GARA > Idatzia > Kultura

Iratxe FRESNEDA | KazetariA eta Ikus-Entzunezkoetako irakaslea

Oroitzapenak eta lekuak

Zalantza asko sorrarazten dizkidate horrelako bilguneek, berton sortzen diren irakurle-musikazale eta sortzaileen arteko harremanak direla medio, erosten direnak gero irakurtzen ote direnen ingurukoak, «egiturei» dagozkienak... baina, beste alde batetik, Azokari esker ezagutu eta bizi izan ditudanak nire oroitzapenen artean maitekiro gordetzen ditut

Bakoitzak bereak izango ditu, oroitzapenak oroitzapen. Kasu honetan leku baten inguruan sortutakoaz ari naiz. Esparruak, biltokiak, plazak... Durangoko Azokaren (g)izaki espazioaz pentsatzen dudanean, Marc Augéren «Ez-lekuen» liburua datorkit burura. Ez-lekuak ez-leku, espazio bakoitzak bere giza harremanak sustatzen ditu. Aitortu beharrean nago zalantza asko sorrarazten dizkidatela horrelako bilguneek, berton sortzen diren irakurle-musikazale eta sortzaileen arteko harremanak direla medio, erosten direnak gero irakurtzen ote direnen ingurukoak, «egiturei» dagozkienak... baina, beste alde batetik, Durangoko Azokari esker ezagutu eta bizi izan ditudanak nire oroitzapenen artean maitekiro gordetzen ditut.

Zuetariko askok bezala susmatzen dut. Ikastolako kontuak, anaia exLURtarrarenak, parrandak, nire diruarekin erositako lehen LPa, Sarrionandiaren azken liburuaren gosea, «La montaña mágica»-rako berton egiten genituen irratsaioak...

Aitor-penekin ari naizela, horrenbeste jenderen artean Landako gunetik deseroso nabilela ere aitortu behar dut, ito egiten naizela. Liburuen artean kuxkuxeatzeko nahiago baitut bakardadea, lasaitasuna eta liburu saltzailearen arreta niretzat bakarrik izatea. Baina, hala ere, leku eta ez-leku arteko mugak gainditzen dituenak, noizbait, euskal kulturaren supermerkatua egoteak merezi du. Sobre-modernitatearen autopistetatik gabiltzanez, ezin ukatu euskarari dagokion txokoa, erakusleihoa, «gela propioa». Durangoko Azokak bere lekua dauka gure bizitzan, oroitzapenetan eta, batez ere, tokia egiten dio urtero-urtero euskal kulturaren merkatuari, ukaezina. Urte askotarako izan dadila.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo