Gune desberdinetan nola ez galdu
Durangoko Azoka GPS-z
Durangoko Azoka inoiz baino esparru gehiagotara zabaltzen da urtero, hedatu eta hedatu. Euskal kulturaren festak, Landako eraikineko erakustazoka eta saltoki nagusiaz gain, beste makina bat gune biltzen ditu berera, arte eszenikoei, zuzeneko emanaldiei edo ikus-entzunezkoei toki eginda.
Anartz BILBAO
Landako gunea du erdigune Azokak, bertako eraikintzarrak hartzen baitu standez lepo den «merkataritza zentroa». Sarrera nagusira begira jarri eta... goazen barrura. Ohi bezala, hiru kale nagusitan banatzen dira saltokiak. Barneratu bezain pronto informazio gunea -Gerediaga elkartea eta turismo bulegoa-, prentsa gunea, herrialde gonbidatua (honakoan ijitoak) eta sorospen puntua dago, zorabiatzen zarela ere. Ezkerreko pasilloan literatura argitaletxeak dira nagusi -Goienkalen gara- eta ondoan dute egunkariek txokoa -ertza hartzen du GARAk-. Erdiko pasabidea den Artekalek elkarte eta erakundeak hartzen ditu batez ere, eta eskuinean dira, Goienkalen, diskoetxeak -gero eta toki txikiagoa dutela begitantzen zaigu-; baita lanean dabilenarentzako atseden gunea ere, sakonean. Baina Landako eraikinaren baitan dira ere, erdi-erdian, aurkezpenak jasotzen dituen Areto Nagusia, proiekzioetarako Irudienea eta teknologia berrietara bideratutako Kabia, elkarren errenkadan.
Berriro kanpoan eta berriro sarrera nagusira begira, ezkerretara paratu duten karpa batek gordetzen du, sakonean -Ibilaldiko standa igarota-, Ahotsenea. Behin karpapean, bitan banatzen da gunea, ezkerretara literatur gunea, liburu aurkezpenak eta idazleekin solasean egiteko gunea, aulki lerroak parean direla. Eskuinera, berriz, musika gunea, espazio zabala oholtza gaineko zuzeneko jardunak jarraitzeko.
Itzaletik argitara, plaza beharko zuena beti dago ekitaldiz lepo, kulturaz harago gizarte edo politika arlokoak izan. Landako guneak ezkerretara du Elkartegia, eta bertan kokatu dute ipuinez jositako Saguganbara, haur eta gaztetxoen gotorleku. Aurrera jarraituz gero, Plateruenea, egunez atseden gune -jan edanerako- eta gauez gautxorien kobazulo; zuzeneko indartsu eta jendetsuak jaso ohi ditu.
Azokaren erdigunetik urrutien dagoen gunea Szenatokia dugu, antzerkiak Durangoko San Agustin kulturgunean baitu aterpea. Eta alde zaharrerako bide horretan, ezinbestekoa den Goienkaleko txikitero giroarekin batera, nonahi dira salmenta postuak: bitxi, afixa, tiserta eta beste gutizia, kolektibo ugarik baitu presentzia Durangon egunotan, EHEtik AHT-ren aurkako taldeetaraino.
Aparte, ezin ahaztuko ditugu Artisau azoka, iragan urrunean Azoka bera jaso zuen plaza estalian, ezta gaztetxearen inguruak hartzen dituen azoka alternatiboa ere. Guztiontzako dago hemen!