Arazo zaharrak konpondu gabe, Parlamentu berria Errumanian
Errumaniako boto-emaileek gaur berrituko dute Parlamentua. Inkestek aurreratu dutenaren arabera, egun agintean dagoen zentro-ezkerreko koalizioak eutsiko dio gehiengoari. Beraz, Basescu presidentearekin Gobernuak izan dituen arazoek bere horretan segituko dute.
GARA |
Europako herrialde pobreenen artean ageri den Errumanian eskuineko presidentearen eta zentro-ezkerreko Gobernuaren arteko bizikidetzak, elkarrekin bizi beharrak, sekulako arazoak eragin ditu orain amaitzen den agintaldian, eta begiraleen arabera horrela jarraituko du aurrerantzean ere.
«Bizikidetza oso zaila izango da», Errumaniako Elkarte Akademikoa izeneko hausnarketa zentroak uste duenez. Elkarteak gogoan du Gobernuan dagoen Batasun Sozial Liberal koalizioak presidentea bere kargutik kentzeko udan egindako ahaleginak porrot egin zuela.
Ahalegin hark sekulako krisi politikoa eragin zuen, 1989an aro komunista bukatu zenetik larriena. EB Europar Batasunak eta AEBek salatu egin zuten operazioa, Zuzenbide Estatuari eraso egin zitzaiolakoan.
Traian Basescu presidenteak karguari eutsi zion orduan egin zen erreferendumean oso herritar gutxik esku hartu zutelako. Hala ere, zazpi milioi boto-emaileek argi utzi zuten beste presidente bat nahiago zutela.
Geroztik, tentsioak ez du behera egin Victor Ponta lehen ministroaren Gobernuaren eta agintaldia 2014an bukatzen duen Basescu presidentearen artean. Horien arteko erasoek kanpainako beste gai guztiak estali egin dituzte.
Presidenteak esan du Batasun Sozial Liberal koalizioak gaur garaipena lortuz gero, berak ez duela Ponta lehen ministro izendatuko. Tentsioak gora egin du berriz eta analistek jauntxokeria ikusi dute, Basescu presidentearen jarreran.
Atzerriko Inbertitzaileen Kontseiluak «egonkortasuna» eskatu die politikariei, orain amaitzen den 2012an ezagutu ez duten egonkortasuna. Hiru gobernu, makina bat manifestazio eta udako krisi politiko larria izan dituzte errumaniarrek aurten, atzeraldi ekonomiko sakonetik ateratzeko sekulako arazoak dituen herrialdean.
Batasun Sozial Liberal koalizioak (sozialdemokratak, liberalak eta kontserbadoreak) botoen %48 baino gehiago bilduko ditu, hau da, 470 eserlekuko gehiengoa. Errumania Zuzen baterako Aliantzak (Basescu presidentearenak) boto horien erdia baino ez luke eskuratuko (botoen %23 aurreikusten diote inkestarik baikorrenek). Ia kopuru bera lor dezake Dan Diaconescu telebista aurkezlearen alderdiak.
PPDD Dan Diaconescuren Herriaren Alderdiak oso emaitza onak lortuko ditu inkesten arabera (botoen %15 inguru). Beraz, begiraleek ez dute baztertzen Gobernu berria osatzeko garaian gaurko hauteskundeetan irabazten dutenek Diaconescuren parlamentarien laguntza behar izatea. Dan Diaconescuk telebista kate pribatu bat sortu zuen eta bertan eskaintzen dituen saio morbosoek sekulako arrakasta izan dute Errumanian. «Zentrokoak» direla esaten dute alderdiko hautagaiek, eta «populistak» deitzen diete aurkakoek. «Errumaniak galdu dituen betiko baloreak berreskuratu nahi ditugu», esan diete France Presseko kazetariei. «Herritarren duintasuna» berreskuratzea ere beren helburuen artean ageri da. Agindu dituzten neurrien artean dago gutxieneko soldata igotzea (egungo 140 eurotatik 220 eurora) eta enpresa sortu nahi duten herritarrei 20.000 euroko laguntza ematea. Cristian Pirvulescu politologoak adierazi du larriena ez dela telebista aurkezlearen alderdiak lortuko duen emaitza, emaitza horrek adierazten duen arazoa baizik: pobreziak gora egiten duela, gero eta errumaniar gehiago haserre dagoela egungo egoerarekin eta demokrazia oso ahula dela herrialdean. GARA
Enpresa publikoetako langileen soldatak %25 egin du behera eta BEZ zerga %24ra iritsi da herrialdean. 2011n hazkunde ekonomikoa izan zuen Errumaniak, txikia izan bazen ere. Batez besteko soldata 350 eurokoa da.