GARA > Idatzia > Kultura

Azotiker

Gustura geratu dira 24 orduz zabalik aurkitu duten aparkalekuarekin? Pozik, azokan erosi dutena ohiko liburu-dendan baino merkeago izan dutelako? Eta erosketaren truke inguruko jatetxeren batean bazkaltzeko egin zaien beherapenarekin?

Irati JIMENEZ Idazlea

Urtero Durangon orduak ematen dituzten saltzaileei azokari zer falta zaion galdetu diete eta % 80k «aulkiak» erantzun dute. Edo ez, baina fikzioen azoka ere bada Durango, fikziozko lanez betea eta euskal kulturaren fikziozko tamainara egokitua, eta estatistika baino fikzio ausartagorik ez dagoenez, imajinatu dezagun azokaren analisi sakon hori. 1.550 inkesta oinarri. Saltzaile, erosle eta «azokalariei» egin zaizkie galderak eta Durangora joatean lortu duten plazera neurtu da gero.

Gustura geratu dira 24 orduz zabalik aurkitu duten aparkalekuarekin? Pozik, azokan erosi dutena ohiko liburu-dendan baino merkeago izan dutelako? Eta erosketaren truke aparkatzeko edo inguruko jatetxeren batean bazkaltzeko edo tabernaren batean mozkortzeko egin zaien beherapenarekin? Zer iritzi, eserleku eta besaulkiei buruz? Gustura Ahotseneak (zorioneko!) uharte izateari utzi diolako, eta azoka saltoki baino gertaleku bihurtu delako? Kontzertuz betea, zuzeneko emankizunez jantzia? Eskertu dute ekitaldietara joateko sortu den lau eguneko sarrera? Moldatu dira berokiak uzteko zerbitzuarekin? Doako Wifi-arekin arazorik? Eta gau osoko tren eta autobus zerbitzuekin?

Azotikerrek laster argitaratuko ditu emaitza guztiak, baina azokara doazenak, oro har, gustura geratzen direla nabarmendu dute inkestaren arduradunek. Euskal Herriko kultur-sorkuntza bete-betean gozatzen dutela eta kontsumitzaile baino, haren parte sentitzen direla. Kexak ere badira jakina. Eta txantxak. Inkesta erantzun duenetako batek hotz handiegia egiten duela adierazi dio Azotikerreko galdegileari. «Udaberrian balitz...» esan du, eta irribarrea etorri zaio ezpain urdinduetara; «...edo Karibean...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo