GARA > Idatzia > Kultura

Durango, kulturaren topagune

Durango, beste behin

Herenegun Azokak ateak ireki zituenerako biharamun galanta zuen Plateruenak, asteazkenean sarrera guztiak agortu baitzituen Gatiburekin. Eta Durangon atsedenik ez denez, nafar gaua zuen ostegunean, bi talde parrandazalerekin: Bizardunak eta Vendetta.

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Beste behin, ateak ireki ditu Durangoko Liburu eta Disko Azokak. Eguneko egunkariei begirada azkar bat bota eta betiko gai, galdera eta zalantzak besterik ez ditut aurkitu. «Antolatzaileek iazko bisitari kopurua gainditzea espero dute». «Salmentak aurreko urteen pareko izango direlakoan daude». «Zaharkitu egin ote zaigu Durangoko Azoka?». Irudipena daukat gai, galdera eta zalantza horiek azokaren parte direla. Alegia, Durangoko Azoka ez litzateke Durangoko Azoka izango komunikabideen ezer-berririk-adierazten-ez-duen jario hori gabe. Ohitu gara horretara ere, eta espero ere espero dugu.

Dena dela, aitortu behar dut oraingoan lelo errepikakor horien artean arreta deitu didan zerbait aurkitu dudala. «Azokako bozgorailutik flamenkoa entzutea gauza arraro bezain ederra», zioen kazetari batek sare sozialen bidez igorritako mezuan. Tira, hori bada nobedadea, eta baikorra. Baina kezkatu ere kezkatu egin nau kazetariaren hitz aukeraketak. Arraroa deritzogu ezohikoa denari, baina baita arrotza zaigunari ere. Arrotza ote da flamenkoa Euskal Herrian?

Nik esango nuke ezetz, baina arroztasunera kondenatu dugula, horretan zalantzarik ez dago. Kazetariaren hitzak lekuko. Zentzu horretan, txalotzekoa da gure geografiaren parte bihurtu diren adierazpen kulturalen eta euskal kulturaren artean (baina gure geografiaren parte badira, ez ote dira Euskal Herriko kulturaren parte ere?) zubiak eraikitzeko azokak egindako ahalegina. Politikariei, alde batekoei zein bestekoei, beren irudipen faltagatik ezinezkoa zaiena egin du azokak. Egin egin du? Hala sinbolismo hutsa ote da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo