GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Eguzkia gorantz

Abenduko lehen asteak eguzkiaren jaistea, oso umila, oso pixkanakakoa ezagutzen du, arratsaldetik noski. Zerugoian beherako jaistea sanjoanetatik ematen badu, arratsaldeko bere moxtadea, udazkenean hain nabarmena eta arrats-triste suertatzen zaiguna, gaur eta bihar hasten da, oraingoan igotzen. Eta geldi, geldi, eta geldi, geldi... geldiro, baina gorakakoan abiatzen da, gaur eta bihar, bai. Segundotxo batzuen jokoan hasieran, lehen minutua santaluzietan, eta minutuka urtarriletik aurrera, eta hala irabaziko du gorakako indarra eta abiada. Eguzkia badakigu beti portatuko dela bere orduetan. Noski, tartekatuko zaizkigun hodeien etorria, hori beste haizeen betebeharra izango da. Baina, eguzkiak, bere lanorduak txintxo zainduko ditu, beti. Jaiki eta erretiratu, beti dagokion orduetan. Txintxo! Badugu bat bederen, bere zintzotasunaz fidatzeko tamainakoa.

Aurtengo uda eta udazken, orokorrean jator portatu zaigula aitortu beharrean gara. Bere presentziari, tarteko hodeitzari eta euri emanari erreparatuaz gero, agian izanen dugu zertaz mesfidatu. Ez, ordea, naturaren emanari eta egokierari kasu egiten badiogu. Natura bete-betean eta harro ibili baita txokorik gehienetan. Natura ez da gu gizakiok bezain exijentea ere, gutxiagorekin konformazalea eta erantzun jatorrekoa da. Ikustekoa izan da aurtengo udazkeneko lore emana, landareen bizittu beharra, masusten oparoa, loraberrien apaingura, eta hainbat landaretxoen berrigosea.

Gure fraide edadetuetako batek ilbetea seinalatu zidan indar horren erakarle. Aurtengo hego-mendebala aldaizetan portatu baita, eta euria tamainan ekarri izan du. Hortik zekarren gure fraideak eskarmentua. Aurten ez baita ilberria eguraldi traketsaren agintea duena: ilberritxoa eguzkitan eta modoxo portatu zaigu; aurten kirtendua dabilena ilbetea baita.

Eta halaxe izan, aizue! Erreparatu datu zehatzei: urriko ilbeteak, hiru egun aurretik hasita, 83 litro ekarri zizkigun, eta Urbiko malkarretan behera, 900 metroraino, lehen elurralditxoa jaitsi. Orduantxe hasi zen, aspaldiko partez, Arantzazuko gure erreka builosoa ere... 35 ordu besterik ez zuen iraun, baina udaberritik bere ur hotsa ahaztua genuen.

Tarteko ilberri goxoarengandik bi astera, hor genuen azaro hondarrean ilbetea: bezperatik hasita, 94 litro bi egunetan, trumoi danbar eta kixkoria saio galantekin... eta elurra mendian behera 800 metroraino; tarteka elurbustia ere bai, Arantzazun bertan. Baita builatsu abiatu ere, 28 egun pasata, trokarteko erreka dantxaria. Hara: eskarmentuak balio!

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo