GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazte Danbada jaialdiak emango dio amaiera Gazte Zukgua prozesuari martxoan

Martxoaren 29, 30 eta 31n, eta apirilaren 1ean izango da jaialdia, zehazteke dagoen herrian, eta Zukguako antolatzaileek esan dutenez, era guztietako kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta antzerki saioak izango ditu.

p017_f03_148x126.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

Gazte erakunde berria sortzeko burutzen ari den Zukgua prozesu eratzaileak epilogo bikaina izango du. Gazte Danbada izango du izena martxoaren 29, 30 eta 31n eta apirilaren 1ean ospatuko den jaialdi erraldoiak. Bertan, «mota guztietako musika kontzertuez gain, hitzaldiak, sormen ekimenak, antzerki saioak eta tailerrak izango dira», prozesuaren bozeramaile diren Ainara Santamariak eta Beñat Elizaldek argitu bezala. Danbadak astinduko duen herria zein izango den urtarrilaren erdialde partera jakinaraziko dute, «zenbait gai oraindik lotzeke daudelako».

Gazte erakundeak Biltzarra egingo du martxoaren 2an, Gazte Danbada burutu baino hiru aste lehenago, eta hortaz, lau eguneko jaialdi hori «bide batez, Zukgua prozesuaren amaiera eta erakunde berriaren agerpena ospatzeko erabiliko da, hasiera ezin hobea izateko».

Gazte Danbadaren egituran sakonduz, lerro nagusiak argitu zituzten Santamariak zein Elizaldek: «Auzolanean oinarritutako proiektua izango da. Ideia zera da, gazteek eta gazteontzat egindako jaialdia izatea. Hori da danbadaren ideia, gogor eta indartsu zabaltzen dena. Hori da gure helburua, gazteen artean zabaltzea, gazteei heltzea». Sormenak ere funtsezko papera jokatuko du bide horretan: «Gazte Danbadan bildutako gazteek gorpuztuko dute proiektuaren egitaraua. Hau da, zenbait kontu prestatuta daude, baina parte hartzeak paper zentrala izango du, jaiaren mugarri izango da».

Udaberriko zitarako, Elorrioko Iheskide taldeak abesti berezia prestatu du, ekitaldia bezala, «Gazte Danbada» izena duena. Bertan, Keike taldeko Nerea abeslariak parte hartu du.

Zukgua, azken txanpan

Santamariak eta Elizaldek Bilboko Lasai tabernan egindako agerraldia Zukgua prozesuaren inguruko hausnarketa egiteko erabili zuten bide batez. «Lehendabiziko blokea hausnartu eta bozkatu egin dugu proiektuan gaudenok, eta momentu honetan, bigarren blokearekin ari gara lanean. Halere, interesgarriena hirugarren blokea iruditzen zaigu, etorkizuneko estrategia finkatzeko balioko duelako», argitu zuen Elizaldek.

Estrategia hori ondo definitzea ezinbestekoa da, Santamariaren iritziz: «Gazte mailako alternatiba eraiki behar dugu denon artean. Alternatiba izatea, sistema kapitalista eta patriarkal honi beste irtenbidea aurkitzen diona».

Oraingoz, erantzun ona izaten ari da: «200 bat herri eta 2.000 gazte inguru daude Zukguan, eta azken txanpan gehiago batzea espero dugu».

abestia

Elorrioko Iheskide taldeak jaialdirako kanta berezia prestatu du, ekimena bezala, «Gazte Danbada» izenekoa. Keike taldeko Nerea abeslariak parte hartu du bertan. Atzo aurkeztu zuten bideoklipa, Durangon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo