GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Durangora datorren artista bat naiz ni

Beti irribarretsu sinatzen duen aurpegiak, ordea, ez daki askorik salerosketen inguruan; lotsa sentitzen du horren inguruko pentsamendu izpirik ttipiena bururatzen zaionean

Nik ttipitan handia izan nahi nuen. Maiz erran izan ditut hitzok jendaurrean, handi izatea begirada askoren azpian bizitzearekin tronpaturik handi egiten ari nintzela sinetsita. Arduragaberen batek edo bestek, gainera, «haundiya haiz!» esanez egur gehiago botatzen zuen nire euskal kulturaren argazkian toki bat izan nahiaren sukarrean. Toki bat aski izanen banu bezala! Baina, itxuraz, nahikoa izaki.

Nahikoa ez da aski ordea. Nahiak gauzatzeak guttitan asetzen du laineza, aski-eza. Eta hori, seguruenik, nahiak ez dituelako norberak aukeratzen gertatzen da. Gure desioek, egun, ez dute sustrairik, ez oinarririk; ez dira gure. Itxura hutsaren erlijioak ezarri eta inposatu dizkigun amets sintetikoen bila abiatzeak, beraz, aurrez ezarritako alfonbra gorri, zuri eta berde baten gainean egingo den bidean aurpegi soil bat izatea suposatzen du. Beti irribarretsu sinatzen duen aurpegia.

Beti irribarretsu sinatzen duen aurpegi bat da nirea. Horregatik dakit zergatik sortzen diren soinujole haien gisakoak; doinu gabeko bertsolari mota hura, derrepenteko ume poetak... Zergatik eta zertarako, pozoitutako malko asko ikusia naizelako irribarre maltzurrenak ezkutatzen.

Beti irribarretsu sinatzen duen aurpegiak ezkutatzen dituen egiak, erdiak, ez ditu sinesten. Badaki ez dela aurpegi hutsa, edo oraindik ez daki ez dela besterik. Ez da benetako fikzioa bakarrik, dena den.

Badu izenik aurpegiak, noski. Baita abizenik ere zakilik badu, musika talde bateko kide direnak salbu. Beti irribarretsu sinatzen duen aurpegiak, horrek egiten ditu ezagun, horrek ezezagunen lagun. Izen-abizena da marka. Eta barka, bada marka! Guttitan galdetzen da liburu hau norena da, honek zer idatzi du baizik. Guttitan entzun dut zein ona den norbait, eta, hala ere , ezagutzen dut hain guapoa izanagatik bere obra milakak miresten duten zenbait. Kapritxosorik bada merkatuak baitira tikismikisenak, eta, merkatua, euskaraz, azoka da.

Ez naiz sartuko «merkatua» eta «merke» jatorri berdineko esapideak ote diren eztabaidan, merke edo ez, euskaraz edo ez, saltzea delako gako merkatuan. Guttiena erosketa da. Erosleak esketxean betetzen duen papera ez da ja. Berari izen bat saltzen zaio, beti irribarretsu sinatzen duen aurpegi bat, misterioz eta zurrumurruz eraikitako bizitza baten zati bat, sortzaile izugarri bat, eta berak hori dena hogei eurotan erosi duelakoan CD batekin alde egiten du etxera. Edo liburu batekin.

Beti irribarretsu sinatzen duen aurpegiak, ordea, ez daki askorik salerosketen inguruan; lotsa sentitzen du horren inguruko pentsamendu izpirik ttipiena bururatzen zaionean. Hori ez dela bere ardura sinetsarazi nahi dio bere buruari. Bere lana sinatzea da. Eta irribarretsu, jakina. Orain boligrafoz ereindakoak gerora ekarriko dizkio fruiturik gozoenak. Bere ametsak betetzeko bidean besteen ametsak baino ez dituela bete konturatzen den arte. Berak egin nahi zuena egiten zuelakoan berekin nahi dutena egin dutela konturatzen den arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo