GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Oscar Niemeyer, iraultzaile handia arlo guztietan

Ehun eta bost urte bete baino egun batzuk lehenago zendu da Oscar Niemeyer, bere bizitza luze bezain oparoan munduko arkitektura irauli zuen artista brasildar handia. Izan ere, Brasiliaren sortzaileetakoa eta hiri horren eraikin publiko gehienen eta mundu osoko ehunka proiekturen diseinatzailea ez zen bere lanen ugaritasunagatik bakarrik nabarmendu, baizik eta baita arkitektura berria asmatzeagatik ere, batzuek sentsualitatearen arkitekura izendatu dutena. Angeluak eta marra zuzenak barik, gogortasuna eta zurruntasuna barik, askatasunez garatzen diren kurba sentsualek erakartzen zuten, bere herriko mendien, itsas olatuen edo emakumearen gorputzaren kurbek erakartzen zuten, berak esan zuenez.

Baina bere lan artistikoagatik ez ezik, bere konpromiso politiko eta sozialagatik ere gogoratua izatea mererezi du Niemeyerrek. Brasilgo bidegabekeriaren aukako konpromisoa eta jarrera tinkoa erakutsi zituen, militarren diktaduran erbestera eraman zutenak. Militante komunista horrek esana zuen ez zela inoiz isilduko, eta hil arte lanean jarraitu zuen bezala, bere pentsaerari ere eutsi zion, inoiz ezkutatu gabe.

Artista erraldoi batek, gizon zintzo eta oso batek bere azken hatsa eman zuen atzo; aurrerantzean, munduari utzi dizkion lan eskergak eta jarrera eredugarriak bizirik iraunaraziko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo