GARA > Idatzia > Kultura

Haur eta gazte literatura, irakurle berriak sortzeko bidean

Heldutan irakurzaletasuna garatzeko garrantzitsua da txikitatik ikastea irakurketa ohitura batzuk. Azokak plazaratzen duen eskaintza zabalaren artean ondo aukeratzea ez da lan erraza, eta horretarako, hiru idazlek euren irizpideak azaldu dizkigute: barnean duen mezua batetik, testuaren kalitatea bestetik, eta edozer irakurtzen dela ere irakurtzea ona dela azkenik.

p052_f03.jpg

Nagore BELASTEGI |

Urtero bezala haur eta gazte literaturak itxura koloretsua ematen die Durangoko Azokako stand askori. Halako aukeraren artean gurasoek libururik egokienak hautatzeko gakoak zein diren galdetu diegu bereziki gaztetxoei zuzenduriko literaturan aritutako hainbat idazleri.

Joan Mari Irigoienek bi liburu aurkeztu berri ditu eta Elkarren postuan zegoen aleak sinatzen. «Sasiak mendiak jan», 12 urtetik gorako irakurleentzat, eta «Urrezko motorrak mila zaldi», 10 urtetik gorakoentzat idatzi ditu. «Berez liburu bakarra da, baina erabiltzen dudan tonua batzuetan serioagoa denez, bitan banatzea erabaki nuen; bata haurrentzat eta bestea gizontxo eta emakumetxoentzat». Izan zuen lehenengo bilobari eskainitako poema batekin hasi zen, eta gero gusturago hartuz, pixkanaka sorta bat osatu zuen. Horrela idatzi zituen haur eta gazte literaturan ezohikoa den poesia generoko bi liburu hauek. Osasun arazoak izan baditu ere, osatuko delako ziur dago eta oso urte polita izan dela aitortu du.

Gazteei zuzenduriko hainbat testu idatzi ostean, bere ustez, hauentzat egokienak dibertigarriak direnak baina era berean mezuren bat dutenak dira. «Egun dugun gizartea aldatzeko ahaleginean eta edukatzeko jolasa eta mezua duten liburuak».

Irigoienek ezohikoa den genero batera jo badu, Jokin de Pedrok gaztetxoen artean arrakasta duen beste estilo batera jo du «Izu-izuan» nobelan. Misteriozkoa da eta umore beltza ere erabiltzen du. «Ni nerabeen irakaslea naiz eta uste dut egungo gazteek uste duguna baino gehiago irakurtzen dutela. Hala ere, goi mailako literatura irakurtzen duten bakar batzuk badaude ere, gehienek ez dute oraindik heldutasunik liburuei mamia ateratzeko. Horregatik, uste dut, genero beltza txukun idatzita badago oso egokia dela. Nire aburuz, haurrek beraiek aukeratu behar dute zer nahi duten irakurri. Pixkanaka joango dira literaturari ateak zabalduz, irakurtzen duten guztia ona da».

Iban Zaldua jende artean harrapatu genuen, baina atseginez eman zuen bere iritzia: «Ni aita naiz eta oraindik ez dakit zeintzuk diren libururik onenak. Niretzat, edozein sorkuntzatan bezala, irizpidea kalitatea litzateke. Ez hainbeste zenbat erakusten duten, morala duen, baizik eta testuaren kalitatea. Horretarako irakurri egin behar da aurretik eta horrek lana dakar».

Ilustrazioaren garrantzia testuaren parekide literaturan

Haur eta gazte literaturan ezinbestekoa den elementu bat ilustrazioak dira, eta betidanik eskutik helduta joan dira idazle eta marrazkilariak. Iban Zaldua idazleak, testu hutseko nobelak idatzi ohi dituenak, euskarazko haur eta gazte literaturako obra onenaren Euskadi Literatura Saria eskuratu berri du Julen Ribas ilustratzailearekin batera sortutako «Azken garaipena» komikiari esker. «Komikizalea naiz, baina konturatu naiz gidoi bat idaztea ez dela berdina. Ipuinak edo nobelak idazteak ez zaitu horretarako prestatzen, orduan marrazkilariarekin lankidetza fundamentala da, askotan bera delako gomendioak ematen dizkizuna. Asko ikasi dut», azaldu du Zalduak.

Baina komikietan bakarrik ez, gainerako liburuetan ere oso presente daude marrazkiak. Batzuk aipatzearren, Erein argitaletxeak ateratako Marraz(I)oak saila, Ibaizabalek itzulitako Benjamin Lacombe ilustratzailearen lanak, Ttarttaloren eskutik iritsi diren Mies Van Houten liburuak edota Afric Forumen «Afrika kontuan» bilduma. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo