Txilu Ziluaga Ibarrangeluko lagunen izenean
Josu Ikobaltzeta, ezinbesteko abertzalea eta laguna
Besarkada handi bat Josu eta eskerrik asko, zure lagunen partez. Ez dakit ondo noiz heldu zinen Ibarrangelura. Agian beti egon zara gure ondoan edo sentsazio hori daukagu behintzat, baina oharkabean konturatu ginen lagun barri bat genuela herrian. Izan be, edurra jausten dan modure sartu zinen gure bizitzan: emekiro, apal. Eta ezinbesteko laguna bihurtu zinen, lagun indispensablea.
Txabik, zure anaiak esan eban modura, zuzentasuna eta askatasuna izan dira zure gidariak. Zapalduen eta gizarteko ahulen alde. Gu arro gagoz, gure ondoan egon zarelako beti. Sekule albotik joaten ez dan laguna, askatasunaren silueta baten modure. Egia esan, ez zinen hainbeste ezberdintzen zure anaiengantik, zeu be misiolari baten modure ibili izan zarelako, preso eta abertzaleen aldeko misiolaria.
Hain zara konpañeroa, ze, zeure bekoki ceñudo eta garbi horretan idatzita dekozula Benedettiren poema: «Compañeros, quiero que sepan que pueden contar conmigo, no hasta dos, ni siquiera hasta diez. Solo quiero que sepan a ciencia cierta, que pueden contar conmigo». Josu, geure «menditxoa», urte osoko olentzero baten modura ibiltzen zara, kartzelan egindako kolorezko pultserak geure umeen artean banatzen. Edota presoen argazkiak erakusten eta banatzen; holanik ere, preso bakoitzari aurpegia, sentimenduak ipiniz. Izen bakoitzaren atzean emakumeak, gizonak eta umeak daudela erakutsiz. Halan dekoguz gordeta etxean Irantzu eta Xabier pozarren, beren umeekin, halan dekoguz gogoan Arnaltz Gisasola, Kepa Zubizarreta eta Oier, Zaloa... eta holan batzen zenduzen elkartasunezko kate batean gehien maite zenduzenak, umeak eta presoak. Eta honen aurrean pentsatzen jarrita... Jo, Josu, ze ona! Maitasuna zabalduz, samurtasuna landuz, zabaltzen zendun zure mezua, zapalduen aldekoa. Guk be zure iraultzakoa nahi dogu izan, kontzientziaren iraultzakoa.
Seguru nago, zuk, gu guztiok hemen bilduta ikusita, zure ateraldi ironikoetako bat botako zendula. Baina, gaur, emon euskuzu lizentzia, Josu, egun hauetan saman ezin kenduta dekogun lotura askatzeko. Momentutxo bat emon Lagako uretako mareak, zure errautsak gure malkoekin nahasta ditzan...
Eta gero bai, gero ardo baltza kopara bota eta topa egingo dogu, pertsona zapaldu guztion omenez, ume guztien alaitasunaren omenez, Euskal Herriko eta munduko preso guztien askatasunaren omenez, zure omenez. Badakigu, betiko modure, lehenengo erronda zuk pagata utzi dozula. Beti arte Josu, geurea, laguna, abertzale maitea.