GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Egur Sport Gabonetako torneoa

Kanporaketa mistoak ikusteko aukera Bilbon

Harri-jasotzaileen eta aizkolarien lehiaketetako lehen finalerdiak jokatuko dira La Esperanza pilotalekuan.

p038_f02_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Gaur, 12.00etatik aurrera, jokatuko da Bilboko La Esperanza pilotalekuan Gabonetako Harri-jasotze eta Aizkolarien Torneoa. Bi finalerdi eta finalak osatuko dute lehiaketa berri hau, eta gaur bai harri-jasotzeko bai aizkorako lehen kanporaketak jokatuko dira. Harri-jasotzaileak binaka arituko dira, eta bost harri erabili beharko dituzte. Inhar Urruzuno eta Josetxo Urrutia neurtuko dira alde batetik, eta, bestetik, Izeta III.a eta Izeta IV.a.

Harri bakoitzarekin bina minutuko txandak izango dituzte lanerako, eta erabiliko dituzten harriak, berriz, hauek izango dira: 125 kiloko errektangularra, pisu bereko zilindro kopa, 113 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola.

Pentsatzekoa da bikote bakoitzeko harri-jasotzaile bakoitzak bi harrirekin egingo duela lan, eta gero bolarekin txanda librean amaitu, baina hori Bilbon bertan ikusi beharko da.

Izetatarrak izango dira lehen finalerdi hau irabazteko faboritoak. Aiarrak oso ongi moldatzen dira harri hauekin, eta zaleentzat finalean izango diren kirolariak dira, baina bizkaitarra eta nafarra ere gogoz plazaratuko dira, galtzeko gutxirekin. Bost harri izateak ere ikuskizuna asko edertuko du, eta zale ugari joango dira lehiaketa hau ikusteko asmoarekin.

Leku berean jokatuko da aizkolarien lehen finalerdia ere, eta bertan Zubiaga eta Mujika neurtuko dira. Bakoitzak bost proba ezberdin egin beharko ditu, eta Urrezko Aizkoran egiten dituzten lanak egin beharko dituzte.

Egin beharreko lanak laburrak eta azkarrak dira, eta ikusiko da bi aizkolariak nola prestatuta dauden. Laster Binakako Urrezko Aizkora hasiko da, eta aizkolariak jada ahalik eta ongien prestatzen ariko dira.

Bi aizkolarien artean Mujika aterako da faborito, nahiz eta seguruenik ere iraupen probak erabakiko duen norgehiagoka hau. Datorren astean jokatu nahi dute bigarren finalerdia, oraindik ere erabat lotzeko dagoen arren. Finala, berriz, abenduaren 29an jokatzeko asmoa dute, baina hori datozen egunetan emango dute ezagutzera Egur Sport enpresakoek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo