GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

deia, Rikardo Arregi 2012/12/5

Kilo bat urre

Egunkari batean irakurri berri dut Díaz Ferrán jaunak, Espainiako enpresarioen buru izan zen gizon handi horrek, etxean bazuela kilo bat urre eta 150.000 mila euro (cash, pijoek esaten duten bezala). Uste dut askori ez zaiola gehiegi irudituko, neurriak eta konparaketak erlatiboak dira beti. (...) gure artean bizi diren askori kilo bat urre eta 150.000 euro huskeria irudituko zaio, benetan, gure artean berrogei lapur baino gehiago bizi baitira. Kilo bat urre eta 150.000 mila euro, erreserbatxo bat ustekabeko gastuei aurre egiteko, besterik ez. Huskeria.

Guretzat, jakina, kutre garenontzat, esan nahi dut, urre kilo bat asko da, tablet parlamentario horietako bat asko den bezala; gu, kutreok, lan gehiago egiteko eta gutxiago kobratzeko gaude mundu honetan, Espainiako enpresarioen buru izan zen gizon handiak esan zuen bezala. Gainera guri, kutreoi, ongi baino hobeto irakatsi digute diruak ez duela zoriontasuna ekartzen, gauza txikietan dagoela zoriontasunaren iturria eta abar (...). Etxe ez gehiegi hipotekatua eta berogailua pizteko zerbait edukitzea komeni da, baina. Ai, goi arnasdun pentsamenduak berehala desagertzen dira nire burutik diruaz berriro idazteko, kutreak horrelakoak gara, ezin filosofiarik egin gurekin.

Irène Némirovsky-ren Odolaren sua irakurri berri dut, bertan egileak idazten du askok, kontsideratuz zoriontasuna helezina izango zaiela beti, zoriontasunaren ordezko batekin konformatu beharra daukatela: lasaitasunarekin, alegia. Guk badakigu zoriontasuna, helezina ez ezik, ilusio bat baino ez dela; guk, gainera, sumatzen dugu lasaitasuna ere eskuetatik joaten ari zaigula betiko, eta ez dakit lasaitasuna zerekin ordezkatu ahal dugun. Eszpetizismoarekin agian, agian hobeto amorruarekin. Bai, hobeto amorruarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo