Julen MURGOITIO
Nolako enborra, halako ezpala
Latitudez gure behean den porrot egindako estatu antzeko zer horretatik etorri da azken erasoa. Astero bat etorri eta honetan aste honetakoa. Iragarritako eraso baten kronika. Hezkuntzan, oraingoan. Nonbait zezen-larruko grabitate-zentroa izaten kosta ahala kosta segitu nahi duen Gobernuak urruneko eskoletan ezarri beharreko ikasgai enborrekoak berak ezarri nahi ditu, bazterreko erakundeen eskuetan utziz enborrekoak ez diren adarrekoak. Nolako enborra, halako ezpala! Enborrik gabeko hezkuntza, ahorik gabeko hizkuntza. Hortaz, argi geratu da, beste behin ere, enborrean dela funtsa, adarrek ezin baitute enborrik gabe iraun. Poeta gogoan: gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak... edo ez dira sortuko. Eta jakinal, euskara adar, erlijioa enbor! Eskerrak jelkideek, orain ez asko, lortu zutela beheko Kongresuko korridoreren batean erlijio-irakasleen gaineko eskumena Lakuaratzea! Bestela gureak egina zuen!
Tira, harira! Erlijioa, eskoletan enbor. Amen. Kawen! Jakingo balute ikasle gizajoek zenbat engainu eta iruzur egin ziguten guri eskola garai haietan! Belengo estalpean abereak zirela esan eta bai zera! Euli-kakarik ere ez! Urteetan sinistu izan genuen estalpe hura gerora mundutik zabalduko ziren zooen aitzindaria zela, are gehiago Antton eta Peru artzain buru zuri bi haiek barrena sartu eta arkumetxo bana opari ziotenean hango morroiari. Portzierto, seguru bizarrik ez zuela, denbora testigu! Urte franko pasatu behar izan da Vatikanoko maizterrak Twitterren kontu baten bidez aitortzeko han abererik ez zela, potrozorririk ere ez! Marrurik bat ez, umearenak salbu! Hara, orduko ume askoren ekologismoa lurretik! Ez da harritzekoa gero, egunotan kale izkinako ontzien inguruan jaiotza-zatiak zabarkeriaz botata ikustea... engainua!
Baina animaliak izan badira, denak abere ez izan arren. Ez, ez nago baleaz, beheko hezkuntza ministroaz nago, bere burua zezen suharra ikusten baitu, hezigabea. Halako batean, zin dagit, zezenketen aldeko bihurtzeko zirrarak harrapatu nau. Baietz! Kristo! Bada bai, Gabonetan gaituzte. Azokan den Argien Aroa hainbatek modu okerrean ulertu, apropos seguruenik, eta hara, denda-kaleak bonbillaz jantzi! Bonbillek balizko erosleen patrika argitzen lagunduko balute bezala! Fededun halakoak!