GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | Durango, kulturaren topagune

Indarrak batuta, itxaropentsu ekin dio Azokak lau eguneko kultur jaiari

Zabaldu ditu ateak 47. Durangoko Azokak. Mestizajearen, elkarlanaren eta elkar ezagutzaren Azoka izateko erronka hartu du bere gain. Igandera arte izango da zabalik baina etorkizunera begira jarrita dago jada.

p006_f01.jpg

Ane ARRUTI

Goizean goiz, 10.30etik minututxo batzuk paseak zirela, zabaldu zituzten Landako guneko ateak zuzendari bezala bere lehen urtea duen Aiert Goenagak eta Kale Dor Kayiko ijito elkarteko Unai Rodriguezek. Ordurako jende mordoxka bildu zen kanpoaldean, Edorta Jimenez Ahotsenea gunean zen Bernardo Atxaga eta Jabier Muguruzarekin solasaldian, Plateruenako dozena bat zerbitzari korrika batean zebiltzan kafe eta pintxoak hegan, Azoka TB martxan zen... Horixe da Durangoko Azoka, saltokiaz gain -hori ere bai-, euskal kulturaren elkargune, hazi eta hazi ari dena eta berrikuntzei ukorik egiten ez diona, zenbaiten ustez oraindik ere aldaketak nahikoa ez izan arren. Hartutako bidearekin gustura azaldu ziren, ordea, espazio hauetako arduradunak. Laurogei sortzailetik gora pasako diren Ahotsenea guneko Gotzon Barandiaranen iritziz, Azoka hartzen ari den izaera berria ezin da gelditu eta bide horretatik jarraitu beharra dauka.

Inaugurazio ekitaldian, Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak, hasierako urteak ekarri zituen gogora. «60ko hamarkadakoei galdetu nolako iraultza izan zen beti entzundako musikaren ordez, Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete eta aurtengo Argizaiola saria jaso duen Benito Lertxundi 1966. urtean Andra Mariko elizpean kantari entzutea». Eraberritze horrek gaurdaino jarraitu du, eta horren erakusle da azoka inguratzen edo hein handi batean osotzen duten hainbat espaziok aurten Gerediagarekin batera koordinazio mahaia osatu izana. «Azken urteotako azoketan pausu bat gehiago eman dugu eta eurentzat guneak indartzen ari gara. Bisitariak horrela, egitarau oparoaz disfrutatzeko aukera dauka», erantsi zuen Mujikak.

Aitziber Irigoras Durangoko alkateak ere, ildo beretik hitz egin zuen: «Azokako edukiaz gozatu, liburuak, diskoak eta abar luzeak aztertu, erosi, baina, horrez gain, azoka inguratzen duen kulturaren, herriaren, eta are garrantzitsuago, jendearen esperientzia bizi. Azoka ez dadila izan azaleko jarrera».

Bestelako aldaketa adierazgarririk ere izan dela ohartarazi zuen Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak ere. Inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten agintari ezberdinen artean, gizonezko bakarra egon baitzen, Manuel Lizarraga Kale Dor Kayiko elkarteko lehendakaria (aipatutakoez gain, Bakartxo Tejeria Gasteizko Parlamentuko lehendakariak eta Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak hartu zuten parte).

Lizarragak, aurten Azokak ijito herriari egindako aitortza dela-eta, hunkituta hitz egin zuen. «Hemendik aurrera pixka bat gehiago maitatuko dugu elkar, jende askok ez du gure kultura ezagutzen, sekula ez zaigulako ez zabalkunderik ezta protagonismorik ere eman». Ondoren, gaur gauean Plateruenean 22.30etik aurrera egingo den gau ijitoaren aurrerapen bat eskaini zuten Amets Arzallus eta Arkaitz Estiballes bertsolariek eta Jorge Pisa El Boli gitarra jotzaile bermeotarrak. «Txirritak zion ijito hauek zirela edonolakoak/ baina ikusten ditut artistak eta benetan guapoak/ bihar elkarrekin egongo gara bertsolari eta ijitoak/ historikoki konpondu nahian Txirritak esandakoak», abestu zuen Estiballesek.

«Txirritak zenbat bertso ta kontu istorio ta fabula/ beren amona, beraien ahuntza ta beren gurdi mardula/ ni pekatutik ez naiz salbatzen ezingo det disimula/ euretaz sarri hitz egin baitut baina eurekin sekula», Arzallusek.

Egun-pasa

Erosteko edo egun hauetan bertan izango diren 300 ekitaldi ingururekin gozatzeko, jendea erruz hurbildu zen lehenengo egunean Durangora. Azokak aurten egun bat gutxiago izateak, lehenengo eguna hilaren 6an izatea ekarri du, Hego Euskal Herriko gehienentzat lanik gabeko eguna, eta lehenengo ordutik aprobetxatu zuen jendeak. Aurreko egunetan ez bezala, eguraldia lagun izan zen, saltokietatik ostera bat egin ondoren eta arratsaldeko independentziaren aldeko manifestazioaren aurretik, eguzkipean pote pare bat hartzeko Plateruena aurreko plazan.

Durangok, gainera, sortzaileak bertatik bertara ikusteko eta ezagutzeko aukera ere ematen du. Liburuak sinatu eta sinatu aritu zen, esaterako, «Mussche» nobela argitaratu berri duen Kirmen Uribe; urtero legez, sekulako ilarak sortu ziren Toti Martinez de Lezearen lanak sinatuta eskuratzeko; Pirritx, Porrotx eta Marimototsi argazkiak ateratzera hunkituago hurbildu zitzaizkien helduak haurrak baino; Joxemari Iturralde eta Aingeru Epaltza ere aritu ziren sinatzen; Juan Jose Ibarretxek ere ikusmina sortu zuen; musikarien artean lanean aritu ziren Anari eta bere taldekideak, Su ta Gar-eko kideak, Ze Esatek!, Josu Bergara, Betagarri, Fermin Muguruza, Lauroba, Lisäbo, Gorka Txamorro... Eta oraindik beste hiru egun ditu Azokak aurretik.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo