Euskarazko antzerkia ikus-entzule eske dabil San Agustin kulturguneko Szenatokian
Anartz BILBAO | DURANGO
Berri samarra du Szenatokia gunea Azokak, eta Landakotik urrutien dagoena. Bistan da, proposamen arras interesgarriak jaso dituen arren betetzen lanak izaten baititu, berez mukuru den Azokan.
Ostegunean hasita, maratoi formatua du bertako antzerki festak, hau da, talde bakoitzak bere antzezlaneko lagin bat ematen du -lana moldatuta-, kultur programatzaileentzat ezin aproposagoa suertatu daitekeena, han eta hemen emankizunak antolatzeko. Atzo, esaterako, bost talde izan genituen bertan, jatorri eta prestakuntza oso ezberdinekoak. Argitara ateratzen lehenak Bilboko Horman Poster izan ziren, «Iragan perfektua» lana aurkeztera; 70eko hamarkadako afixaz osatutako antzezlana, bikotean emana.
Oholtzaratu zen bigarren taldea Azpeitiko Koldarrak talde sortu berria izan genuen, Koldo Camposek idatzitako «Izan bedi emakumea» indartsuarekin. Ondoren, denboraren iragaiteak bikote bizitzan sortzen duen higadura eman zuen ezagutzera Saioa Royo eta testuaren egile Jon Martinezen Aldatzen Laguntzen taldeak, «Ispilua» antzezlanaren bitartez. Txanda Ttanttaka taldearen «Bejondaigula» lanak hartu zien. Ramon Agirrek eta Niko Lizeagak eskarmentu handia dute oholtza gainean, eta nabaritzen da.
Maratoia Ander Lipus zuzendari duen Abarka Markina-Xemeingo taldeak itxi zuen, Sarrionandiaren lan bat ardatz duen «Biba zorrien izurritea» oholtzaratuta. Arratsaldean, bigarren txanda batean berriro eman zituzten lanok. Gaur Metrokoadroka kolektiboak hartuko du Szenatokiko oholtza.