GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Ezusteko porrota Miribillan Cajasolen aurka

Bilbao Basketek garesti ordaindu ditu hutsegiteak

Katsikarisen hanka sartze batek eta sevillarren erasoko erreboteek Mumbruren lan aparta zapuztu dute.

p034_f01_199x164.jpg

BILBAO BASKET 76

CAJASOL 79

Arnaitz GORRITI

Aurkariari errespetua galduz gero, azkenean porrotak iritsi egiten dira. Cajasol oso denboraldi txarra egiten ari da, baina, antza, Bilbon, azkenaldian ohi duen moduan, bere mailarik onena aurkitzen du. Iaz ere irabazle atera zen Sevillako taldea Miribillatik, baina iazko aldean sorpresa itzela izan zen atzo andaluziarrek Bilbao Basketen kantxan irabaztea, nahiz eta Aito Garcia Renesesen mutilek ongi merezita lortu garaipena.

Ez zuten beltzezko gizonek beren ohiko maila eman, ezta gutxiagorik ere. Bazirudien, nolabait esatearren, defentsan gogor sakatuz gero nahi bezala irabaziko zuten ustea zutela, baina bai zera! Andaluziarrek denboraldiko minuturik onenak jokatu zituzten Bilbon, hala erasoan nola defentsan. Satoranskyk, behingoagatik, saskia birrintzeaz gain taldea gidatzen ere badakiela erakutsi zuen. Bogdanovicek, Williamsek edo Joan Sastrek, berriz, jaurtitzaile finak direla garbi utzi zuten, eta, saskipean, Juanjo Triguerok, Williams eta Asburyren laguntzaz, min handia egin zion Bilbao Basketi. Erasoko errebotean batik bat, sevillarrak erabat nagusi izan ziren: orotara hemeretzi errebote harrapatu zituzten bizkaitarren uztaipean.

Mumbru, bikain

Hala ere, Bilbao Basket ez zen negargarri aritu. Bere mailaz behetik bai, Raul Lopez edo Hamilton esaterako, baina Alex Mumbruk, Rakovicek eta Kostas Vasileiadisek ongi baino hobeto jokatu zuten, Badalonako hegalekoak batik bat. Mumbruk neurketa itzela jokatu zuen: 24 puntu, lau errebote eta bi asistentzia, orotara 29ko balorazioa lortzeko. Partida amaitzeko 25 segundoren faltan, neurketa bilbotarrentzat izango zela zirudien saskiratzea ere erdietsi zuen kataluniarrak; 76-74ko emaitza jarri zuen markagailuan.

Zoritxarrez, gauza larregi atera zitzaizkien gaizki etxekoei. Cajasolen erreboteez gain, hamazazpi baloi galdu zituzten Katsikarisenek, eta sevillarrei aukera larregi eman zizkieten. Ez hori bakarrik, Fotis Katsikaris berak ere bere hondar alea ipini baitzuen etxekoen porrotean. Markagailuan Bilbao Basket 71-68 irabazten ari zela, Moermanek falta egin zion Bogdanovici serbiarra hiruko bat jaurtitzen ari zela. Katsikaris suziria bezala abiatu zen, errieta bizian, eta Redondo epaile nagusiak falta teknikoa adierazi zion. Greziarraren hitzetan, bere jokalariari kargu hartzen ari omen zen, baina epaileak ez zuen hala ikusi -Mumbru bera joan behar izan zen Katsikaris epailearengandik urrundu eta behingoagatik lasaitu zedin-. Bogdanovicek Cajasol aurretik jarri zuen, eta, hala, partida talde baten alde zein bestearen alde erortzeko moduko joko arriskutsu bihurtu zen. Mumbruk hartu zuen bilbotarren jokoaren ardura, eta, markagailua beste behin berdindu ostean, bizkaitarren alde jarri zuen partida barneraldi baten ostean.

Azken segundoetako zoritxarra

Alabaina, 76-74 zihoazela, Zisisek ez zuen Satoranskyren barneraldia geratu, eta txekiarrak «bi gehi bateko jokaldia» erdietsi zuen, Rakovicen faltaz baliatuz. Sei segundo falta ziren.

Cajasolek bonus-era iritsi aurretik falta bat egin zezakeen eta hala egin zuen. Hiru segundoren faltan, beste aukera bat zuten etxekoek, baina une horretan Zisisek laprast egin zuen eta Sastrek baloia ostu zion. Greziarrak, etsita, kirolez kontrako falta egin zion hegaleko gazteari, eta honek jaurtiketa libre bakarra sartu zuen. Hurrengo jokaldian berdina gertatu zen eta Sastrek beste jaurtiketa libre bat saskiratu zuen. Mumbruk partida berdintzeko hirukoa bota zuen, baina zorterik gabe.

Katsikaris: «ACB Ligan halako porrotak logikoak dira»

«Ez diogu Cajasoli errespeturik galdu», azpimarratu zuen hasteko Katsikarisek. «Beraiek ongi jokatu dute eta gure hanka sartzeak baliatu dituzte irabazteko, bai erasoan hartu dizkiguten erreboteak, baita galdu ditugun baloiak ere», gaineratu zuen.

Falta teknikoaren gainean, kritiko agertu zen greziarra. «Ez dut ulertzen halako eskarmentua duten epaileek nola adieraz diezaioketen falta tekniko bat bere jokalari bati errieta egiten ari zaion entrenatzaile bati».

«Halako porrotak logikoak dira ACB ligan, maila handikoak dira-eta talde guztiak», bota zuen amaitzeko greziarrak. A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo