Euskal artisauak, ijitoak barne, sasoi betean 17. Euskal Dendan
Bost egunez euskal artisauen lana gertutik ezagutzeko aukera izango da Durangoko Merkatu plazan, Arbasok antolatuta atzo inauguratu zen 17. Euskal Dendan. Inoiz baino gazteagoa dator aurtengo edizioa, 56 salguneetatik hogei bat estreinakoz izango baitira bertan. Disko eta Liburu Azokarekin bat eginez, ijitoen kultura izango da gonbidatu berezia.
Ane ARRUTI | DURANGO
«Kontuz karterarekin!», esan ziguten sartu bezain pronto. Modu honetan ekin zion atzo Durangoko 17. Euskal Dendak; ez, ordea, eskuluzeen beldur, beste urtebetez euskal artisauen lanek duten erakargarritasunagatik baizik. Bitxiak, oinetakoak, jantziak, gazta, txokolatea, xaboiak, eskulturak... 56 dira aurten bost egunez bisitatu, ezagutu eta euskal artisauen lana erosteko aukera eskaintzen duten saltokiak. «Artisautza eskura» izan da aurtengorako aukeratutako lema.
Arbaso elkarte antolatzailearen esanetan, «bisitariak konprobatu ahalko du antzinako lanbideak oraindik bizirik daudela eta, era berean, artisau produktuak onak direla. Halaber, gure herriaren balio kulturalak bultzatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko modu bat ere bada, eta galtzen doazen ogibideak biziraunarazteko».
Horren erakusle dira aurten bertan izango diren hogei bat artisau berriak. Izan ere, Bernat Vidal Arbasoko lehendakariaren ustetan, posible da krisiak modu positiboan eragin izana Euskal Dendari, «artisau berri asko daude eta gazte asko, batez ere Bizkaitik iritsitakoak. Nik uste izan daitekeela hainbat artisauk Euskal Denda probatzera etortzea erabaki izana, maila komertzialean izan dezakeen ospeagatik», esan zuen.
Saltokiez gain, hainbat ekintza antolatu dira parte hartzea sustatzeko asmoz. Umeentzako karamelu tailerrak izango dira esaterako; tailerrak ere egingo dira, marmol itxurako papera, paper birziklatua, koadernaketa eta «zapi parte-hartzailea»; eta, erakustaldiak ere bai.
Eta poltsikoekin kontuz ibiltzeko abisua emanagatik ere, artisauek, egungo egoera ekonomikoaren jakitun, prezioak mantentzeko apustua egin dute. «Mundu guztiak aztertzen du bizi dugun egoera eta prezioak bere horretan mantentzen ari gara. Oso sektore apala gara, zentzu guztietan, eta badakigu krisiak nola eragiten duen. Gure ekonomia iraupenekoa izan da beti. Ez ditugu premia-premiazko produktuak saltzen eta ezin dituzu prezioak disparatu», esan zuen Vidalek.
Ijitoek euren txokoa
Ijitoek ohorezko tokia izango dute aurtengo Euskal Dendan. Sarreran, Kale Dor Kayiko eta Gao Lacho Drom ijitoen kolektiboetako kideen lana ezagutzeko aukera izango da. Horietan nabarmenena, zumezko saskigintza. Atzo bertan, Jose Berriori romanizko mistho avile edo ongietorria egin zitzaion. Ijito arabar hau Arbasoko bazkidea da eta bost egunez bertan izango da lanean. Ondoan, emakumeek eskuz egindako amantalak, zapiak eta beste zenbait jantzi ere izango dira ikusgai.
Ijitoek kafe tailer bat ere eskainiko dute. Antzinako erara prestatzen adituak diren emakumeek egingo dute, harria erabiliz, eta kafea dastatzeko aukera izango da.
Ijitoen alboan, zentzu bikoitza duen «Artisautzaren papera» izeneko erakusketa jarri dute. Batetik, paperarekin lan egiten duten artisauen produktuak ikus daitezke eta, bestetik, artisautzak gaur egungo gizartean duen eginkizunaz hausnartzera gonbidatu nahi dute bisitaria.
Erakusketa honetan, Montse Buso i Marsa artisau kataluniarraren lanak izango dira, besteak beste, nazioartean ezagun egin duten bere marmol itxurako paper lanak. Paper birziklatua, tindatua... eta Kiliki nafarrak egiteko erabiltzen den harri-kartoi teknika ikasteko aukera ere izango da espazio honetan. Hiru tailer izango dira guztira: helduentzako koadernaketari buruzkoa, umeentzako paper birziklatua fabrikatzeari buruzkoa eta marmol itxurako paperaren erakustaldia.
Artetsu sariak
Goizez inauguratu zuten atzo Euskal Denda, eta iluntzean 2005az geroztik Arbasok banatzen dituen Artetsu sarien gala izan zen. Zortzigarren edizio honetan, Iñaki Alberdirentzat izan zen Bizitza Osoa saria, ibilbide oso baten aitorpena egiten duena. Alberdi irundarra da eta 25 urte daramatza makilak egiten. 1991n, Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Itsasketa Bazkunde Ofizialak diploma bat eman zion Iñakiri, artisau-lanean egin duen zeregina eta euskal kultura-ondarea aberastu eta iraunarazteko egindako ahalegina saritzeko.
Vidalek esan bezala, «zorteko» da, hurrengo belaunaldian ere erreleboa izango baitu, bere semeak jarraituko du etxepean duten tailerrean lanean.
Gainerako sariak Urduñako Udala eta Urduñako Olaran Elkartearentzat (Erakundeak Lagun saria), BBKko Gizarte Ekintzak sailarentzat (Gure Tradizioak Hedatzea saria), «El Correo»-rentzat (Hedabideak saria), Fernan Ruizentzat (Euskararen Sustatzea saria) izan ziren.
Euskal Denda igandera bitartean egongo da zabalik, goizetan 11.00etatik 14.30era eta arratsaldetan 16.30etik 21.00etara (igandean 20.00ak arte). Sarrerak 1,30 euro balioko du.