaharrean gehienbat, duela hamar urte Txantreara etorri ginen arte.

Ausartuko al zinateke gaurko euskal literaturaren panoramaz iritzi bat ematen?

Nik uste dut urrezko aro batean gaudela, baina gure urrezko aroa berandu iritsi dela uste dut, literatura inor gutxiri axola zaion momentuan, mundu guztia Interneten pokerrean jokatzen ari den garaian. Sekulako aniztasuna dugu eta hori ederra da. Irudipena dut, hala ere, liburuarekiko atxikimendua gutxitua ote dagoen. Umeak ginenean eguraldi txarra egiten zuenean irakurri egiten genuen. Orain ez dute liburuen beharrik.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo