GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Durango hiru dimentsioetan

Pantailatik Azokara salto, antiojo berde-gorriak jantzita

Ostegunean baino gutxixeago baina jendez lepo izan genuen Azoka atzo ere. Besteak beste, Irudienean, euskaraz hiru dimentsioetan egindako lehen filmaren estreinaldia jaso zuen jardunak, «Morritson eta Gartzia».

p043_f02.jpg

Anartz BILBAO

Euritsua ostirala eta hezea Azoka inguruko giroa. Plazan ez da giro eta aterpean da jendea. Herenegun independentzia aldarriak berdez jantzi bazuen Landako, atzo AHTren aurkako manifestaldia izan genuen bertan, liburu eta diskoen saltokiez gain, egunotan erdigunea baitu Euskal Herriak Durangon.

Ostegunean baino jende gutxiago dabilen sentsazioa dugu -nonbait 35.000 lagun Durangoratu zirela entzun dugu-, baina jende olatua dabil pasilloetan. Ereinen, esaterako, jende ilarak heregungoa dirudi, sinatu eta sinatu jarraitzen du Toti Martinez de Lezeak. Mikel Soto Txalapartako editoreak argitu digunez, «ikasle jende andana etorri da; Iruñeko hiru institututakoak, kasurako».

Sarrerako bazter batean, herri gonbidatuaren atalean, ez da jende asko hurbiltzen ijitoengana, irribarretsu dira halere. Gaur Bizkaiko Aldundiko agintarien bisita izan dute, Bilbao eta Ariztondorena.

Esparru txikiena hartzen duen diskoetxeen gunea begitandu zaigu bisitatuena. Ez gara harritzen, hemen salmentan diren gehienak musikariak beraiek dira: Xabi San Sebastian, Goseko kideak, Mursego... Norbaitek txalaparta bat jarri du Landako eraikineko sarrera batean, «jo nazazu» afixarekin.

Aurten ordutegia luzatu duen Ahotseneak ere martxa ona darama. Literatura solasaldiak gidatzen dituen Edorta Jimenezek «asko hurbiltzen dira zuzeneko emanaldi jakinetara» adierazi digu, eta musikak erakarrita behin karpapera helduta, «oharkabean aurkitzen dituzten liburu aurkezpenek jakin-mina sortzen diete eta gelditu egiten dira». Iluntzean esaterako, «bero-bero» zuen jarduna Itziarren Semeak taldeak -hauentzat ez da negurik, praka piratetan dira oraindino-. Txalaparta etxeak argitaratu duen «Esku hori!» liburuaren aurkezpenak -Basauriko Euskarabila elkartearen ipuin erotikoen lehiaketako idatziak batzen ditu-hartu die txanda mungiarrei, eta hauek entzutearren karpa bete dutenen hogeiren bat Jimenez eta Sotoren solasa entzutera gelditu dira.

Hiru dimentsioetan

Azokako zuzendari berria den Aiert Goenagak pauso berriak ibili beharra agertu izan du, eta bera dugu hiru dimentsioetan egin den lehenengo filmaren zuzendaria, Jon Urrazarekin batera. Azken hau antzezlan jaio zen «Morritson eta Gartzia»-ren gidoiaren arduraduna ere bada, eta antzezlea Leire Olaranekin batera.

Atzo pelikularen estreinaldi mundiala izan genuen Azokako Irudienean, arazo tekniko txiki batzuk zirela medio atzeratu zena. Euskal zineman film aitzindaria den hau «baliabideak optimizatu eta ekoizpen errealista batekin» burutu zutela agertu zuen Goenagak, «epeak garbi genituen-eta». Irailean entseguak egin eta urriko bost egunetan grabatu zuten lanak antzezlana du abiapuntu, eta egokitzapenak ez du antzerkiaren esentzia galtzen. Gainera, bertan parte hartu duten guztiek denetarik egin behar izan dute.

«Morritson eta Gartzia» lanarekin batera Mikel Clementeren «Kotoizko maitaleak», Alphax-ek ekoiztutako film laburra ere ikusi genuen, eta bi bideoklip, 3Dn grabatuak. Bata Goenaga beraren ardurapean burutua, Keu Agirretxe musikariaren «Jantzi Urdina». Bestea, bideak zabaltzea ikur duen Goseren «Ezetz» kantuarena, Iñaki, Ines eta Osoron soto ilun eta heze batean gatibatuta ageri dituena; Mikel Clementek grabatua hau ere.

«Teknika aldetik 3Dak kanpo sakontasunarekin jokatzeko aukera ematen du», argitu zigun Clementek. Arlo teknikoak artistikoa baldintza dezake beraz, horrek zabaltzen dituen aukerak erabiltze aldera. «Ez dugu 3D kamerarik erosi -gaineratu zigun Alphax ekoizleak-, bideoak egiteko ere balio duten argazki kamerak erabili ditugu, eta ispilu jokoen bidez guk geuk egin hiru dimentsioak». Bi sortzaileen aburuz, «3Daren kontu hau lau zororen kontua da momentuz, baina izango du garapena, eta helduko da eztanda». Prest izango gara.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo