GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Final-laurdenetarako bidea egiteko, garaipenak balio du

Biarritzek gaur jokatuko du Irlandan Connacht taldearen zelaian, 21.00etatik aurrera. Galtzen badu, izugarri zailduko zaio hurrengo fasean izateko aukera.

p041_f02_148x096.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek bere bolada onari etekina atera behar dio gaur The Sportsground zelaian, han jokatuko baitu 21.00etatik aurrera Connacht taldearen aurka. Badirudi zuri-gorriei pasa zaiela bolada txarra; izan ere, berriro ere une nahiko gozoan dira. Orain helburuak final-laurdenetarako sailkatzea izan behar du, nahiz eta helburu hori lortzea ez den batere lan erraza izango.

Talde bakoitzak bina partida jokatu ditu orain arte, eta biak puntuetan berdinduta daude. Biarritzek bat irabazi du, eta beste bat galdu. Hala ere, lapurtarrak daude bigarren postuan, puntu bat gehiagorekin, erasoko puntu bat ere lortu dutelako, eta Connachtek, berriz, ez du hori lortu. Gertatzen dena gertatu, eta irabazi arren ere, Biarritzek ez du posible izango lehen postua eskuratzea, ez behintzat mirari handiren bat gertatzen ez baldin bada. Harlequins doa lehenengo jokatutako bi partidak irabazita, eta sailkapeneko azkeneko postuan dagoen Zebrerekin jokatuko du. Pentsatzekoa da, garaipenaz gain, erasoko puntua ere lortuko duela. Horregatik, oso garrantzitsua izango da lapurtarrentzat gaur lau puntuak batzea. Galtzen baldin badute, hurrengo fasean izateko aukerak ikaragarri gutxituko zaizkie. Horregatik, Biarritzeko jokalariek garbi utzi dute partidak final baten itxura izango duela. «Final-laurdenak jokatzeko aukerei eutsi nahi baldin badiegu, irabazi egin beharra daukagu, bestela jai izango dugu. Partida oso ongi prestatu dugu, badakigu zer dugun jokoan. Puntu gehigarri bat lortzea ere garrantzitsua izango da, baina guretzat lehentasuna garaipenak dauka, horrek bakarrik balio digu», esan zuen Benoit Guyotek, Biarritzeko jokalariak.

Jokalariei dagokionean, apurka-apurka ari dira min hartua zeuden guztiak osatzen, eta agian bi garrantzitsuenak, Yachvili eta Harinordoki, prest daude. Hori bai, oraindik jokalari mordo bat daude osatzeke: Broster, Gray, Haylett Petty, Arnaud, Marie eta Thion oraindik ez dira osatu, eta gaurkoan ere norgehiagoka harmailetatik ikusi beharko dute.

Hamabostekoaren berri ez dute eman lapurtarrek, baina pasa den astean garaipena erdietsi zuen taldea ez da asko aldatuko. Zalantzak Harinordokirengan egongo dira. Denbora asko eman du min hartuta, eta ikusiko da hasieratik zelairatzen duten edo gerora aterako duten.

Pasa den larunbatean itzuli zen berriro ere zelaietara, eta bigarren zatian atera zenean itxura oso ona eman zuen entsegu bat lortuz, baina agian goiztxo izan daiteke partida oso bat jokatzeko. Yachvili bai, hura erabat osatuta dago, eta puntuak egin eta egin ari da azkenaldian. Bere premia izango du taldeak gaur ere, eta hura hasierako hamabostekoan izango da.

Talde irlandarra bigarren urtez jarraian ari da jokatzen Heineken Kopa, nahiz eta Amlin Challengeko lehiaketan ohiko taldea izan den beti. Aurkari txarra da euskal taldeentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo