Indarkeria matxistaren biktimen ibilbide latza
Argituz giza eskubideen aldeko elkarteak plazaratu berri duen txostenak gizonezko bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria jasan duten emakumeek bortizkeria hori atzean uzteko egin behar duten ibilbidea du ikergai. Ibilbide hori are nekezagoa da udalerri txikietako emakumeentzat, eta horiexek izan ditu txostenak informazio iturri nagusia. Zehazkiago, Arabako udalerri txikietako hogei emakumeren esperientziak, biktima horien premien eta eskaeren berri eman dutenak, batez ere laguntzaren, babesaren eta justiziaren arloetan. Halaber, indarkeria mota hori atzemateko mekanismoak hobetzeko helburua du txostenak. Eta jasotzen dituen zenbait datu ezagunak badira ere, lanaren zorroztasuna dela-eta, hainbat ondorio argitara iristeko baliagarriak dira. Esate baterako, hogei emakume horietatik seik beren aurkako indarkeria salatu ez izanaren kausen artean, honakoak seinalatzen ditu: inguruko presioa, beldurra, menpekotasun ekonomiko edo/eta emozionala, justiziaren aurrean erasoak frogatu ezin izateko beldurra eta are erasotzailea kaltetu nahi ez izatea. Ikaragarria, bai; horrexegatik, Argituz-en txostena emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko ekarpen baliotsua da, emakume horiek egin beharreko ibilbide latza errazteko gomendioak ere eskaintzen dituena. Herritar guztiek, eta administrazioek bereziki, oso kontuan izan behar dituzten gomendioak.