GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Melling Sunseten irabazle eta Zietz Triple Crown itzuliko buru

Adam Mellingek irabazi du Triple Crown itzuliko bigarren proba Sunseten, baina Sebastian Zietzek jarraitzen du itzuliko lehen postuan.

p046_f01_148x136.jpg

p046_f02_199x173.jpg

p046_f03_148x92.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Adam Melling australiarrak irabazi du Triple Crown itzuliko hiru probetako bigarrena, Sunseten egiten den Vans Cup of Surfing txapelketa.

Haleiwan egiten den itzuliko lehen proba bezala, hau ere PRIME kategoriakoa da. Alegia, bigarren mailan izan daitekeen kategoria goreneko txapelketa da.

Itzuliko azken proba, berriz, lehen mailakoa da, bertan WCT zirkuituko 34 lehiakideek eta gonbidapen wildcard bat jasotzen duten bi surflariek soilik parte har dezakete.

Orain, txapelketa bakar bat falta da, Pipeline Masters, txapelketa erabakigarria. Bertan jakingo dugu 2013ko Triple Crown itzuliko irabazlea eta aurtengo munduko txapelduna nortzuk diren.

Adam Melling, 27 urteko lehiakide australiarrari, ezin hobeto etorri zaio Sunseten lortu duen garaipena; izan ere, garaipen honi esker, datorren urtean WCT zirkuituan egoteko postua ziurtatu du.

Melling egoera oso larrian aurkitzen zen txapelketa honen aurretik; izan ere, datorren urtean goi mailan lehiatzeko behar zuen postua kinka larrian zegoen. Garaipen honekin lortu dituen puntuei esker, ordea, datorren urtean WCTko 34 lehiakideen artean egon ahal izango du.

2013an WCT zirkuituko 34 postuak honako hauek beteko dituzte. Batetik, WCT itzulian lehen 22 postuetako bat eskuratu duten lehiakideek. Bestetik, WQS (bigarren mailako itzulia) zirkuituko rankingean lehen hamar postuetako bat eskuratu dutenek. Eta azkenik, arrazoi desberdinak direla medio (lesio baten ondorioz zirkuitua utzi behar izan duen lehiakidea edo lehiakide promesa esaterako) ASP erakundeak, gonbidapen wildcard bidez, goi mailan lehiatzeko aukera eskaintzen dien bi lehiakideek.

Melling, WCT zirkuituko rankingean 32. postuan aurkitzen da egun. Esan bezala, soilik sailkapeneko lehen 22 postuetan aurkitzen diren lehiakideek ziurtatzen dute hurrengo urterako beren lekua WCT itzulian, beraz Melling hortik kanpo geratuko litzateke.

WQS zirkuituan ere ez zegoen postu onean txapelketa honen aurretik, baina lortutako garaipenak eman dizkion puntuei esker, Mellingek, gora egin du rankingean, eta egun, 26. postuan aurkitzen den arren datorren urterako bere plaza lortu du WCT itzulian, zeren WQS zirkuituko lehen hogeita bost postuetan dauden lehiakideetatik hogei, WCT zirkuituan lehian dauden surflariak dira, eta hauek, WCT itzulian lortu dituzten emaitzei esker ziurtatu dute datorren urterako plaza. Beraz, Melling, WQS zirkuituko lehen hamar postuetan aurkitzen dela esan daiteke, eta ondorioz datorren urtean ere goi mailan izango da.

Melling bezala, Triple Crown itzuliko lehen txapelketa irabazi zuen lehiakidea ere, Sebastian Zietz hawaiiarra, WQS zirkuituko lehen hamar postuetan aurkitzen da, eta beraz, hau ere goi mailan (WCT) izango da 2013an. Gauzak horrela,WCT itzulian lehen aldiz parte hartuko duten surflarietako bat da Sebastian Zietz.

2013ko Triple Crown itzulian lehen postuan aurkitzen da Zietz. Itzuliko lehen txapelketa berak irabazi zuen Haleiwan eta, bigarren txapelketan, Sunseten, bigarren postua eskuratu zuen. Horri esker, itzuliko hirugarren eta azken proban parte hartzeko pasea lortu du.

Kontuan hartu behar da, Triple Crown itzuliko azken proba WCT mailakoa dela, eta ondorioz, ezin duela edonork parte hartu. Gainera, WCT zirkuituko azken proba ere bada, beraz txapelketa oso garrantzitsua da.

Soilik WCTko 34 lehiakideek eta bi gonbidatuek har dezakete parte Pipe Masters txapelketan. Kasu honetan beraz, Zietz, aurtengo Triple Crown itzulian lehen postuan den lehiakidea, gonbidatu gisa arituko da lehian Pipelinen datozen egunotan egingo duten txapelketan.

Ez da oso ohikoa gonbidapen wildcard bat jaso duen norbaitek lehen mailako txapelketa bat irabaztea. Egia esan, oso zaila da, zeren maila goreneko lehiakideak izaten dira uretan, esperientzia handiko surflariak, baina gertatu izan da gonbidatuak txapelketa irabaztea, Teahupon kasu.

Gertuagoko adibide bat jartzearren, aurten Hossegorren izan zen WCT itzuliko zazpigarren proba Kelly Slaterrek irabazi zuen, baina berarekin finalera iritsi zen lehiakideak, alegia Dane Reynoldsek, gonbidapen wildcard bati esker parte hartu ahal izan zuen.

Sunseteko eskuin olatua oso famatua da, Oahu irlako iparraldean surf egiten hasi zirenean arrakasta gehien izan zuen urautsietako bat izan baitzen. Itsaski handiak jasan ditzakeen urautsia da. Alegia, bi metroko olatuekin surf egin daiteke, eta baita sei edo zazpi metroko olatuekin ere.

Olatuak hasieran ur asko mugitzen du, horregatik surflariek taula handiak eramaten dituzte, olatua errazago hartu eta jaitsi ahal izateko, baina jarraian olatuak indarra galtzen du eta taula handi batekin ariketak egitea zailagoa da. Beraz, lehiakideek taula handiekin surf egiten dute eta olatuak indar hartzen duen gune bakoitzari ahalik eta etekin gehien ateratzen saiatzen dira.

Finalean lau kide izan ziren, bi eta hiru metroko olatuetan lehian, eta antzinako ariketak nagusitu ziren, floaterrak, tuboak eta batez ere taularen ertzak olatuaren magalean iltzatuz lorratz zoragarriak ateratzen zituzten birak.

Finalak iraun zuen artean Sebastian Zietz hawaiiarra nagusitu zen. Tubo eder bat egin zuen eta olatuaren indarguneetan bira indartsuak egin zituen. Adam Melling atzetik zuen, baina bazirudien australiarrak jada gailurra joa zuela, izan ere final laurdenetan txapelketako puntuazio altuena jaso zuen olatua egin zuen (9,4 puntu), eta berriz ere halako olatu eder bat egitea ezinezkoa zirudien, baina lortu zuen. Azken minutuetan 9,33 puntu bildu zituen olatu bat egin zuen eta modu horretan lortu zuen garaipena.

Gauzak honela, lehen postuan Adam Melling, bigarren postuan Gabriel Medina gazte brasildarra, hirugarren postuan Sebastian Zietz eta laugarren postuan Adrian Buchan australiarra geratu ziren.

Triple Crown itzuliko rankingari dagokionean berriz, Sebastian Zietzek jarraitzen du buru 10.950 punturekin. Bere atzetik, Adam Melling eta Alejo Muniz bigarren postuan, 7.200 punturekin. Eta hirugarren postuan, eta hauek ere berdinduta, John John Florence eta Gabriel Medina, 6.500 punturekin.

Orain, azken txapelketa falta da, garrantzitsuena, Pipe Masters famatua. Bertan erabakiko da Triple Crown itzuliko txapelduna nor den eta baita 2012ko munduko txapelduna nor den ere.

Aurten munduko titulua eskuratzeko aukera gehien duten lehiakideak hiru dira: Joel Parkinson, Mick Fanning eta Kelly Slater. Hala ere, hiru horien artean Mick Fanning da Hawaiin emaitza on gutxien bildu dituen lehiakidea.

Ranking orokorrean buru den Joel Parkinsonek hiru bider irabazia du Triple Crown itzulia, 2009an, 2006an eta 2002an. Munduko titulua, ordea, oraindik ez du inoiz irabazi.

Kelly Slaterrek berriz, munduko titulua hamaika bider irabazi du, beste inork baino txapelketa gehiago eta titulu gehiago eskuratu ditu, baina inoiz ez du lortu Triple Crown itzuliko koroa irabaztea. Aspalditik atera ezin duen arantza bat dauka Slaterrek lehiaketa honekin.

Zietz pipelinen

Triple Crown itzulian buru den Sebastian Zietz hawaiiarrak Pipelinen parte hartu ahal izango du. Soilik WCT zirkuituko 34 lehiakideek parte har dezakete proba honetan, baina Haleiwan eta Sunseten lortu dituen emaitzei esker gonbidapen wildcard bat eskuratu du.

Gonbidatuak

Ez da oso ohikoa gonbidapen wildcard bat jaso duen norbaitek lehen mailako txapelketa bat irabaztea, baina gertatu izan da, Teahupon kasu. Hossegorreko txapelketan finalera iritsi zen Dane Reynolds ere gonbidatu gisa lehiatu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo