«Jendeak erraiten zuen ikastolan ez zela xiberera ikasten eta trabak izan genituen horregatik»
Xiberoko Ikastola 1972. urtean sortu zen, eta lehen urtetik bertatik berriki erretreta hartu duen arte Margarita Etxart bertoko irakaslea izan da. Xiberoko Botza irratiaren sortzaileetako bat den Allande Etxarten emaztea da. Beraien alaba, amaren bidea hartuta, ikastolako irakaslea da egun. Etxart familia erreferente da Zuberoan euskarak dituen defendatzaileen artean.
Idoia ERASO | BAIONA
Xiberoko Ikastolak 40 urte egiten dituela-eta hainbat ekitaldi antolatu dira. Zubereraren eta zuberotar kulturaren biziraupena ziurtatzeko ikastolak lan handia egin du azken lau hamarkadetan. Horren adierazgarri da ikastolako ikasle ohiek sortu duten Xiberoko Ikastolako Ikasle Ohiak elkartea ere. Beste eragilerik ezean, elkarteak maskarada antolatzeko ekimena hartu zuen iaz bere gain. Ikastolaren urteurrena ospatzeko, Mauleko herriko etxean «Eüskararen biziberritzeaz mintzo» hitzaldia izango da Nicole Erbinartegaray eta Lorea Agerre ikerlarien parte hartzearekin.
Nolakoa izan zen Xiberoko Ikastolaren sorrera?
Taldetxo bat sortu zen Eper Altzürüküko apaizaren inguruan; berak xekatu zituen burasoak eta gela ikastola egiteko. Niri galde egin zidaten nahi nuenez andereño izan; baietz erran nuen eta horrela hasi ginen orain Mauleko herriko etxea den tokian. Herriko etxeak gela eman zigun eta hamabi haurrekin hasi ginen; burasoak Maulekoak ziren.
Gaur egun bi ikastola dira Zuberoan. Maulen zegoena ondoko herrian dago orain; hau da, Sohütan. Horrez gain, ikastola berri bat sortu da Aloze-Ziboze-Onizegainen.
Mauleko ikastolatik Sohütara igaro ginen; burasoek eraiki zuten ikastola, den-dena egin zuten. Sohutan 120 ikasle dira egun. Alozeko ikastolan, berriz, badira jada 30 ikasle.
Ikastolak asko lagundu al du euskararen zabalkundean Zuberoan?
Bai. Buraso gehienek ezartzen dituzte haurrak ikastolan; nolaz erdiek edo horrela ez dakiten euskara, nahi dute haien haurrek ikas dezaten.
Jendearen gogoetan euskarak eta ikastolak duen garrantzian garapenik ikusi al duzu?
Ikastola hastean herriko etxeak edo jendeak erraiten zuen ikastolan ez zela xiberera ikasten, eta trabak izan genituen horregatik. Zaila izaten zen gelak izatea kantaldiak egiteko, afixak kentzen zizkiguten... Baina orain, aldiz, hautetsiengandik eta denengandik onartua da ikastola.
Euskara batua erabiltzeak ekartzen zituen kritikengatik zuberera baliatzea deliberatu zenuten azkenean.
Ikastolan xiberera irakastea erabaki genuen, normala denez, eta, hemen xiberera mintzatzen denez, ontsa hartua da ikastola.
Zuberera lantzen duten ikastola bakarrak izanik, materiala itzultzen lana izanen duzue.
Finkatu genuen ortografia normalizatu bat xiberera idazteko eta batuari buruz joateko; liburuak eta bestelako materiala itzuli behar dugu eta horretan lana bada. Laugarren urtera arte xibereraz egiten dute ikastolan, baina gero bigarren maila egiteko Nafarroa Beherean den Larzabaleko kolegiora joaten direnez ikasleak, batua ere sartzen da irakurketa programan.
Ikastolak aurrera egin ahal izateko ikasleen gurasoek lan handia egin behar izan dute.
Burasoek gintuzten ordaintzen eta orduan behar zen lan handia egin irakasleak ordaintzeko. Kantaldiak, dantzaldiak eta horrelakoak antolatzen zituzten.
Erakunde publikoengandik trabak izatetik laguntzak izaterako garapena eman da. Noiz eman zen aldaketa hori?
Pentsatzen dut hori 1990ean hezkuntza nazionalarekin izenpetu genuen kontratuarekin hasi zela. 1990. urtetik aurrera hezkuntza nazionalengandik pagatuak izan gara, eta aldaketa hasi zen hortik; burasoek sos gutxiago behar zuten atera.
Ikastola hamabi haurrekin sortu eta gero, zenbat denbora eman zenuen irakasle bakar gisa? Noiz eman zen garapena?
Ni egon nintzen bakarrik sei urtez, ikastola ama eskola bakarrik baitzen hasiera batean. Haurrak euskara ulertzen eta mintzatzen hasten zirela ikusten zen, baina, aldiz, gero eskola frantsesera joaten ziren eta dena ahazten zuten; alferrikako lana zen. Horregatik erabaki genuen lehen maila ere ireki behar genuela.
Lehen urteetan pentsatzean irribarrea aterarazten dizun oroitzapenik ba al duzu?
Pentsatzen jartzean gogoratzen zait nola kantina burasoak etxean prestatzen zuten bazkariarekin egiten genuen; gero nik berotzen nuen ikastolan, baxerak egiten genituen kanpoan... Horrelako gauzak egiten genituen ikasleekin hasiera hartan.
Zure lehen ikasleak gurutzatzen dituzunean zer esaten dizute lehen urte horiez?
Garaje horretan ziren ikasleak orain buraso dira ikastolan, eta, irudiz, oso oroitzapen onak dituzte.
«Ikastolan xiberera irakastea erabaki genuen. Hala, ortografia normalizatu bat finkatu genuen xiberera idazteko eta batuara hurbiltzeko»