Frankistek fusilatutako zazpi lagunen gorpuak topatu dituzte Beran
Bortzirietako eta Tolosaldeko alkateak bertan zirela, omenaldi xumea egin zitzaien atzo Berako hilerrian azken egunetan bi hobitan topatutako zazpi pertsonen gorpuzkinei. 1936ko udazkenean fusilatu zituzten frankistek, beste makina bat herritarrekin batera. Hernani eta Hondarribiarekin batera, atxilo hartu ostean gipuzkoar gehien fusilatu zituzten herria da Bera. Aurrerago omenaldi ekitaldi handiago bat antolatuko dutela iragarri dute Berako Udaleko ordezkariek.
GARA | BERA
Omenaldi xume baina sentitua egin zieten atzo Berako hilerrian, azken egunetan, bi hobitan, topatutako zazpi herritarren gorpuzkinei. Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak bultzatu du bai Berako hilerrian zeuden fusilatuen ikerketa bai gorpuak hobietatik ateratzea, eta, hala, atzoko ekitaldian parte hartu zuten bertako kideek Bortzirietako eta Tolosaldeko zenbait alkaterekin batera. Bertan izan ziren, besteak beste, Bera, Lesaka, Etxalar, Tolosa, Alegia, Villabona, Zizurkil eta Asteasuko alkateak. Bertan izan ziren, halaber, Beran hildako herritarren senitarteko hainbat.
Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek jakin bazekiten bertan gorpuzkinak topatuko zituztela; Berara, izan ere, Gipuzkoan atxilo hartutako makina bat herritar eraman zituzten ondoren bertan fusilatzeko. Jakin denez, hilerriaren ondoan kokatuta dagoen harrobian fusilatzen zituzten atxilo hartutako herritarrak, eta, ondoren, hilerriko hobietan sartu.
Ehundik gora
Hain zuzen, Hernani eta Hondarribiarekin batera, gipuzkoar gehien fusilatu zituzten herrietako bat da Nafarroako Bera. Horregatik, frankismoaren amaieran oroigarri bat jarri zuten Berako hilerrian, fusilatutako ehun lagunetik gora zeudela uste zen lekuan bertan.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia saileko kideek bertan egindako indusketa lanei esker bi hobi topatu dituzte eta haietan zazpi gorpu. Aranzadiko kideek aditzera eman dutenez, herritarrok 1936ko udazkenean fusilatu zituzten; urrian edo azaroan, hain zuzen ere.
DNA probak
Deigarria da, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek aditzera eman dutenez, aurkitutako gorputz guztien kasuan, eskuak bizkarrean lotuta topatu dituztela. Hezurdurekin batera, objektu pertsonalak ere aurkitu dituzte hobietan, garaiko monetak jasotzen dituen diru-zorroa esaterako.
Gorpu gehiago ere badira bertan lurperatuta, baina horiek berriak diren hilobien azpian daude kokatuta, adituek aditzera eman dutenez. Topatutako gorpuzkinei dagokionez, beharrezkoak diren DNA probak egiteko laginak jaso ostean, berriz ere Berako hilerrian utziko dituztela aurreratu dute Aranzadiko kideek.
Gorpuzkinak sartu dituzten hobiaren gainean ikurrina jarri ostean, aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zuten atzoko ekitaldi xumean parte hartu zutenek. Hori bai, dagoeneko Berako Udaleko arduradunek omenaldi ekitaldi handiago bat antolatuko dutela iragarri dute. Modu horretan, Nafarroako herrian fusilatu zituzten herritarren memoria ezagutarazi nahi dute.
Tolosaldeko makina bat lagun fusilatu zituzten Beran. Hori dela eta, besteak beste, Tolosa, Alegia, Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo alkateak izan ziren atzoko ekitaldian.
Eskuak bizkarrean lotuta zituztela fusilatu zituzten zazpi lagunak. Hezurdurekin batera objektu pertsonalak ere topatu dituzte, besteak beste, garaiko txanponak zituen diru-zorroa.