Ion Ansa | Analista politikoa
Eraldaketaren inguruan antolatu eta ekiteko garaia da
Euskal ezker eraldatzaileak ardurak dituen erakunde publikoetan egiten duen lana eraso etengabeak jasaten ari da. Alde batetik, Ion Ansari Gerra Hotzean erabiltzen zen terminologia gogorarazten diotenak, eta bestetik, ezkerretik «aurreratu nahi dituztenenak». Hala ere, ezkerrarentzat ez dela oposizioa egiteko garaia dio, eredu ekonomiko eta politiko berri baterantz pausoak ematekoa baizik. Eta hartarako kudeaketa soila ez dela aski. Eraldaketan pausoak emateko gai dela erakutsi behar du ezkerrak, sistema, bere bideak agortuta, eraldaketa prozesuan dago-eta. Ikusteko dago, ordea, eraldaketa horren norabidea erabakitzeko eragile nagusi izateko prest dagoen. Ansaren ustez, ezarritako logikak gaindituko dituzten bestelako ereduak posible egitea izan behar du ezkerraren helburuak.
Ezker eraldatzaileko zenbait indarrek erakunde publikoetan ardurak hartu dituztenetik, badira haien lanaren beldurra zabaldu nahi izan dutenak. Erreparo handirik gabe haizatu dute Gerra Hotzaren garaietako hiztegirik erreakzionarioena: Lenin, Stalin, Chavez eta gaizkiaren gaizkiarekin lot lezaketen edozer. Izan dira, beste aldean, ezkerretik aurreratu nahi izan dituztenak ere, gobernu guneetan den ezker horren eraldatzailetasuna etengabe zalantzan jarriz eta, behin baino gehiagotan, aurrez aurreko bataila planteatuta.
Ez dira, ezkerrarentzat, oposizioa egiteko garaiak. Eredu ekonomiko eta politiko berri baterako pauso eraldatzaileak ematea da orain tokatzen dena. Hori da bere erantzukizuna: eredu propioa sortu eta egikaritzea. Eta hori ez da eslogan edo kontsigna huts bat: jardun ezkertiarrak inolako zentzu eta eraginkortasunik izango badu, jendartearen eraldaketan pausoak emateko gai delako izango da. Ez da broma: bere bideak agortu dituen sistema oso batek, jada, eraldaketa prozesuan burua murgilduta baitu. Hartzen ari den norabideak nondik eta nora joko duen, baina, erabakitzeke dago. Galdera da, ezkerra prest dagoen erabaki horretan eragile nagusi izateko. Eta halaxe badago, prest dagoen erabaki hori muturrera eramateko.
Bide horretan, hainbat plano bereizgarri antzeman daitezke, eguneroko lanari maila ezberdinean begiratzen diotenak. Lehena, kudeaketarena. Azkenean, kudeatzen dena, kudeatzen den moduan kudeatzen delarik ere, dagoenaren jarraipena baino ez da. Izan dezake aurpegi atseginagoa edo gertukoagoa, edo herritarragoa, edo aurrerakoiagoa. Baina eraldatu nahi denaren betikotzea baino ez da etorriko bide horretatik. Edo, are okerragoa dena, sistemak bere autoeraldaketa gauza dezan beharrezko (esponentzialki gero eta gutxiago) konplize izatea. Kudeatu, dagoenarekin konforme dagoenak kudea dezala. Ezkerrak beste helburu batzuk behar ditu izan, ezarriak diren logikak gaindi ditzaketen bestelako ereduak posible egitea, hain zuzen.
Helburu horiek uko egin ezinekoak dira, larriak eta premiazkoak bihurtu direlako. Eta helburuak, definizioz, betetzeko jartzen direnez, horixe da ezkerrak egin behar duena: defenditzen duena egin. Hori bezain sinplea da gauza. Ez dut erraza esan nahi, ez zailtasunik gabea, ez berehalakoa: baina bai garbia, eta argia. Egin, pausoka baina konplexurik gabe. Izan ere, eraikitzeko garaiak baitira, eraldaketaren inguruan gehiengo zabalak antolatu eta batera ekitekoak. Eta, zergatik ez?, esperimentaziorakoak ere bai. Baina ez gaseosarekin, proiektu eraldatzaileekin baizik, ekonomia eredu berri baterako enpresen sorrerarekin, kultur sareekin, teknologia berriekin, elkarbizitzarako proiektuekin. Baina «egin», «ekin» eta «eraiki» ez dira kudeaketa hutsean jokatzen diren aditzak. Beste bide eta molde batzuk behar dira.
Nolakoak, baina? Ohar gaitezen, batik bat, erakunde publikoetan egiten den lana eta egin daitekeena eraldaketarako esparru bat baino ez dela. Esparru bat, beste batzuekin osatu behar dena. Gehiago: estrategia orokorragoen baitan, kontuan hartu beharreko eragite eremua baino ez dela. Ez dago instituzioetan lan egiterik eragite ikuspegi orokorretik abiatu gabe, benetan eraldatzaile eta eraginkor izan nahi bada, behintzat. Eta, horretarako, honetaz ohartu beharra dauka ezkerrak: orain arteko lan egiteko moduek ez dutela garai berriotan balio. Ez horietako askok, behinik behin.
Azkenean, eraldaketaren aldeko apustua egiten delarik, ez dago eraldaketa hori instituzioetako lan hutsera mugatzerik. Eta, aldi berean, instituzioetako lanak izan behar du bere lanerako ardatzetako bat. Bide horretan, eraldaketarako indarrak bere osotasunean ulertzera kondenatuak daude indar ezkertiarrak, bere plano eta eragite esparru guztietan. Horrek, erakunde publikoak ulertu eta bertan lan egiteko moduak horretara egokitzea esan nahi du. Eta, horrekin batera, beste eragite esparruetan ere era berean jardutea.
Alegia, lanerako eta jardunerako moldeak maila guztietan egokitu behar dira. Mobilizazioak, protestak, eta era horretako borrokak inondik ere gutxietsi gabe, kualitatiboki parametro berri batzuetan kokatu beharra du ezkerrak, jendartearen aurrean sinesgarritasunik izango badu. Klabeek bestelakoak behar dute izan, oraintxe baitagokio, hain zuzen ere, gidaritza paper bat hartzea. Horrek esan nahi du, eraldaketa horren bidean egon daitekeen eragile eta sektore oro barne hartzen duen ikuspegi beraren baitan jokatu beharra duela, akordio oso zabal batzuen arabera, gehiengo indartsuak artikulatzeko, maila guztietan. Norabide horretan orain arte eman diren pausoak garrantzitsuak izan dira, baina ez nahikoak. Ez diot zentzurik ikusten esparru desberdinen arteko talkari, ez lanerako filosofia moduan ezta estrategiaren eraginkortasunari dagokionez ere. Adibidez, helburu batzuk konparti ditzaketen sindikatu bat eta erakunde publiko bat kudeatzen duen indar bat elkarren aurka ari direnean, non dago eraginkortasuna? Zein eskemarekin ari dira lanean? Erruak inoren aldetan ezarri gabe, hor dago molde eta jardun berrietarako jauzia emateko beharraren bisualizazioa: ezkerrak, ezer lortu nahi badu, aldatzea dauka lan egiteko modua.
Orain, bere proiektua egikaritzeko unea du ezkerrak, parte hartzekoa, mundua aldatzekoa. Erantzukizun horretatik, eta erantzukizun horren altueratik, eta duen neurria ulertuta. Baldintza objektibo guztiak bere gordintasunean daude: sistemaren krisi sistemikoak aukera berriak zabaltzen ditu, baina aukerak aprobetxatu egin behar dira. Hori bai, elkartuta, koordinatuta, eta garaiok eskatzen duten heldutasunetik. Txokokeriarik gabe, barne-botere borrokarik gabe. Bestela, akabo, beti bezala. Prest dago ezkerra horretarako? Egongo ahal da!