GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | IJITO KULTURA AZOKAN

Volando voy... eta bertsotan nator, flamenko eta txalaparta Plateruenan

Ijitoak gonbidatu ditu aurten Azokak Durangora, beren kultura erakuts dezaten. Plateruenan egin zuten herenegun, flamenko musika bertsoarekin eta txalapartarekin uztartuz eta ikus-entzuleak dantzara bultzatuz.

p050_f01.jpg

p050_f02.jpg

Anartz BILBAO

Ijito herria da aurten Azokak Durangora gonbidatu duena, gure artean bizi den kultura izan arren sarritan ikusezin edo are, aurreritziak direla-eta, ezin ikusia pairatu behar izan baitute auzokideen aldetik.

Gauzak horrela, ijitoen kultura sustatu eta ezagutzera emateaz arduratzen den Kale dor Kayiko elkarteko kideek azoka sarreran txokoa egin dute, eta egunero-egunero aurkitzen ditugu bertan, txaloak jo eta jo irribarretsu. Atzo gainera, protagonismoan gora egin zuten Saguganbaran haur eta gaztetxoekin eta herenegun Plateruenan aurkeztu zuten emankizunarekin.

Goizeko 11.00etan, Bizkaiko ijito elkarteko emakumeen adarrak, Sim Romi elkarteko kideak, izan genituen Saguganbaran haurrei ipuin-kontaketan –gaztelaniaz, euskaraz pixka bat egin arren–, eta gaztetxoak txunditu zituzten, batez ere Tio Morok gitarra atera eta palma ikastarotxoa eman zuenean. Ez da zalantzarik, ijitoek erritmoa odolean daramate.

Eguerdiko jardunari txanda emanez, bazkalostean berriro ere ijitoak izan ziren Elkartetxean Azokak duen haur eta gaztetxoen gunean, Saguganbaran. Bertan, Sam Romiko neskato irribarretsuak gidatuta, aurpegi margoketa eta eskulanak egin zituzten bertaratu zirenek, baita txapak edo pinak ere, gero paparrean erakusteko, harro.

Txaloz eta makilaz

Baina atzo tailerrak egin baino lehen, ijito jendeak Plateruena flamenko gune bihurtu zuen herenegun, “Nire kera zurearen palian dao” fusio ikuskizunarekin. Oholtza gainean, ijitoek horrenbeste maite duten musika jorratzen duten hiru talde, eta beraiekin batera, bi txalapartari eta beste bi bertsolari; gaua itxi zuen Bienmesabe Burgosko izan ezik, gainerako guzti-guztiak euskal artistak ziren, bertsotan zein gitarran.

 Palmaz, kaxaz eta gitarrarekin lagunduta, Arkaitz Estiballesek eta Amets Arzallusek kantatu zuten hasierako agurra, Asier Gonzalez eta Urtzi Ugalde txalapartariekin batera. Gero Las Fanys bikoteak hartu zuen oholtza. Euskal Las Grecas batzuen antzera, eta umorez –«ez dugu entsaladarik nahi oraindik, tomateak bukaeran bota!», esan zuten– musika aurregrabatuarekin flamenko-pop doinuak kantatu zituzten, hiru txalo-jotzaile eta haur bat kaxan lagun zutela. Zalantzarik barik, ile mototsak borobilean astinduz egin zuten dantza izan zen harrigarriena, eta emakumeen aurkako indarkeriari eskaini zioten kantua –hitz propioz egina–,  emanaldiko unerik pertsonalena, bi nerabe zeberiotarrek ijitoen bizimodua goraipatzeko egin zuten emanaldi laburrean.

Horien ondotik Vembrulé izan genuen oholtzan –Barakaldoko Almachar elkartearen babesean sortua–. Fusio seikote sendoa, jai giroko zuzenekoa egin zuen taldeak buleriak eta tangoak ere bota zituen, “kexu” kantaera bikaina zuen Barahonak gidatuta. «Nik bateria jo izan dut betidanik, eta heavy zein rock musika ugari egin dut Euskal Herriko osoko oholtzetan», esan zigun honek, Ezkerraldeko Sasoi Ilunak taldeko bateria jotzailea izan zela argituta –Txuma Murugarren abeslari zuen taldea–. «Baina hura bukatu zen eta benetan gustuko nuen musika egitea pentsatu nuen, etxetik edan dudan flamenkoa», gaineratu zuen. Bost urte dira Vembrulé oholtza gainean dela, eta abeslariak berak autoekoiztutako “Cruce de caminos” dute lan bakarra. «Euskal Herrian diren andaluziar etxe guztiek deitzen gaituzte, horiek dira gure plazak». Beraiekin batera bi bertsolariek saiakeratxo bat egin zuten, ondoegi atera ez zena gure aburuz –tentso nabari genituen, eta ez dakigu bakarrik musika uztarketak eraginda ote zen–; «ederto egon da, zeresana emango du» esan zigun arren Vembruleko buruak. Ardo frantziar batetik hartzen du izena taldeak, «penak uxatzeko erabili ohi zutena».

Gaua borobildu eta ordu txikiak arte gaua luzatuz –dantza saiotxo bat inprobisatuz bukatu zuten, oinutsik–, Burgos aldetik etorri zen Bienmesabe boskote gazte eta alaia –«beti jainkoa lagun jotzen dugu. Idatzi ezazu hori gero!», eskatu ziguten adarra jotzen ziguten bitartean–. Eta honakoan bai, asmatu zuten bertso uztarketan: «Zein lasai ibiltzen ginen plazan bertsotan/Amets nola sartu ginen istori honetan» Estiballesek, eta «ez dakit baina tarteka zein gogo zein grina/nik ere nahi nuke, hegan aldegin» erantzun Arzalluzek, tartean Camaronen “Volando voy” kantuan zirela ijitoak... eta dantza zoroan ikus-entzuleak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo