GARA > Idatzia > Kultura

Diskoetxeen beharrik gabe, autoekoizpenaren bidetik

Halabeharrez edo horretan sinesten dutelako, gero eta gehiago dira argitaletxe edo diskoetxeen ohiko prozeduratik kanpo euren lanak autoekoizpenean argitaratzen eta banatzen dituzten sortzaileak. Badira hasi eta bukatu guztia euren kabuz egiten dutenak, edo baita plataforma ezberdinetan indarrak metatzen dituztenak ere. Durangoko Azokan izateko zailtasun handiagoak dituzte baina ez diote erakusleiho honetan egoteko aukerari uko egin.

p048_f01.jpg

Ane ARRUTI | DURANGO

Kantuak egin, grabatu, diskoa fabrikatu, banatu, saldu... guztia beren gain hartzeko hautua egiten dute sortzaile askok. Batzuetan inongo argitaletxek lana plazaratu arte zain egon nahi ez dutelako; bestetan, gauzak norberaren erara eta inongo loturarik gabe egitea gustatzen zaielako; euren lana kaleratzeko beste alternatibarik ikusten ez dutelako beste batzuetan. Durangon ere topa daitezke ohiko argitaletxe edo diskoetxeetatik kanpo lan egiten duten taldeak. Bakarrik edo kolektibo batean elkartuta.

Horietako bat da Bidehuts kolektiboa. 2006an sortu zen Lisabö, Inoren Ero Ni, Hotel eta Anari batu zirenean eta pixkanaka talde gehiago sartzen joan dira, azaroan «A ala B» diskoa kaleratu berri duen Willis Drummond esaterako. Baionako taldearen lehenengo diskoa autoekoiztua izan zen. «Taldea sortu zenean bagenuen gogoa grabatzeko nahiko laster, eta autoekoiztea erabaki genuen bagenuelako gogoa ateratzeko itxaron gabe norbaiten baimena edo sostengua, baizik guk atera, jendeari bidali, eta bisita karta bezala erabili. Sartu ginen autoekoizpenean pixka bat bortxaz», kontatu zuen Jurgi Ekiza taldekideak.

Bigarren lana Karlos Osinaga Txap-ekin grabatu zuten, Lisaböko eta Bidehutseko partaidearekin, eta «modu naturalean atera zen Bidehutsen sartzea». Plataforma honek egiten duena autoekoizpen kolektibo gisa definitu daiteke. «Nahiz eta Bidehuts zigilua izan, bakoitza da bere diskoen ekoizlea, autoekoizpenean segitzen dugu azkenean. Sare bat da elkarri laguntzeko. Badira kudeaketaz arduratzen diren batzuk, baina gero diskoak egiteko, ekoizteko, erabaki artistikoak bakoitzak egiten ditu bereak», azaldu zuen.

Bakarrik aritzeak baino, «familia» baten partaide izateak abantailak ditu Ekizaren ustez. «Diruz finantzatzeko bakoitzak bere aldetik egiten du, baina Bidehutsek erraztasun bat ekartzen du, sare bat, ohitura bat lan egiteko, banaketa batekin, fabrikaziorako ere badira harremanak fabrika batzuekin... Azkenean, lan batzuk kentzen dizkigute guri. Bakoitzak egiten du nahi duena, baina laguntza behar duenean badakigu badela beste jende bat laguntzeko. Azkenean bada familia bat sortzea musikalki edo artistikoki, ibiltzeko maneran zerbait komuna sortzeko. Mekanismo bat geure artean kalitatezko zerbait egiteko».

Urte honetan bertan sortu da Taupaka. MusikHerria itxi ondoren, filosofia berdinarekin jarraitzen duen elkartea da baina musikaz gain, beste diziplina batzuetara ere zabalik dago. «Uste genuen kultura askearen aldeko borroka horretan euskal mundua ez zegoela batere jarrita. Gure ustez garrantzitsua zen kultura librearen kontzeptua hedatzea, eta horretarako lizentzia libreak beharrezkoak ziren», azaldu zuen Gorka Chamorro elkarteko kide eta musikariak.

Copyleft zigilua duten musikari, idazle, antzerki talde, argazkilari eta bestelako sortzaileekin egiten dute lan. «Bulego moduko bat sortu dugu, autogestiorako garrantzitsua ikusten genuelako bai kontzertuak bai erakusketak edo hitzaldiak kudeatzeko, ahalik eta baldintza duinenak lortzeko gure sortzaileentzat».

Chamorroren ustetan, sortzaileei gehien kostatzen zaiena baldintzak negoziatzea izaten da. «Autogestioa planteatzen dugunean, taldeentzat ere autogestioa nahi dugu. Gu ez gara bitartekari batzuk, nahiz eta bitartekaritza erlatiboa egiten dugun baldintza duinak lortzeko helburuarekin. Ikusten genuelako baita sortzaileoi gehien kostatzen zaiguna hori dela, edo azokan nork bere burua agertzea adibidez. Guk ez diegu taldeei ezer kobratzen saldutako disko bakoitzagatik, stand-a jartzen dugu, taldeek egiten dituzte txandak, eta saltzen duten diru guztia beraientzat da zuzenean».

Aurtengo Azokan stand erdia hartu dute, Haladzipo kultur elkartearekin batera. Zortzi disko eta bilduma bat ekarri dituzte eta antzerki obra bat ere egin zuten Szenatokia gunean.

Bakarrik eta libre

Kolektiborik gabe baina autoekoizpenean kaleratu ditu azken diskoak Gose taldeak. «Guk lehenengo diskoa Euskal Herriko multinazionalarekin atera genuen, orduko Oihuka-n, Ritxi Aizpururekin. Eta egia da lehenengo diskoan sentitu genuela diskoetxe baten babesa zer zen», aitortu zuen Ines Osinaga abeslari eta triki jotzaileak. Bigarren lana ere Aizpururekin argitaratu zuten Baga-Bigan, baina gainerakoak autoekoiztuak izan dira. «Argitaletxearengatik ez balitz ez ginateke hemen egongo. Hasierako lan zikina egin ziguten. Gero trukua hartu genion eta guk egin genuen dena», erantsi zuen Iñaki Bengoa taldekideak.

Osinagaren hitzetan, «gurea ez da militantzia kontu bat, duintasun kontu bat besterik ez da. Gustatuko litzaiguke diskoak ez autoekoiztu behar izatea, guri gustatzen zaiguna diskoak egitea da, ez diskoak saltzea. Izan ditugu proposamenak diskoetxeetatik, baina ez guri gustatuko litzaigukeen bezalakoak».

Prozesua hasi eta bukatu beren erara egitea dute gustuko eta euren azken emaitzaren jabe izatea. «Autogestioak baditu bere gauza gogorrak, horretaz badakigu zerbait herri honetan, baina satisfazioak itzelak dira. Gosetik gustatzen zaizuna gure errua da eta gustatzen ez zaizuna ere bai. Gauzak egin nahi duzunaren arabera egitea eta ez merkatuak agintzen dizunaren arabera, inori baimenik eskatu gabe... Azokan egotea eta zuk nahi duzunari disko bat oparitzea inori baimenik eskatu gabe», esan zuen Osinagak eta aitortu zuen hautu bera egin zuen Su Ta Gar taldetik asko ikasi dutela, «hasieran stand propioa zuten bakarrak ziren».

Adibide hauez gain autoekoizpen mordoxka topa daitezke Azokan eta urtetik urtera gero eta talde gehiagoren aukera da honakoa, garai berriei erantzun ezberdinak emanez.

Euskal kulturak komunikabideetan duen presentzia urria aztergai

«Zergatik ez da euskal kulturgintza komunikabideetan ikusgarri?». Horixe izan zen atzo Durangoko Azokan areto nagusian egindako hitzaldiaren galdera. Alberto Barandiaranek gidatuta, Goizalde Landabaso, Urtzi Urrutikoetxea eta Karmelo Landa izan ziren hizlari. Landaren ustetan eta unibertsitatean lan talde baten bidez aztertzen ari direnaren arabera, euskararen instituzionalizazio maila edo «maila eza» da arazoa. «Instituzionalizatzen ez den hizkuntza menpeko izango da beti» eta euskal kultura hedabideetan ez agertzearen «errua eta erantzukizuna agintzen dutenena» dela esan zuen.

Radio Euskadin lan egiten duen Landabasok, erdal komunikabideetan lan eginagatik, kazetariak elebidunak izatearen garrantzia azpimarratu zuen. «Ezjakintasun handia dago erdal komunikabideetan euskal kulturaz. Ez dituzte bertsoak eta poemak bereizten. `Nire etxean' askok ez zekiten nor zen Xabier Lete hil zen arte». Ezjakintasun horri interes falta erantsi zion, batzuetan «intentziozko interes falta» eta gure produktua «saltzen» ikasi behar dugula azaldu zuen, orokorrean «euskaldunok dugun apaltasun genetiko» hori gainditu eta «ez harrokeriaz, baina harrotasunez joan mundura».

Urrutikoetxeak erdarek duten pisuaz hitz egin zuen, «Euskal Herrian izan zaitezke kulturan jantzia, unibertsitateko irakasle, kritikari... euskararik jakin gabe», eta Eslovenia edo Islandia bezalako herrialdeak ezin direla Euskal Herriarekin alderatu esan zuen, «herri txikiak dira baina beren hizkuntzan bizi dira %100ean». Bere ustetan euskara erabili beharko genuke geurerako eta ingelesa munduratzeko, «espainiarraren morrontza horretatik ez dugu pasa behar», esan zuen.

Durangoko Azokan egonik, Karmelo Landak esan zuen bertan euskal kulturaren sistema oso bat biltzen dela eta sistema horren parte direla hedabideak, horregatik ageri da Azoka komunikabideetan. «Beste sistema batean dabiltzanek ez dute ezagutzen. Eta behar ditugu horiek?». Azokak lau egun irauten ditu, ordea, eta hori nola zabaldu urte osora izango litzateke galdera eta erronka, bere ustetan. A.A.

GAUR AZKEN EGUNA

Gaur laugarren eta azken eguna izango du Azokak eta otsailaren 22an Bilboko BBK aretoan egingo den «Bertso-derbi» ekitaldia aurkeztuko dute itxiera ekitaldi modura. Athletic eta Real futbol taldeen arteko derbian sortzen den giroa, bertsolaritza eta harremana sustatu nahi dituzte ekimen honekin. 20.00etan izango da, Azokaren itxierarekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo