GARA > Idatzia > Kultura

Victoria Eugenia antzokiak duela ehun urteko altzari eta apaingarriak salgai jarri ditu

Etxea dotore jartzeko nahiak baino gehiago, historiaren parte diren objektuak eskuratzeko asmoak erakarri ditu erosleak. Oroigarri bat edo birekin nahikoa izan dute Donostiako antzokira bertaratutako gehienek.

p045_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Aurten ehun urte bete dituen Victoria Eugenia antzokiak bere bigarren mendeko lehen pausoak dotore-dotore eman zitzan ziurtatzeko asmoz, barruko altzari guztiak aldatzea erabaki zuten bertako arduradunek, eraikinak berez duen estiloa errespetatuz betiere. Herritarrek erretiratutako objektu horiek guztiak eskuratzeko aukera izan zuten atzo, maskor itxurako aplike ospetsuak barne (40 euro).

Eguerdian ireki zituzten antzokiaren ateak eta jendea pixkanaka sartzen joan zen, euro baten truke, gustuko artikuluak erosteko. Alde batetik bestera gelditu gabe arituagatik, GARArekin hitz egiteko tarte bat atera zuen Cesar Hernandez Victoria Eugeniako produkzio koordinatzaileak salmenta hasi eta bi ordura.

Hernandezek azaldutakoaren arabera, ezer salgai jarri aurretik, San Telmo museoko teknikariek elementu batzuk aukeratu zituzten -ale bat bakoitzetik- konpontzeko eta artxiboan gordetzeko. Gainera, adituen laguntza izan dute altzari bakoitzari prezioa jartzeko. Atzoko azokan ugarienak aulkiak izan ziren (70 euro), baita, agian, etxean jartzeko errazenak ere. Antzokiko bosnakako eserlekuak ere jarri zituzten salgai; 450 euro balio zituen ilara bakoitzak eta merkatu txikiko objekturik garestiena izanagatik, lehen orduan agortu ziren guztiak. «Etxe handia dutenek eramango zituzten», aipatu zuen koordinatzaileak. «Ia dena saldu da jada, oso harrera ona izan du merkatu txikiak. Gauzak erosten ari diren gehienak pertsona arruntak dira, antzokiko oroigarri bat eskuratu nahi dutenak», azaldu zuen.

Oroigarri erabilgarriak

Atetik sartzerakoan lurreko alfonbra gorri berriaren kolore berdineko ahulki eta gortina zaharrak zeuden salgai, 210 euroan. Inma horien artean zebilen eserlekuren bat eskuratzeko intentzioarekin. «Bat niretzat da eta bestea nire ilobarentzat, bera lanean dagoelako eta ezin delako etorri. Politak dira, eta, antzokiarekin izan dudan harremanagatik, ilusioa egiten dit erostea; nik hemen kantatu nuen behin», aipatu zuen bere lagunak ahulkien egonkortasuna egiaztatzen zuen bitartean.

Borja, berriz, goiko pisuan zegoen, kamerinoetako sofa (200 euro), tokadore eta idazmahaien artean (160 euro) fokuak aztertzen. «Badabiltza?», galdetu zion langile bati. Langileak proba egiteko eskatu zion, eta entxufea sartu ostean argia piztu zen. Fokua etxean jartzea erraza omen zen berarentzat; «etxea nola apainduta duzun kontuan hartu behar da, noski», aitortu zuen. Borjaren ustez, historiaren parte bat etxera eramatea da Victoria Eugeniako altzariak erostea, «eta, gainera, prezio onean!».

BENETAKOAK

Erosketa bakoitzarekin batera agiri bana eman diete erosleei altzariak antzokikoak direla eta ez daudela tratatuta ziurtatuz. Saldutako objektu gehienak Victoria Eugenia ireki zuten garaikoak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo